«Mendebaldeko euskarak aberastasun ikaragarria dauka»

–Itzuli dituzun Rosalía de Castroren poema askori darien musikaltasuna, euskarak eman die, edo galegoak?

–Galegoaren arrastoa da hori, dudarik gabe. Hala ere, naturaltasunaren eta musikaltasunaren alde horretatik koplaren batzuk oso antzekoak dira euskaraz eta galegoz neurrian, erritmoan... Horiexek izan dira itzultzen errazenak. Azken finean, mundu rural hartan antzekoak ziren irudiak, erromerietan esaten ziren pikardiak, soluzio berdintsuak aurkitzen zituen gizakiak...

–Mendebaldera egin duzu nabarmen euskarari dagokionez. Galiziara hurbiltzeko, ala?

–Alde batetik, oso mireslea naiz dialekto horrena. Uste dut izugarrizko aberastasuna daukala, gipuzkera hiperesplotatu honek ez dauzkan gauzak gordetzen dituela. Pixkanaka ari dira sartzen batuan; hala hobe, behar du gainera. Beste alde batetik, eta barkatzen ahal didate bizkaitarrek, zahar kutsu bat eman nahi nion lanari, XIX. mendeko autore batena zela nabarmentzeko. Batuan nola eman zahar kutsu hori? Egin daiteke gaztelaniara joz, euskararen historian hainbatetan egin den bezala. Beste soluzio bat da dialektora jotzea, batu ofizial eta telebisiboan oso erabiliak ez diren hitzetara. Bizkaierak daukan pisu demografikoarekin presentzia handiagoa eduki beharko luke euskara batuan, baina egin zen moduan egin zen, eta periferiko gelditu da... Niri oso ondo zetozkidan bizkaierazko pintzelada horiek.

–Rosalíak ere hartuko zituen lanak garai hartan galegoz idatzi ahal izateko.

–Filologia mailan ere kalitate handia izan zuen. Literaturak abandonatuta zeukan hizkuntza bat hartu, eta literatura bihurtu zuen. Hartu zuen hizkera eta literatura popularra, eta, hori menostu gabe, eguneratu egin zuen, duindu, beste maila batera eraman zuen, bertso libreraino kasik. Asko gogoratzen dit Arestik ‘Harri eta Herri’-n egindakoa. Alde horretatik ere bada literatura galegoaren ama.

Temas

Libro

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos