Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, sormenaren indarra

Ezkerrean Amaia, eskuinean Maialen, astean zehar «goi mailako errendimendu egoitza» egin duten Tabakaleran./MICHELENA
Ezkerrean Amaia, eskuinean Maialen, astean zehar «goi mailako errendimendu egoitza» egin duten Tabakaleran. / MICHELENA

4k teknologiarekin errodatuko den lehen euskarazko serie digitala egiteko lehiaketa irabazteaz gain, 'Barrexerka' umorezko ikuskizuna estreinatu dute Donostiako Gazteen Antzerki Topaketetan

NEREA AZURMENDI

Badira etxe askotan familiako bazkarien osterako antzerkitxo edo antzekoren bat beti prest dutenak. Badira ikastetxe guztietan antzerki taldera apuntatzen aurrenekoak direnak. Horietakoak dira Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo, 1996an jaiotako donostiarrak biak. «Antzerkia txikitatik izan dugu gustuko. Gurasoak ere elkarren artean lagunak direnez, planen bat zegoen guztietan beti prestatzen genuen funtzioren bat bazkalondorako. Biltzen genituen lehengusuak, ateratzen genituen kutxetatik jantziak, eta listo... Beti izan gara bastante kreatiboak», diote. Ikaskide ere izan dira txikitatik, sormena isilarazi beharrean sustatu egiten duen Donostiako Jakintza Ikastolan. Ikastolako antzerki taldera bildu ziren, jakina, eta kanpoan ere egin izan dute ikastaroren bat... «Saltsa guztietan» sartzeko gaitasun handia izan dute txikitatik. «Eskerrak ez dugun ondo abesten», diote. Kantuarena da, oraingoz, lantzen ez duten eremu bakarretakoa.

Orain, 22 urterekin, ia ezustean, urrats bat gora egin dute. Bi urrats, hobe esateko. Batetik, Next Station ikus-entzunezko plataformak 4K teknologiarekin (ultradefinizioan, alegia) euskaraz egingo den lehenengo serie digitala errodatzeko deitu zuen lehiaketa irabazi dute. Bestetik, ostiral honetan aurkeztu dute Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, Gazteen Antzerki Topaketen XXX. edizioaren barruan, 'Barrexerka' ikuskizuna. Profesionalak ez direnei antzezlanak modu profesionalean gauzatzeko aukera ematen dien Topaketen baitako estreinaldianez dira bakarrik ari. Hain zuzen ere, grabatutako esketxak eta oholtza gaineko emanaldia uztartzen dituen ikuskizunean Amaia Iraundegi, Amaia Rojo, Ekain Susperregi, Garazi Mitxelena, Nerea Aranburu, Graxi Arregi, Maddi Erauskin, Peru Ansorena, Xabier Olasagasti, Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalberek hartzen dute parte. Eta gonbidatu guztiz berezi bat: Xabier Madariaga kazetaria, bere ohiko erregistro seriotik atera dutena.

Adi, 'Barrexerka'-ren bidea ez baita estreinako emanaldiarekin amaitu. Izan ere, jarraitzeko asmoa dute, eta gonbidatuz aldatzen joatekoa ere bai. Hortaz, edozein pertsonaia ezagun edo famatuk jaso dezake haien deia, batere erreparorik gabe altxatzen baitute telefonoa.

«Izugarrizko sorpresa»

Esan beharra dago bien bitartean ez dituztela ikasketak baztertu. Maialen Sorzabalbere Komunikazioa eta Zuzenbideko gradu bikoitza ari da ikasten Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Amaia Rojo, berriz, Historia ikasketak ari da amaitzen, eta gradu amaierako lanean murgilduta dabil. Argi dauka, gainera, Historiari helduko diola aurrerantzean ere; irakasle gisa, ahal dela. Baina, oraingoz, komunikazioa zuzenbidea baino maiteago duen Maialenen abentura artistikoei ez die ezetzik esaten.

Azken astean, ordularia baino kronometroa behar izan dute egiteko guztietara iristeko; Tabakaleran 'goi mailako errendimendu egoitza' delako bat egiteaz gain, estreinaldirako entseatu behar izan dute, eta gainean dituzten azterketei kasu egin. «Pixka bat gainditu gaitu maiatzak» aitortu dute, baina ez zaie neke zantzurik antzematen.

100 proiektu aurkeztu ziren EAEko ikus-entzunezko sektoreko eragile nagusiak biltzen dituen Next Station plataformaren lehiaketara, eta ia batere eskarmenturik gabeko bikote donostiarraren proposamena nagusitu zen

Tabakalerako egonaldia EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Clusterrak, EITBk eta Media Attack, Develop Hub eta J.O.K films ekoizpen etxeek osatzen duten Next Station plataformak deitutako lehiaketa irabazi izanaren ondorio da. 100 proiektu aurkeztu ziren, eta aurretik ikus-entzunezkoarekin harreman handirik ez zuen bikoteak proposatutakoa nagusitu zen. «Suspensea izateaz gain, gizarte mailako eztabaida zabaltzen du, eta lengoaia bikoitz hori da, hain zuzen ere, serieari indarra ematen diona», nabarmendu zuen epaimahaiak.

Proiektuak 'Puntu Koma' du izenburua, eta telefonoarekin grabatutako bideo labur-labur batean egin zuten proposamena. «Lehiaketaren berri izan genuenean iruditu zitzaigun parte hartzeko modua nahiko erraza zela. Ideia bageneukanez, telefonoa hartu, grabatu eta bidali egin genuen. Finalista izatea izugarrizko sorpresa izan zen, eta irabazle izatea, zer esanik ez». Ideia bazuten, eta bidali zuten. Besterik gabe. Antzeratsu iritsi ziren 'Smartberri' telefono adimentsuarekin egindako erreportajeei zuzendutako lehiaketako finalista izatera.

Next Station-en ere finalista izan ziren aurrena eta, beste bi proiektu finalistetako arduradunekin batera, lehen egonaldi bat egin zuten Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen Bizkaiko Berrikuntza Faktoriako egoitzan. Han erakutsi zieten proiektuaren 'biblia' egiten; hau da, seriearen xehetasun denak biltzen dituen dokumentu ezinbestekoa, gidoi edo ekoizpen kontuetan sartu aurretikoa dena, osatzen. Izena bera ezezaguna zuten. Ia dena zuten hain zuzen ikasteko. Eta ari dira ikasten.

«Oso kontuan hartzen gaituzte»

Bilboko egonaldian egindako lanari esker Sorzabalbere eta Rojoren 'Puntu Koma' izan zen azkenean hautatutako proiektua, eta astelehenetik ostiralera horren aurreneko kapitulua -zortzina minutuko sei izango ditu serieak- lantzen aritu dira buru-belarri Tabalakeran kokatuta dagoen 2DEO euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategi berrian.

Luxuzko bidelagunak izan dituzte, hala nola Joanes Urkixo eta Izaskun Arandia gidoigileak, edo Next Station-en bultzatzaile diren enpresa eta erakundeetako profesionalak. «Dena ari da izaten 'masterclass' moduko bat, sekulako luxua da horrela lan egin ahal izatea. Guk bageneukan zerbait egiteko gogoa, iruditzen zitzaigulako ikus-entzunezkoetan gauzak falta direla euskaraz gazteentzat, eta ideia ere argi geneukan, baina ikusi dugu mundu hau uste baino konplexuagoa dela», diote. Eta 'diote' esan behar da, esaldiak elkarrekin osatzeko gaitasuna ere berezkoa dutelako.

Hasierako premisari eusten dio 'Puntu Koma' proiektuak. Ospitale batean kokatzen ditu koman dauden zenbait gaixoren senideak eta, hortik aurrera, komeriak. Lanketan zehar, ordea, «garbitzen eta soiltzen joan da hasierako ideia, pertsonaia gutxiago daude, koman daudenak ez dira mugatzen koman egotera...». Hobera egin du alegia jatorrizko proposamenak, asko ikasi dutelako profesionalengandik. Eta ez zen beti erraza izango biok konbentzitzea. «Guk gure ideiak defenditu ditugu, ez pentsa, baina onerako iruditu zaizkigun aldaketa guztiak egin ditugu, jakina», adierazi du Maialen Sorzabalberek. Asko harritu ditu ikusteak izen handiko profesionalek nola errespetatu dituzten eskarmenturik gabeko bi gazteon ikuspegiak. «Gure iritziak oso kontuan izan dituzte. Ikusi dugu sinesten dutela gugan, eta horrek 'superresponsable' egin gaitu», diote. Badakite, hain zuzen, proiektu serioa dutela esku artean, askok asko espero dutela beraiengandik, eta ez dabiltza arinkeriaz, «oso konprometituta» baizik. «Gure saltsan, txoratzen», baina serio.

Hurrengo egitekoa kapitulu guztien gidoiak amaitzea da. Sei aste eta miresmenez aipatzen duten Izaskun Arandiaren laguntza izango dute horretarako. «Ekainean gidoiek ekoizpenerako prest egon behar dute», alegia. Ez dakite zein puntutaraino hartu ahal izango duten parte seriearen ekoizpenean eta grabaketan, baina fase horiei dagozkien ofizioetatik ere ikasteko prest daude.

Aurreikuspenen arabera, 'Puntu Koma', 4k teknologia erabilita egingo den euskarazko aurreneko serie digitala, udan errodatuko da. Amaitutakoan EITBn eta Interneten eskainiko da, eskariaren araberako entretenimenduaren sektorean (HBO, Netflix eta horrelakok osatzen dute sektorea) espezializatutako zenbait jaialditan aurkeztu aurretik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos