Maixa eta Ixiar izango dira gonbidatu bereziak Bilboko txistularien alardean

Maixa eta Ixiar izango dira gonbidatu bereziak Bilboko txistularien alardean
EITB

Trikitilari gipuzkoarrek Aste Nagusiari amaiera emango dion ekitaldian hartuko dute parte igande honetan, 100dik gora musikari, kantari eta dantzariren ondoan

Maixa Lizarribar altzoarra eta Ixiar Oreja andoaindarra, Maixa Ta Ixiar, izugarri ezagunak izan ziren 90.ko hamarkadan. Hamaika urteren buruan, makina bat kontzertu emateaz eta lau disko argitaratzeaz gain hor gelditu diren hainbat kantu arrakastatsu sortu zituzten. Gero, hamarkadarekin batera, utzi ziotek elkarrekin plazaz plaza ibiltzeari, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, harik eta 2013an berriro igo ziren oholtzara Itziarren, Erromeria Egunean, puntuala izan behar zuen kolaborazio baterako.

Bada, igande honetan, berriro ariko dira elkarrekin. Eta ez bakarrik, baizik eta Bilboko Udal Txistulari Bandarekin. Eta ez nolanahi, baizik eta Bandak urtean eskaintzen duen kontzertu garrantzitsuenetakoan: Aste Nagusiko alardean. Igande honetan, abuztuak 27, Plaza Barrira itzuliko da 13:00etatik aurrera Aste Nagusiari egur esango dion txistularien emanaldia. Alacanteko José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari ezaguna izango da 100 musikari, ahots eta dantzari baino gehiago bilduko dituen ikuskizun handi hau zuzentzeko ardura izango duena.

Aurten, Alardearen gonbidatu bereziak "egungo euskal musikako erreferentzia handienetako bi" izango dira: Maixa eta Ixiar hain zuzen ere. Garikoitz Mendizabal, Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendariaren eta Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García taldekideen batera, Euskal Herriko Txistulariak, San Anton Abesbatza (Alfredo Hurtado de Saracho zuzendari duela), Begoñazpi Ikastolako ikasleak, Metal Boskotea, Bizkaiko Gaiteroak, Iñigo Eskubi (kitarra), Ritxi Salaberria (kontrabaxua), Iñar Sastre (teklatua) eta Ander Zulaika (bateria) musikariek hartuko dute parte kontzertuan.

Gipuzkoar kutsuko errepertorioa

Ikuskizunaren barruan, Nagore de las Cuevas, Arkaitz Pascuas, Asier Uskola eta Maddi Argote dantzariak ere izango dira, jende guztia Alardean parte hartzera gonbidatuz. Horiei, Maixa eta Ixiar musika talde ezaguneko abeslariak gehituko dira.

Ekitaldian 'Iparragirreren bi kanta', 'Lete gogoan', 'Emakume jaio nintzen', 'Iluntzean', 'Azpeitiko fandangoa eta arin-arina', 'Eguna jaio arte', 'Bexamela eta pastela' 'Gaztelugatxeko martxa', 'Munduko loreak' eta 'Manolorekin kantari' interpretatuko dira, hurbiltzen den jende guztia kantatzera eta dantzatzera gonbidatuko dituzten obra ezagunak, hain zuzen ere.

Gaur egun, Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García dira Bilboko Txistularien Bandako kideak.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: 'Bilboko Udal Txistu Banda' (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua'(2006); 'Hala ere' (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; 'Bihurrikeritan' (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; 'Kantari Gabonetan' (2010) Leioako Kantika Koralarekin; 'Plazan' (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, 'X Urte, hamaika lagun' (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos