Diario Vasco

Ruper Ordorikak 'Guria ostatuan' disko berria aurkeztu du

  • New Yorken grabatu du oñatiarrak Elkarrek argitaratzen duen lana

'Guria ostatuan' du izena Ruper Ordorikaren lan berriak. Diskoa osatzen duten hamaika abestiek hari sentikor bati lotuak ageri dira, eta oñatiarrak maisu batek bezala lotu ditu lan holistikoago bat lortuta. Guztien oinarrian abeslariaren estiloa dago, bere ahots hurbila eta doinu eskurakoiak. Urteetako ibilbide mamitsuan erabili izan dituen kodeak errekonozitzen ditugu oraingoan ere, tonu grabe eta agudoen artean berebiziko oreka, setazko kantuak, eta bihotz zabala.

Lehen kantuaz baliatzen da Oñatiko koblaria, entzulearengan sartzeko, bere barrenak epeltzeko, egunsentiaren argiak basoan egiten duten legez. Hortik aurrera ibilbide gustagarri bat proposatzen du, interpretazio bikainaren leuntasun apain bezain sujerikorraren laguntzaz. "Ireki iezadazu atea… dio, eta ateak zabal-zabal uzten ditu ondorengoentzat”, azaltzen dute bere disketxetik, hau da, Elakrretik.

Maila altueneko musikarien bila joan da berriro New Yorkera eta aurrekoetan bezala, denak batera zuzenean erregistratuta burutu da grabaketa (Tony Scherr, Kelly Wollesen, Jamie Saft). Musikarion esperientzia eta talentua pultsu honetan mantentzen jakin izana da, neurri handi batean, diskoak eskaintzen duen sonoritate deigarriaren arrazoia. Azpimarratzekoa da, bestalde, gerora Arkaitz Miner musikariak grabatutako biolin eta soken tratamendua.

Diskoaren doinu guztiak, hala nola hitz gehienak ere Ruper Ordorikaren konposizioak dira, hiru kantuotako hitzak salbu: ‘Kontserba fabrikaren aurrean’ Joseba Sarrionandiarena, ‘Mare nostrum’ Eva Linazasororena eta ‘Munduko ostatuetan’ Gary Snyder-ren jatorrizko olerkia Ordorikak egokitua. Oñatiarrak bere lan berria Donostiako Victoria Eugenia antzokian aurkeztuko du urtarrilaren 6an.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate