«Munduko kontakizunik onena, edo nik irakurritako onena behintzat»

Josu Zabaleta/Sara Santos
Josu Zabaleta / Sara Santos

Lev Tolstoiren ‘Hadji-Murat’ eleberria euskarara ekarri du Josu Zabaletak. Kaukasoko XIX. mendeko borrokak azaltzen ditu

FELIX IBARGUTXIDonostia

Lev Tolstoiren 'Hadji-Murat' eleberria plazaratu du Meettok etxeak, Josu Zabaletak euskaratuta. Ez da nolanahiko obra. Harold Bloom kritikari ospetsuak honela epaitu zuen: «'Hadji-Murat' da niretzat prosazko fikzioaren goreneko gailurra, munduko kontakizunik onena, edo nik inoiz irakurri dudan onena behintzat». Eta Josu Zabaleta itzultzaileak: «Kasik-kasik, nobela nola egin erakusten duen esku-liburua da».

Kaukaso aldeko Dagestaneko gerra-komandantea izan zen Hadji-Murat. Errusiar inperioa XIX. mendearen lehen erdian Kaukasoko mendietan ari zen konkista -eta asimilazio- politikaren kontrako erresistentziako buruzagia izan zen. Bi botere kontrajarriren artean harrapaturik egon zen: alde batetik Shamil, islamdar erresistentziako buruzagi nagusia, Hadji-Murat harrapatzeko haren familia bahiturik daukana, eta errusiar gudarostea, Hadji-Murat itxuraz babestu, baina familia askatzeko egiazko laguntzarik ematen ez diona.

Zortzi urteko idazketa

Azkenik 1852an aurkitu zuen heriotza Hadji-Murat. Tolstoik berak ez zuen ezagutu, baina ordurako izugarri zabaldua zegoen haren hotsa Errusian barrena.

Tolstoik bereziki landutako nobela da hau. «'Ana Karenina' idazten sei urte eman zituen. Hau idazten, berriz, zortzi aldiz txikiagoa izanda ere, zortzi urte eman zituen. Oso ondo dokumentatuta idatzi zuen».

Zabaletaren iritziz, nobelak «egitura filmiko bat dirudi, bere elipsiekin, bere flash-backekin. Ez da lineala inondik ere. Kontaera Hadji-Murat errusiarretara aldatzearekin hasten da, baina Hadji-Muraten ordu arteko bizitzaren berri XI. kapituluan hasten zaigu kontatzen».

1904an eman zuen bukatutzat testua. Hala ere, bizi zen artean ez argitaratzea erabaki zuen, seguru baitzegoen zentsurak ez ziola onartuko eleberriaren testua, idatzita zegoen bezala, halaxe gertatu baitzitzaion lehendik ere beste hainbat testurekin. Hala eta guztiz ere, 1912an argitaratu zuen lehenengo aldiz Txertkovek, Tolstoiren idazkari eta argitalpenen arduradunak. Aldi berean argitaratu zen Errusian eta Berlinen: Errusian goitik behera zentsuratuta, eta Berlinen zentsuratu gabe, osorik.

Zabaletak itzulpena egina zuen «bere gustuz» eta ondoren Meettok etxeari eskaini zion. Orain dela urte gutxi batzuk errusiera ikasten hasi zen. «Uste dut hizkuntza desberdinak ikasteak asko laguntzen diola itzultzaileari, hartara lanean ari denean automatiko ez diren soluzioak topatuko ditu, soluzio sortzaileak, alegia», adierazi du aurkezpen-ekitaldian.

Zabaletak Donostiako errusiar literaturazale bat, Nataliya Myslyvets, izan du irakasle, eta beronen laguntzarekin burutu du itzulpena ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos