«Mendia Antzinatetik agertu izan da literaturan»

Haritz Monreal, aste honetan Donostian.
Haritz Monreal, aste honetan Donostian. / JOSE MARI LÓPEZ

Doktore-tesian oinarrituta, 'Mendi-literatura' liburua argitaratu du Haritz Monreak EHUko irakasleak

FELIX IBARGUTXIDonostia

Haritz Monreal Zarraonandiak 'Mendi-literatura' liburua publikatu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen 'Euskal literatura saila' bildumaren barruan, bertako 16. titulua delarik. Doktore-tesian oinarritutako obra da eta helburua du mendiak literaturan –eta bestelako testu idatzi batzuetan– izan duen isla eta oihartzuna agertzea.

Irakaslea da Haritz Monreal (Bilbo, 1969) eta orain Euskal Herriko Unibertsitatean ari da. Gaztetatik izan da mendizalea, eta eskalada ere egin izan du.

Ostegunean, uztailaren 13an, Donostian Club Vasco de Camping elkarteak daukan egoitzan aurkeztu zuen emaitza. Hitzaurrean dioen bezala, hasieran muturreko eskalatzaileen narrazioek erakarri zuten Monreal, hala nola Catherine Destivelle frantziarrarenek eta Jim Bridwell estatubatuarrarenek.

Esparru zabala hartzen duen obra da. Hasteko, mundu mailako errepasoa egiten du. Liburuan, honela mintzo da Antzinateaz: «Mendia Antzinatetik agertu izan da literaturan. Alde batera utzirik ahozko literatura, mendiak isla izan du, lehenik, erlijioan, mitoetan. Garaiera eta jainkotasuna betidanik izan dira harremanean».

Erdi Aroan ere badaude mendizaletasunaren albisteak. Aragoiko Pedro III.ak, antza helburu erlijioso edo militarrik gabe, XII. mende bukaeran Pirinioetako Canigó mendia igo zuen, garaiko kronika eta tradizioen arabera.

Ilustrazioak mendia biziki estimatzea ekarri zuen. Horace-Benedict deSaussure genevar fisikari aristokratak bultzaturik, 1786an Non Blanc (4.810 m.) igo zuten Chamonixeko Balmat gidariak eta Paccard medikuak. Hurrengo urtean, Saussure bera igo zen, Horazioren odak soinean zituela.

Dena dela, Euskal Herriko kasuek hartzen dute orrialde gehien. Monrealek kontatzen duenez, Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) Txindokiko tontorrera igotzen zen, paisaiaz gozatzea beste zereginik gabe. Donostiako kaian zeuden ontziak ere ikusten omen zituen handik. «Guk baino ikusmen hobea izango zuen», esan zuen Monrealek Donostiako aurkezpenean, bertaratuak barrez jarri zituelarik.

Miguel de Unamunori lerro asko eskaintzen dizkio, pentsalari hau, mendizale izanik, asko idatzi baitzuen mendiaz. Eta, bukaera aldera, Euskal Mendizale Federazioaren 'Pyrenaica' aldizkaria aztertzen du luze.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos