Borrar
Sebastian Lizasok jarritako txapela buruan kantari aritu zen pozik Maialen Lujanbio, hamazazpigarren Txapelketa Nagusia irabazi eta gero. ARGAZKIAK: ARIZMENDI
Maialen Lujanbio, bigarrenez txapeldun

Maialen Lujanbio, bigarrenez txapeldun

Puntutan egin beharreko lanarekin giroa piztu egin zen atzo, eta buruz buruko lehiak bukaera indartsua eman zion finalari Saio gora-beheratsua, aldizka dizdiratsua eta aldizka tristea suertatu zen atzoko final handia

BIANDITZ IRAOLA

BARAKALDO.

Lunes, 18 de diciembre 2017

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Maialen Lujanbiok jantzi du bigarrenez Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Ez zen izan saio borobila, are, goizean goitik behera egin zuen nabarmen. Baina zita handia izaki, gogotsu eta indarberrituta itzuli ziren bertsolariak eta zalegoa arratsaldean, eta giroa berotu zen behin baino gehiagotan. Puntutan egin beharreko lanarekin giroa piztu egin zen, eta buruz-bururako lehiak interesa mantendu zuen bakarkako lanetan.

Azkenean, sorpresa handiegirik gabe, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze aritu ziren buruz buruko lehia horretan, eta esan bezala, hernaniarrak bigarrenez jantzi zuen txapela.

SAILKAPENA

  • 1 Maialen Lujanbio 1.756.00

  • 2 Aitor Mendiluze 1.680.50

  • 3 Sustrai Colina 1.137.50

  • 4 Amets Arzallus 1.136.00

  • 5 Igor Elortza 1.124.00

  • 6 Aitor Sarriegi 1.107.50

  • 7 Beñat Gaztelumendi 1.076.50

  • 8 Unai Agirre 1.072.50

  • Maialen Lujanbio

  • Puntuari erantzuten

  • Bizitzaren aurrean baikorra al zara/ ni saiatzen naiz irriz irteten plazara/ minek eta tristurek hamaika pasara/ ematen dute baina pozik bizi gara.

  • Aitor Mendiluze

  • Puntuari erantzuten

  • Edonori eskatzen zaio iritzia/

  • baina edonor ez dago ideiaz jantzia/ denok nor izateko daukagun antsia/

  • erlatibizatzeak badu garrantzia.

  • Igor Elortza

  • Bakarkakoa Lotsa dela eta gauza asko utzi dituzu egin gabe bizitzan Clown ikastaro batean eman duzu izena.

  • Nahiz ta hasieran lotsa neukan hara joateko/irritera bi horrekin gero askoz hobeto

  • beste hainbat seriorekin jarririk bekoz beko/kasik barrez lehertu gara orduan bai ederto/ sudur gorri bat ipini behar izan dut tarteko/ sudur puntan jar tzen zaidan guztia egiteko.

  • Amets Arzallus

  • Bakarkakoa Hamar urteko haur bat duzu harreran Gaur du asteroko bisita familia biologikoarekin. Noiz itzuliko zain zaude.

  • Bere guraso gizagaixoek ze sufrimen ta kaltea/ itsuraz hezi ezin zutenez eten zieten katea/

  • ta horregatik egokitu zen haurra neri ematea/ baina egun baten itzuliko da zabalduko dut atea/ ta urtetarako izan liteke gaur bost ordu den tartea/

  • zaila zait baina desio dizut zoriontsu izatea.

  • Maialen Lujanbio

  • Buruz buruko kartzelakoa

  • Nerbioi ertza san franzisko merzedetik ta somera/ hor doa gure ihesa ta iheasren errobera/

  • nere animoak dabiltz orain gora gero behera/ nere ezkerreko jaunak ez dirudi oso onbera/ ta ertzainak harrapatzen ez bagaitu ere zera/ pentsa zenbaterakoa izango dudan plazera/ horrelakoxea baita gu prostituton papera/ irabazten dugula ere galtzen ateratzen gera.

Aurrez aurreko lanetan aritu ziren biak ala biak ere bizien, batez ere zortziko txikiko lanean. Mendiluzek sei urte zituen, eta bazuen lagun imaginario bat: Lujanbio. Orain artean ondo, baina bere beharrik ez zuela gehiago esan zion umeak. Lagun imaginarioa hasi zen bertsotan: «Adin hontara heldu ta hau da pikea / kostatu zait nor nintzen ere jakitea / uste al dezu zurea dela agintea / orain kostako zaizu ni desegitea». Mendiluzek erraz utziko zuela albo batera esan zion orduan: «Baina ez da alperrik pasatzen denbora / ia etzaitut behar ta etzaude gustora / sortu zinen begiak itxi ta gerora / ta berriz zabaltzea aski izango da».

Kartzelako lana izan zuten ondoren, bederatzikoarekin hasita. 'Izerdia' hitzari kantatu behar izan zioten, eta honela osatu zuen Mendiluzek: «Izerdia ze izerdi askoren galdera / lehenengo begiratu besape aldera / ni konturatu gabe umeldu ote da / horra batzuenak bai dexente gainera / baina hemen norbera / ta ze egoera / kezka da sobera / ta izerditzen gera / baina denonak ez du balio bera».

Prostitutaren azalean

Hiru bertso osatzeko, berriz, auto batean jarri zituen gai-jartzaileak. Atzetik beste auto bat zuten segika azken orduerdian. Lujanbiok bezero baten autora sartu den prostitutaren azaletik kantatu zuen, atzetik ertzainen auto bat zutela. Honela osatu zuen bigarren bertsoa: «Miribillako rotondan errekarriz errekarri / bertantxe egin ditut mila buelta errukarri / geratzen dira kotxeak ta gu begira elkarri / beraiek etorri esan ta guk dirua ekarri / nahiz ez zelako bezero atseginik ez da sarri / ta askotan gisan orain autoan estu ta larri / ertzain auto bat atzetik eta sirenak aldarri / baietz bera libre utzi ta neri isuna jarri».

Bakarkako lanetan gai sakon eta hunkigarriak jarri zituzten orokorrean, tristeegiak sarri. Baina izan zer zer gozatu lan horretan ere. Adibidez, Amets Arzallusi hamar urteko haurra harreran zuena izatea tokatu zitzaion. Haurra familia biologikoarekin asteroko bisitan zen, eta bera zain, noiz itzuliko. «Bere guraso gizagaixoek ze sufrimen ta kaltea / itxuraz hezi ezin zutenez eten zieten katea / ta horregatik egokitu zen haurra neri ematea / baina egun baten itzuliko da zabalduko dut atea / ta urtetarako izan liteke gaur bost ordu den tartea / zaila zait baina desio dizut zoriontsu izatea».

Beñat Gaztelumendi, berriz, lanpostu berrian jarri zuen gaiak. Etxera itzultzen zenerako denak ohean ziren jada. Lehenengo bertsoan zerbitzari lanak egiten zituela azaldu ondoren, honela osatu zuen bigarrengoa: «Nik lan honetan urtebete bat egin det dagoeneko / eguerdiz irten ohi naiz etxetik ustez umore oneko / orain bueltatu ta goizaldeko ordubiak emateko / hilabetean mila ta berrehun euro umore tristeko / semeak badu gogo pixka bat bizikletan ibiltzeko / badut gogoa etxekoekin tertulian aritzeko / bere irriak bateko eta bere negarrak besteko / nik zenbat gauza galtzen ditudan soldata irabazteko».

Baina, esan bezala, hasieratik hasi ziren gogoz arratsaldean bertsolariak, seiko motzeko lanetik. Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina nazioartean kontratu garrantzitsuak lortu izan zituzten euskal enpresa bateko komertzialak ziren. Negozioetan milioi asko jarri behar, eta Colinak ezin zuela jarraitu esan zion Sarriegiri.

Beasaindarra hasi zen: «Ai ai-tzakiak aitzaki / zure hutsen adabaki / ez dakizula zure burua nun nola ebaki / hartu zenbait erabaki / hobe izan honen zati / lana ekar-tzen diogulako herri oso bati». Colinak bere indarren mugan zebilela bota zion orduan: «Mundu hontan lau ertzeko / sentitzen gara etxeko / trenak saltzen gu gabiltzalako espabilatzeko / ni enago prest cafeko / zamak niregan hartzeko / ta gutxi falta da nere trena deskarrilatzeko». Beasaindarrak errailetik beste zerbait aterako zela bota zion bikain: «Presio latza zainean / lehenean ta orainean / kontratu asko sinatu ditut ahal dudan heinean / ez fijatu orbainean / estres horren ordainean / guri esker doa ekonomia gurpilen gainean».

Trenaren metaforari bikain eutsi zion Colinak, ordea: «Krisi internazionala / gugana iritsia dala / sentitu ginen bikote haundi eder ta mundiala / nago ahituta bezala / beti petxuan puñala / ta iruditzen zait hurrengo trena ni gabe doala».

Goizeko saioak goitik behera egin zuen, baina zer gozaturik ere izan zen. Zortziko txikian aritu ziren bizien bertsolariak, eta entzulegoak ere bero erantzun zuen. Esaterako Igor Elortza eta Maialen Lujanbio bizilagunak ziren. Bezpera gauean bi aldiz esnatu zuen Lujanbiok Elor-tza, sexu jolasean zebilela. Hurrengo egunean, igogailuan topo egin zuten, eta hor kontu eskeak. Elor-tza hasi zen: «Egun on ustez atzo zenbiltzan ta ongi / ni logureak nago ta zu berriz grogi / hori bai bart gauean zu zenbiltzan jori / kendu ezazu tonto irriparre hori». Berak alaia bazuen, Lujanbiok bestelako aurpegia ikusi zion bizilagunari: «Sexua suertea da eta ez da luxu / bart gauez dena irrintzi ta izerdi putzu / zuk berriz behakoa serioa duzu / duzun inbidi horrek zimeldu zaitu zu».

Ez zion arrazoirik kendu logale zenak: «Batzuentzat bizitza bero ta maitasun / besteontzako berriz sasi eta asun / sexua suerte dela hala dizut entzun / ta antza dena zuri tokatu zitzaizun». Lujanbiok, orduan, berak ere parte hartu ote zuen galdetu zion: «Izan ere zu zaude hain muker ta erkin / ez dezu ligatuko jarrera horrekin / baino bart zure kabuz al zenuen ekin / gure etxeko efektu espezialekin».

Unai eta Aitor, aita eta semea

Unai Agirre eta Aitor Sarriegi, berriz, aita-semeen paperean jarri zituzten. Aitak utzi ez arren semeak bere aurrezkiekin bideo-kontsola bat erosi zuen. Baina zer gertatuko, eta behin erosi eta gero, aitak semeak baino gehiago erabiltzen zuela. «Nahiz ta ez zenun nahi ni nendila ari / begiraiozu ondo zure burari / sala erdian jarrita zaude adi adi / kea irteten zaio play stationari» leporatu zion Sarriegi semeak aitari. Aitak semeak ez erabiltzeko zela erantzun zion: «Aita batek badauka babesteko senik / ni hola ikusita zuk ez hartu penik / ez pentsa buruan-tzat hau aina badenik / zuk ez erabiltzeko erabiltzen det nik». Semeak, orduan, aitaren abilezia falta nabarmendu zuen: «Nolako artea ta nolako abaila / bistan geratu zaigu aitak daukan maila / beti joku berdina gainera ez zaila / ta oraindik ez du pasa lehenengo pantaila». Aitak, orduan, argudio bera bota zion, modu bikainean.

Argudio bera bi aldiz erabili, baina errepikaketa hutsean geratu gabe, arrazoi berriak bilatuz: «Nola hasi zeran gaur hemen jo ta kian / ez det pasatu baina zuretzat kaltian / lehenengo pantailakin ni utzi pakian / ez dezu erabiliko hau pasa artian».

Entzulegoa piztuta

Sustrai Colinak eta Aitor Mendiluzerek ere lortu zuten entzulegoa piztea. Colina arkeologoa zen, indusketa lanetan hezurdura bat bilatu, eta kotxean hartuta, laborategira zeramana. Bidean, baina, Mendiluze polizia tokatu, eta azalpenak eman behar. Agian, gaiak kantuan polizia hastea eskatzen zuen, baina arkeologoari tokatu zitzaion lan hori: «Mugan berriz kontrola kaguenla kaguenla / nik hezurrak atzean nola ba bestela / ikusiz nere planta txuri ta zimela / pentsatu ote duzu nereak zirela». Poliziak errespetua eskatu zion orduan: «Aizu polizia naiz ta errespetoa / maleta izan ohi da beti atzekoa / bat soinekoa ta bat aldatzekoa / baina beti txaketa ez eskeletoa».

Arkeologoak, orduan, poliziak hezurren berri berak adina zekiela bota zion: «Nik eman nahi nituen mugako jauziak / baina goardia zibilen eskutan jausiak / nik garraiatzen ditut hezur biluziak / hori badaki zer den zure nagusiak». Poliziak, orduan, ez despistatzeko, eta azalpenak emateko eskatu zion: «Aizu ni ez nahastu kolpetik lehenean / ta zentratu gaitezen orain gaudenean / hezurdura bat dezu kotxe barrean / hitz egiten al zuen irten zarenean?». Hezurrek, beste modu batera bada ere, hitz egiten dutela gogorarazi zion orduan Colinak: «Indusketak egiten tematu naiz aurten / hezurrek ez baitute hain gutxi irauten / asko esaten dute askok di-da baten / zuei buruz ez dute deus onik esaten». Gauzak horrela, poliziak ezin libre utzi: «Neri ez zait ba inporta ez onik ez txarrik / atxilotuta zatoz eta ez alperrik / eskuburdinak dauzkat pare bat bakarrik / zure lagunak ez du ipini beharrik».

Puntu erantzunetan ere maisu aritu zen Lujanbio, batez ere lehenengoan. Bikain lotu zituen hiru puntuak, batez ere azken biak. Horrelako erantzun biribilak gutxi: «Bizitzaren aurrean baikorra al zara?» / «ni saiatzen naiz irriz irteten plazara / minek eta tristurek hamaika pasara / ematen dute baina pozik bizi gara». Bigarren sailkatu Mendiluze ere ez zen atzean geratu, ohi duen eran; hemen bigarrenari eran-tzuna: «Edonori eskatzen zaio iritzia» / «baina edonor ez dago ideiez jantzia / denok nor izateko daukagu antsia / erlatibizatzeak badu garrantzia».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios