Manex Pagola hil da, Iparraldeko euskaltzale eta kultur eragile nekaezina

Manex Pagola, Sarako Idazleen Biltzarrean, 2016. urtean/USOZ
Manex Pagola, Sarako Idazleen Biltzarrean, 2016. urtean / USOZ

Nafarroa Behereako Landibarren jaioa, Baionan hil da, 76 urterekin, eta datorren astelehenean jasoko du azken agurra, Ahurtin

Idazlea, kantugilea, abeslaria, ikastolen sustatzailea, Seaskako sortzaileetarikoa, militante abertzalea, Iparraldeko Eusko Alkartasunaren erreferentzia nagusietakoa... Gutxi dira Ipar Euskal Herrian euskal kulturarekin eta abertzaletasunarekin zerikusia duten eremuak, ostegun honetan Baionan hil den Manex Pagolaren ekarpena jaso gabe gelditu girenak. Antropologian doktore, Baionako Euskal Museoko enplegatua zen, eta zuzendariorde izan zen hainbat urtetan. Pagolaren heriotzaren berria zabaldu denetik, arlo horietako guztietako ordezkariak ari dira nabarmentzen hark egindako lana eta utzitako hutsunea.

Nafarroa Behereako Landibarren 1941 urtean jaioa, 77 urte betetzeko hogei egun falta zitzaizkionean hil da Baionan. Azken agurra, berriz, datorren astelehenean egingo zaio, Ahurtin, 15:30ean.

Azken urteotan ere omenaldi eta esker oneko adierazpen ugari jaso izan ditu Manex Pagolak. 2014.ean, Sarako Idazleen Biltzarrak omendu zuen, Erramun Bachoc eta Patrick Rouleau marrazkigilearekin batera. Orduko hartan, kantugintzan egindako lana nabarmendu zuten bereziki. Jendaurrean askotan kantatu zuen Manex Pagolak, bakarrik nahiz talde desberdinekin, baino bi disko txiki baino ez zituen argitaratu. Beste batzuek egin zituzten ezagun Pagolak sortutako abestiak: Peio eta Pantxoak, Anje Duhaldek, Erramun Martikorenak, Maite Idirinek... Laurogei bildu zituen 1988an Baionako Euskal Erakustokiaren Adiskideek argitaratutako 'Biziaren altzotik...' liburuan. Horien artean aipa daitezke, besteak beste, 'Urtxintxak', 'Kanta aberria', 'Azken dantza...'

2016ko Sarako Biltzarrean, berriz, kantu-sortzaile gisa egindako lanean sakontzen duen liburua aurkeztu zuen, Elkarrek eskutik: 'Manex Pagola. Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015)'. Liburu honetan bere ibilbidea azaltzen du, eta kantu bakoitzaren nondik norakoa argitzen. Azken errekonozimiendua orain dela aste batzuk heldu zitzaion, ohorezko euskaltzain izendatu baitzuen Euskaltzaindiak maiatzaren 12an.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos