Diario Vasco

Pantxoa Carrerek disko berria dakar, 'Anaitasunean'

  • Kantari lapurtarrak berezkoa duen estiloari eusten dion diskoaren zuzeneko aurkezpena azaroaren 20an egingo da Donostian

Iragan mendeko 70eko hamarkadan, euskal musikan izan den bikoterik ezagunenetakoa osatu zuen Pantxoa Carrerek Peio Ospitalekin batera. 1975ean argitaratu zuten aurreneko diskoa, bien izen-abizenak zituena. Sekulako arrakasta izan zuen aurreneko disko hartako lehen abestia Telesforo de Monzonen hitzetan oinarritutako 'Batasuna' ('Aupa gizona, jeiki mutil...') zen, ikusteko norainikoa izan zen lanaren hedapena...

Hurrenez hurren 1948an Lapurdiko Ezpeleta eta Azkainen jaiotako Peio Ospital eta Pantxoa Carrerek ez diote sekula utzi kantatzeari, eta orain Pantxoa dator disko berri batekin. 'Anaitasunean' du izenburua, Elkar etxeak argitaratu du eta azaroaren 20an aurkeztu du zuzenean Donostiako Antzoki Zaharrean.

«Hastapen berri bat» da diskoa Carrerentzat, hori osatzeko aukeratu duen materiala ez izan gaur-gaurkoa. Bere abesteko modu goxo eta melodikoari ere eusten dio, garai onenetan bezala. «Herria, herritarrak eta kantua, triangelu sinergiko hori urrez harilkatu du orain arteko denboran eta triangelu berdinean mugitzen da oraingoan ere, disko berri honetan aurkezten dituen kantu gozo eta zotiletan», irakur daiteke diskoaren berri emateko zabaldu duten oharrean.

Manex Pagola, Daniel Landart, Manex Erdozaintzi Etxart, Leon St. Esteben, Xalbador eta Etxahun Iruriren hitzak bildu ditu diskoak, eta berak sortuak ere badaude. Denak ere gai bertsuen ingurukoak dira: askatasun gosea, maitasun beharra, hizkuntza eta kulturarekiko konpromezua, gure herri txikiaren geroa, esperantza... Iñaki Diéguez ekoizle artistikoak eta musikariek ere ildo horri eutsi diote. Donostian abiatuko den bidaian bakarka ariko da hurrengo hiletan Pantxoa Carrere, «bere lirikaren ahala erakutsiaz publikoaren erantzun eskuzabala jasotzeko, duela 45 urte bezala».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate