Miren Amurizak irabazi du Igartza eleberri-saria

Amuriza, Donostiako Elkar liburudendan
Amuriza, Donostiako Elkar liburudendan / Michelena

Zaintza dela eta familia batean gertatzen diren gatazkak kontatuko ditu

Felix ibargutxi
FELIX IBARGUTXIDonostia

Miren Amuriza bertsolari eta zutabegileak irabazi du hogeigarren Igartza Saria, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatua. Paperezko txoriak du izenburua aurkeztutako eleberri-proiektuak, eta zaintzak eragiten dituen gatazkak dira bertako ardatza.

Baserri batean bizi den Sabina Leizardi amona, 80 bat urtekoa, da protagonistetako bat, seguru asko nagusia. Bere buruaz beste egiten saiatzen da eta horrek lurrikara sortzen du familiako kideen artean. Alaba Karmelek hartua du Sabinaren zaintza, beldurragatik. Obsesionatu egingo da eta ama infantilizatzen hasiko da, gizarte honetan askotan gertatzen den bezala, Amurizak aurkezpenean esan duen moduan. Beste protagonista bat Oihal da, Sabinaren biloba; honek, berriz, ama Karmeleren zaintza hartzen du bere baitan, erloju-kontrako bat eginez, eta kasu honetan ere harremanak ez dira oso gozoak.

Hogeita sei urteko gaztea izanagatik eskarmentu handiko bertsolaria da Miren Amuriza. "Asko motibatzen nau eleberri honek. Zortekoa sentitzen naiz, betidanik asko gustatu baitzait irakurtzea eta idaztea", adierazi du. Uste du Berria egunkarian egunero publikatu ohi duen zutabea "entrenamendu ona" izan dela.

Pentsatua du istorioaren egitura. Lehenbizi, suizidio-saiakeraren aurreko tentsioa kontatuko du. Ondoren, Sabinaren saiakera hori eta horrek familian sortzen duen nahasmen eta desorientazioa. Handik aurrera, "Sabinaren berreraikuntza" azalduko du. Eta, bukatzeko, hurrengo "krisi baten atarian" utziko du irakurlea.

1950eko hamarkadaraino egingo du atzera eleberriak. Orduan Sabinak neskame-lana egin zuen aberats batzuen etxean, eta han ari zela pintore mutu batek erretratu batzuk egin zizkion. Hain zuzen ere, margolan horiek berreskuratzen saiatuko da Oihal biloba. Idazleak ez du zehaztu Oihal neska edo mutila den. "Euskarak horixe du ona, ez duela genero-markarik".

Miren Amurizak uste du zaintza dela gaurko gizarteko harreman-sareko ardatzetako bat. Eta bakardadea ere oso presente dagoela hainbat familiatan. Baserri batean kokatu du istorioa, eta iruditzen zaio "kontestu inpaktantea" dela. "Estetikoki erakargarriak dira baserriak, beren harri eta egurrekin. Sinbolikoki ere garrantzia daukate. Pentsa dezakegu baserria galduko dela, euskara ere galduko dela, baina ez dut hori modu agonikoan ikusi nahi. Karga horretatik libratu beharrean gara. Gainera, hori ere eraberritzeko aukera daukagu".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos