483 margolanez osatutako bilduma, katalogo arrazoitu baten truke

2006 urteko argazkian. Eladio Jimeno artean zabalik zen Kutxaren Boulevard aretoan egin zuen erakusketa prestatzen. / USOZ

Eladio Jimeno margolariak Foru Aldundiaren esku utzi du bere bilduma partikularra

1939an Santanderren jaioa izan arren, Donostian bizi da 1967 urteaz geroztik José Eladio Jimeno Oña margolaria, eta Gipuzkoa zein Donostiako paisaiak izan dira bere lanaren gai nagusietakoak. Orain erabaki du bere bilduma partikularra Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku uztea, katalogo arrazoitu bat osatu eta argitaratzearen truke.

Bilduma jatorrizko 483 margolanek osatzen dute; horietako 62 olioak dira, eta 421, berriz, teknika desberdinak erabilita eginiko lanak (marrazketa, akuarela, tinta, pastela eta mistoa). Oso ezagunak dira bere luma-marrazki batzuk, Donostiako askotariko paisaiak eta eraikinak jasotzen dituztenak. Eladio Jimeno, hain zuzen, hainbat margolan garrantzitsuren egile eta jabea da: olioak, akuarelak, pastelak, luma-marrazkiak eta marrazkiak, zenbait museo eta bildumatan daudenak.

Aldundiak ohar baten bidez adierazi duenez, "artistak, jakitun izanik denbora aurrera doala eta bere bilduma partikularrak lan garrantzitsua gordetzen duela, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaini dio bere bilduma partikularra dohaintzan ematea, baldintza bakar batekin: foru erakundeak bere gain konpromisoa hartzea haren lana jasoko duen katalogo arrazoitu bat editatzekoa.Aldundiak 2018ko abenduaren 31 baino lehen editatuko du katalogoa".

Aipatutako asmoarekin, artistak berak eta Juan Antonio García Marcos arte kritiko eta idazleak bilduma katalogatu eta fotografiatu dute, xede bikoitzarekin: alde batetik, dohaintzaren inbentarioa egitea, eta, bestetik, etorkizunean argitaratu beharreko bildumaren katalogo arrazoitua amaitzea. Aldundiak jada jaso ditu dagoeneko lanak, zeintzuk, egun, gordetzen eta zaintzen baititu.

"Oso interesgarritzat jotzen dugu proposatutako dohaintza onartzea, lan horiek eskuratzeak aberastu egingo baitu, zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egungo bilduma. Hala, berezko balio artistikoaz gain, margolanek dokumentu eta ondare arloko balio oso zehatzak eskaintzen dituzte, egileak zenbait leku, eraikin eta elementu arkitektoniko jaso baititu, geroago, desagertu direnak, eraitsi direlako edo hirigintza aldaketak gertatu direlako", esan du Maria José Telleríak, Kulturako zuzendariak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos