Diario Vasco

Starblues taldearen estreinaldia

Jon Barreros eta Yon Labayen, astearte honetan Donostian.
Jon Barreros eta Yon Labayen, astearte honetan Donostian. / MICHELENA
  • Disko berriko zortzi abestietatik, zazpi blues estilo garbikoak dira; lau laguneko taldea da, erdiak ordiziarrak, besteak tolosarrak

Starblues taldeak bere lehenbiziko diskoa plazaratu du, ‘Gu geu’. Gaztelupeko Hotsak etxearen bitartez. Euskarazko bluesa egiten duen taldea da, dagoeneko sei urteko ibilbidea daukana, eta lehenengo disko honetan zotzi abesti bildu ditu, horietako zazpi blues kutsu garbikoak, zortzigarrena rock aldera ere arrimatzen dena.

Ordiziako Musika Eskolan ikasitako Jon Barreros da taldearen ‘alma materra’. Honek ipintzen ditu ahotsa eta gitarra. Herri eta eskola bereko Urko Ruiz de Apodakarekin (baxua) elkartu zen aurrena, eta gero beste bi lagun batu zitzaizkien, biak tolosarrak: Yon Labayen (pianoa eta organoa) eta Fermin Etxeberria (bateria).

«Erritmo motela ibili dugu sei urteotan. Guztira 25 bat kontzertu egingo genituen. Baina gertatzen da denok lan finkoa dugula eta denbora gehiegi ez. Ez gara estresatzen, hobby bat da. Orain, diskoa atera dugularik, espero dugu emanaldi gehiago egiten hastea», esan du Barrerosek. Orain, hasteko, Ordiziako D’Elikatuz aretoan egingo dute aurkezpen kontzertua ostiral honetantxe, arratsaldeko 7:30ean.

Fredi Pelaezen laguntza

Diskoa egiteko Fredi Pelaezek Beasainen daukan Pottoko estudiora jo zuten. «Fredik asko lagundu digu. Berak oso ondo jotzen du hammonda eta Yonekin batera jardun da diskorako. Dena asteburu batean grabatu genuen, baina gehiena larunbatean. Lokaletik ondo prestatuta joan ginen grabazio-lekura», esan du Barrerosek.

Letra guztiak Barrerosenak dira, eta doinu gehienak ere bai. Badira Labayenek konposaturiko bi abesti ere. Zenbaitetan, New Orleanseko estilo petoa ageri da.

Diskoko azken piezak kutsu komertzial dezentea dauka. «Ez da nahita izan, baina hala atera da», adierazi du kantari ordiziarrak.