Mendiak buruan, ametsak gailurrean

'Montaña' filmeko fotograma./
'Montaña' filmeko fotograma.

Amaitu berri den Donostiako Zinemaldian, mendirik altuenak eta ezin konkistatuzko gailurrak inspirazio dituen film batek itxi zuen Savage Zinema saila. Bertan Robert Macfarlaneren hitzak dira kontakizunaren gidari

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Macfarlane idazle britaniarra dugu. Izkribatzea amets, ofizio, tentazio, xede bakarra duten horiek desiratzen dituzten sari eta goraipamen kasik guztiak bereganatu ditu. The Guardian First Book Award, The Somerset Maugahm Award, mendiei buruzko literatura saritzen duen The Boardman Tasker Prize.

Garaikur horietako gehienak Mountains of the Mind (gaztelaniaz 'Montañas de la mente' bezala argitaratu zen) liburua dela eta lortu zituen. Bertan, Mendebaldeko gure mundu honetan mendiekiko dugun harremanaren aldaketa harrigarria eta askotan adierazezina suertatzen den lilura aztertzen ditu. Malenkoniaz. Samin. Pentsakor. Gailur horietan bizi diren espiritu onek ala gaiztoek oraindino sorgindurik.

Jennifer Peedom zine zuzendari eta mendizalea Macfarlaneren lanetan dauden hainbat eta hainbat gogoetarekin bat dator eta horregatik, lan ikaragarria, lan erraldoia, lan berdingabea den Mountain filmerako hartu izan zituen hizpide, ikuslea ahoa bete hortz uzten duten irudi horien barruko hezurdura literario gisa.

Macfarlaneren esanetan, mendietan gorantz, gorantz, gorantz doazenen askok eta askok euren burua maitatzen dute sakon alde batetik baina aldi berean, nahiz eta arras kontraesankorra izan, euren nia ezabatu nahi dute. Esan zitekeen norberaren egoa urtu nahi dutela betierako elur horietan.

Macfarlaneren hitzetan, gaurko gizarte gurean badirudi mundua gizakiok sortua dela. Norentzat? Gizakiontzat! Gure egunerokotasun eroso honetan dena kontrolpean dugula uste dugu. Arriskua gure aldamenetik uxatu dugu. Beti gara salbu. Ez euria, ez elurra, ez haizea ez itsasoa ez dira gurean sartuko. Dena dugu eskura. Joandako garaietan helezinak ziren lurretara goaz orain oporretan. Ez, ez gaude arriskuan. Baina ez, ez gara ase, ez gara unibertsoa mirariz gainezka zela uste zuten gure arbasoak izan ziren izaki bete horiek

Horrexegatik, Macfarlaneren iritziz, bai itsasoaren maiestateari, bai lotan ala borrokan dauden erraldoiak diruditen mendiei egiten diegu so enkantaturik. Gorantz joan nahi dugu barruko kezka, hutsune, erremina asetu nahi desesperatuan.

Duela gutxi arte ezberdina zen gure begirada. Iritsiezinak zirenez, elezarrez estaltzen genuen haraino igotzeko ezina gurea. Greziarrek Olimpo mendia zuten jainkoen bizileku. Yavhék Sinai mendian eman zizkion Moisesi Hamar Aginduak. Anboton zegoen (dago) Mari... Mendiak. Iritsiezinak. Haien hegaletan itxaroten zuten Herioa hainbeste herrietako adinduek. Hegietan. Gailurretan sekulan ez. Tontorretan jainkoek eta izpirituek baino beste inork, beste ezerk ez zuen lekurik, joaterik.

Baina teknika eta teknologiaren aurrerapenek mitoen suntsipena ekarri zuten. Hegan egin ahal zuen gizakiak eta tontor horien gainetik pasa zen hegazkinez, helikopteroz. Eta jainkorik ez zuen ikusi. Eta Yetia ez zuen antzeman. Eta erraldoia lotan zegoela eta ez borrokan, lasai eta ez haserre pentsatu zuen. Eta haraino igotzearekin egin zuen amets. Eta dirua eta bitartekoak zituenez ekin zion bideari

Lehendabizikoak ez ziren horrelakoxeak. Macfarlanek eta Mountain film miresgarriaren zuzendariak ederki dakite hori. Mundu elurtu horiek estreinakoz zapaldu zuten aitzindari prestuak benetako heroiak izan ziren. Ameslariak. Mendiarekin bat egin baino, mendian ezabatu, disolbatu nahi zuten euren burua.

Gero suertatu zen gerokoa Geroxeago agertu ziren diruak eta teknologiak dena lor, dena menpera dezaketela uste duten sineskor harroxko besteak

Hori guztia eta askoz gehiago kontatzen dute Robertek eta Jenniferrek parekorik ez duten liburuetan eta film horretan. Filmean, musika lagun. Lagun baino, zeluloidea pizteko beharrezkoa zen metxa, mukia, sua. Sidney Opera Houseko Orkestaren mandatua izan zen Mountain. Beraz, erraldoiak dantzan dabiltzala Beethoven, Pärt, Grieg eta antzekoak entzuten dira. Baina ez akonpainamendu gisa soilik. Ezta pentsatu ere. Musikak askotan, sortarazi baino probokatu egiten du irudia.

Filma Bilboko Mendi Festibalean izango da ikusgai abenduan. Macfarlaneren liburuak salgai, eskuragarri dituzue edonon.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos