Munduko ehun behartsuenak

Artxiboko argazkian, Kongoko emakume bat egur-karreoan. / Jerome Delay/AP

Bakearen aldeko funtsak munduko aberatsenak kokatzen, zenbatzen eta ordenan jartzen dituen Forbes aldizkariko zerrenda famatuaren alde iluna plazaratu du: The Bottom Hundred du izena

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Forbes ekonomia aldizkariaren esanetan, planeta honetan milioi asko dituzten gizakiak 2.043. The Fund for Peace-en datuen arabera, planeta berean 800 milioi lagun gose dira. Forbesek urtero egiten duen ikerketak dionez, munduan badira izugarri aberatasak diren 227 emakume. Bakearen aldeko funtsaren salaketari kasu egiten badiogu, lur honetako ehun behatsuenetatik 45 dira emakume (askoz gehiago kontu egiten badiogu errealitateari: gizonezko behartsuenen arteko kasik denek emaztea baitute. Eta alabak. Berez, pobreziaren alde femeninoak ez du ez mugarik, ez etenik.

Milioi gehien dituen emakumea Liliane Bettencourt da. 96 urteko emakume honek, zahartzaroko dementziak jota den L'Oreal kosmetika inperioaren jabeak, 36.335 milioi euro ditu. PAFeko zerrendan lehengo postuan dagoen Keniako Paulina Akhai Johnek bi dolar lortzen ditu egunean (zorte ona duenean) sutarako adarrak mozten, jasotzen, saltzen. Forbesek esana: gizonezkoen artean Bill Gates da dirutza handiena duena: 86.000 milioi dolar. PAFak salatua, bere The Bottom Hundred zerrendako gizonezkoen sailkapenean berdinketa dago lehenengo postuan. Tibeten jaiotako Sonamek 2000 urtean ihes egin zuen bere herrixkatik hezkuntza eta etorkizunaren bila, desioan. Egun, oraindino, ez du ezer berea. Ez dirurik, ez arroparik, ez… Luis Panilla Txilekoa dugu. 4 dolar eskuratzen ditu egunean latak eta potoak jasotzen. Ez da ikasia. Jazten duen arropa baino ez du berea. Mekanikalari batek uzten dion ezertarako balio ez duen kotxean egiten du lo…

Jennifer Pritzker emakume transgeneroa da. 1950ean jaio zenean James Nicolas jarri zioten izena, industria militar aurreratuenean buru zen(den) bere familiak. 2013an Jamesek, Estatu Batuetako koronelak, adierazpen bat plazaratu zuen. Jada ez zen James Nicolas, Jennifer Natalya baizik, ehun aldiz milioiduna (1,8 mila milioi dolar ditu) den lehendabiziko emakume transgeneroa. Senideek baztertua, milioiak eman izan ditu Jenniferrek sexu identitateaz arduratzen diren hainbat elkarteri. Forbes zerrendan dagoen pertsona transgenero bakarra da J.N.

The Bottom Hundredeko 69.postuan den Patrick Muwonge sailkaketa honetako transgenero bakarra dugu ere. Ugandakoa, familiak bere herritik uxatua, Nairobin hartu zuen aterpe. Alferrik. Jazarpena ez zen bukatu. Mehatxuak. Erasoak. Patrickek ez zuen lan egiterik, etxetik atera bezain pronto arriskuan zen-eta. Lanik ez, dirurik ez, jatekorik ez. Eta, jakina asko, sentitzen den emakume hori bilakatzeko aukerarik, laguntzarik ez. Egun, errefuxiatuen kanpamendu batean bizi da. Han ere, babes beharrean. Iheslarien esparrua zaintzen dutenen bulegoaren ondoan bizi izan behar du oraindik bere kontra darraiten erasoetatik libre ahal izateko.

Antzekoa da PAFeko 52. postuan dagoen Patricken aberkidea den Christopher Mwanjeren egoera latza. Homosexuala izanik, hainbat talde paramilitarrek jazarri eta jipoitu zuten. Egin zioten xantaia. GKE batzuren laguntzaz ordaintzen ez jarraitzea lortu zuen, eta etsaien mendekua izugarria izan zen. Lau haizetara zabaldu zuten bere homosexualitatea. Lana galdurik, hilurren utzi zuten kalexka batean, kolpez ia akabaturik

Ederra da oso Christopher eta badaki ederra dela. Nahiz eta horren egoera latzean bizi, bere gorputza, bere bizarra, bere orrazkera zaintzen ditu. Aterpe hartu duen herrialdetik horren urrun ez den gure munduan seguru Dolce&Gabbana arropa markaren modelo lirain horietako bat izan zitekeela.

Dolce&Gabanna… Arropa etxe honetako sortzaileak diren Domenico Dolce eta Stefano Gabanna diseinatzaileak euren burua homosexualtzat azaldu duten milioidun horien artean aberatsenetarikoak dira: Domenicok 1.410 milioi dolar ditu. Stefanok, berriz, 1.430.

Munduko ehun aberatsetan aberatsenak aipatzen jarrai genezake. Bukatu arte. Munduko ehun pobretean probreen aipua ez genuke, alta, sekulan amaituko. Ehun ez baitira 800 milioi baizik. Informazio gehiago nahi izatera, begira itzazue bi zerrendak: aberatsenena eta txiroenena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos