Mendiak eta mendizaleak 584 orrialdeko liburu mardulean

2011an Eibarren egindako argazkian, kartela eskuan duela, Haritz Monreal, Juan San Martin beka jaso zuen egunean. Alboan ditu Oier San Martin, Junkal Txurruka eta Esther Kareaga. / Morquecho

'Mendi litetatura' liburua aurkeztuko du Donostian Haritz Monrealek

Juan San Martin (Eibar, 1922-Hondarribia, 2005), arlo ugari jorratu zituen gizona, mendizale amorratua zen beste, gauza askoren artean. Hori dela eta, 2001 urteaz geroztik Eibarko Udalak eta UEUk sustatzen duten bekak, 2011. urteko edizioan, mendia izan zuen gai nagusi. Eta beka hura Haritz Monreal UPV/EHUko irakasleak irabazi zuen, mendi literaturari buruzko proiektu bat garatzeko. Filologo eta mendizale, doktorego tesia egiteko orduan ere gai horri ekin zion, eta emaitza izan da Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Argitalpen Zerbitzuak argitara eman duen 'Mendi literatura', 584 orrialdeko liburu mardula.

Ostegun honetan, 19:00etan, Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan, Donostian, aurkeztekoa den liburuan Euskal Herrian eta nazioartean argitaratu den mendi literatura bildu du Monrealek, eta horren bilakaera aztertu du. Egileak berak dioenez, "menditik pasatu dira profetak, Antzinatean, jainkoen bizilekutik jaitsita errebelaziozko mezua zabaltzeko; naturalistak, Errenazimentuan eta Ilustrazioan batez ere, natura ezagutu eta deskribatzeko; Erromantizismotik aurrera, poetak, inspirazioaren nahiz sentimendu intentsitatearen bila; esploratzaileak, lurraldea bereganatzeko; filosofoak, transzendentzia lortzeko; jakitunak, lurraldearen alde material nahiz espirituala interpretatzeko; emakumeak, gizartean pairatzen dituzten bidegabekeriei bisibilitatea emateko; muturreko eskalatzaileak, nazioaren edo norberaren ohorea xerkatzen; mendizale, alpinista eta eskalatzaile apalak, abenturaz eta naturaz gozatzeko. Horiek guztiak aurkituko dituzu honako lan honetan".

Lana lagungarria izan daiteke, besteak beste, maiz gutxietsia izan den generoa dagokion tokira eramateko eta mendiaren eta mendizaletasunaren inguruan idatzitako lanei hedapen zabalagoa emateko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos