Mexikoraino iritsi da Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako opera

Mexikoko emanaldietako batean egindako argazkia./Topic
Mexikoko emanaldietako batean egindako argazkia. / Topic

Haurrei zuzendutako txotxongilo operaren gaztelaniazko bertsioa UNAM unibertsitateak antolatutako jaialdi batean aurkeztu dute

Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handia, asko bidaiatutako gizona izan zen, Europan barrena ibili baitzen, 'euskal erraldoi' gisa, bere gorpuzkera izugarria erakusten. Hainbat urtez gutxietsia eta munstro bat izango balitz bezala tratatua, beste hainbatez ahaztua, azken urteotan apartek ahaleginak egin dira 1818 urtean Altzon jaiotako ia 2,30 metroko gizon puska hura nor eta nolakoa zen argitzeko. Ahalegin horietako bat izan zen iaz estreinatutako 'Altzoko Handia' haurrentzako txotxongilo opera. Beste bat izango da laster heltzekoa den Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den Aitor Arregi eta Jon Garañoren 'Handia' filma.

Opera, Tolosako Topic-ek jakinarazi duenez, Mexikon aurkeztu dute, UNAM unibertsitatean antolatu duten IMPULSO jaialdiaren baitan. Abuztuaren 19tik irailaren 24ra izango da unibertsitateko Teatro Juan Ruiz de Alarcón antzokian, gazteen produkzio eszenikoa sustatzeko helburua duen jaialdian.

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren produkzio hau, Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarekin elkarlanean sortu zena, gaztelaniazko bertsioan eskainiko dute, Mexikoko ikuslegoari zuzenduta. Topic-eko zuzendari Idoya Otegi eta David Azurza operako musikagilea bertan izan dira estreinaldian, obra aurkezten Etxepare Euskal Institutuaren babesaz.

Ikuskizunak Migel Joakin Eleizegi bizitza eta ibilerak kontatzen ditu, Koldo Izagirreren testuan oinarrituta. Emmanuel Márquezek zuzendutako lanari David Azurzak jarri zion musika. Ikuskizunari, bestalde, aparteko balioa eransten diote Nestor Basterretxean diseinatutako txotxongiloek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos