Luxuzko agertokia luxuzko abesbatzarentzat

Albert Memoriala eta Royal Albert Hall aretoa.
Albert Memoriala eta Royal Albert Hall aretoa. / © Marcus Ginns

Ostiral honetan, musika klasikoari emandako munduko jaialdi handienean abestuko du Donostiako Orfeoiak

M. IMAZ

Donostiako Orfeoia eta 'Promenade Concerts' izenarekin jaio zen 'Proms' musika klasikoari emandako jaialdi londrestar erraldoia adin berekoak direla esan daiteke. Abesbatza 1895ean jaio zen; urte hartako urtarrilaren 21ean, zehazki. 'Proms' jaialdia, berriz, 1897an; urte hartako abuztuaren 10ean. 120 eta 123 urte dituzte hurrenez hurren, eta ostiral honetan, uztailaren 21ean, elkarrekin ospatuko dute XIX. mendetik XXI.era eraman dituen bidaia jatorrizko eta funtsezko ezaugarriei uko egin gabe burutu izana. Hain zuzen ere, hasiera bateko espirituari eutsiz 'Proms'-ek musika klasikoa herritarrengana hurbiltzen jarraitzen dute, "horren onurak denengana hel daitezen", eta amateurrez osatuta jarraitzen duen Orfeoiko kideak ere musikarekiko maitasunak mugitzen ditu.

T0ki egokia elkartzeko, Londresko Kensington auzoan kokatutako Royal Albert Hall, biak baino zertxobait zaharragoa. 1871 urtean inauguratutako kontzertu-areto biribila zientzia eta arteak hedatzeko amestu zuen Victoria erreginaren senar Albertek. Donostiako Orfeoiarentzat ere asko du ametsetik ostiraleko emanaldiak. Abesbatzak badaki zer den munduko jaialdi entzutetsuenetan aritzea (Salzburgekoan, esaterako, 1999 urtean abestu zuten), baina Londresko saioa iragarri zutenean aitortu zuten urteak zeramatzatela 'Proms'-etan parte hartzeko gogoz.

Azkenean, 2010az geroztik BBCren orkestra filarmonikoko zuzendari titularra den Juanjo Mena arabarrak egin du posible ametsa gauzatzea. Ostiraleko emanaldian interpretatuko duten obra Beethovenen opera bakarra den 'Fidelio' iraultzaile samarra izateak ederki osatzen du, laugarren elementu gisa, jaialdiak, artistek eta aretoak osatzen duten triangelu harmoniatsua... Abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldian izango da berriro BBC Simphony eta Donostiako Orfeoia elkarrekin ikusteko eta entzuteko aukera, Menaren zuzendaritzapean betiere. Zuzeneko emanaldietara joateko aukerarik ez badago, eta hori izango da gehiengoaren kasua, beti gelditzen da BBC3...

BBCren eta 'Proms'-en arteko lotura, hain zuzen, aspaldi-aspaldikoa da, orain dela 90 urtekoa, kasik jaio berria zen irrati kate publikoak 1927 urtean erreskatatu baitzituen hasierako emanaldi haiek gainbeheratik. Irrati bidez herrialde osora zabaltzeak, gainera, biziberritu egin zituen 'Proms'-ak, eta Erresuma Batuko etxe guztietara eraman. Hiriburutik urrun bizita ere, etxe-etxekoak eta betidanikoak dituzte Erresuma Batuko biztanleek 'Proms'-ak. Arratsaldeko tearen pareko tradizioa, alegia.

300.000 entzule

"Proms-etan egotea luxu handia da guretzat", adierazi zuen udaberrian orduz geroztik Londreseko hitzorduaren prestaketan buru belarri murgilduta dabilen José Antonio Sainz Alfaro Orfeiko zuzendariak. Jaialdi guztiz berezi honentzat ere luxua da Donostiako Orfeoia bertan izatea, jakina.

Edonola ere, 'Proms' jaialdian musika da luxu bakar eta nagusia, oso urrun baitago munduko musika klasikoko jaialdi handiena den hau luxuaren adiera konbentzionaletik. Besteak beste, entzule gehien dituena izateaz gain 'informalenetakoa' eta merkeenetakoa ere bada.

Aurten uztailaren 14tik irailaren 9ra ospatuko den Londresko jaialdia Europako beste bi jaialdi ospetsuenekin alderatzen bada -Salzburg eta Bayreuthekoekin, esaterako- oso nabarmenak dira diferentziak. Robert Newman enpresarioak 1895ean pasieran, frantziar erara, musika entzuteko asmoz sortu zituen 'Promenade Concerts'-ak ez dira zaharrenak. Erabat Wagnerren operei emandako Bayreuthekoa lehenagokoa da, 1876koa. Aurreneko aldiz 1920 urtean ospatu zen Salzburgekoa, berriz, dezente gazteagoa dugu.

Azken hori da, ordea, entzuleen kopuruaren aldetik itzala egiten dion bakarra, Bayreuther Festspiele oso-oso elitista baita: 50.000 sarrera inguru jartzen ditu salgai urtero, eta 500.000 eskaera jaso. 5-10 urteko itxaron zerrendak normalak dira aurten uztailaren 28tik abuztuaren 25era ospatuko den jaialdian. Ostiral honetan hasi eta abuztuaren 30era arte iraungo duen Salzburger Festlspiele, berriz, ez da horren esklusiboa sarreren aldetik, iazko edizioan 81 herrialdetatik bertaratutako 250.018entzule izan baitzituen emanaldi guztiak (entseguak barne) kontuan hartuta. Sarreren %4 bakarrik gelditu ziren saldu gabe.

Zazpi euroko sarrerak

'Proms'-ek, berriz, 300.000 entzule erakarri zituzten 2016an aretoetara, azken gauean Hyde Parken egiten den festa izugarria joan zirenak barne hartuta, eta milioika pertsonarengana iritsi ziren irratiaren bidez.

Diferentzia handienak, ordea, sarreren prezioetan eta giroan daude. 'Come as you are: there is no dress code at the Proms' da legea: zatoz zeu zaren bezala, ez dago janzkera-koderik 'Proms'-etan. Galtza bakero eta manga motzetan sar zaitezke Albert Hall areto dotorean. Kontzertu askotan, entzunareto biribil bitxiko erdialdean eta alboetan, Arena delakoan eta Galerian, zutik egon daiteke jendea, edo eserita, edo etzanda, giro informalagoan. Arau bakarra da telefonoa itzaltzea eta aldamenekoa ez nahastea... Esan beharrik ez dago konparaziorako aukeratu diren bi jaialdietan ez dela horrelakorik onartzen. Bi jaialdi dotoreago horietan janzkeraren inguruko eskakizunak arindu dira zertxobait azken urteetan, baina hala eta guztiz ere giro formala da nagusi.

Koloreztatuta, 'promming' guneak. / Royalalberthall.com

Sarreren prezioei dagokienez ere ez dago alderik. 'Proms'-etakoak berehala saltzen dira, baina musika gogoko duen edonork eros ditzake ahalegin txiki bat eginda. Badira palkorik onenetan 100 libera esterlinako (113 euro inguru) sarrerak, baina mota horretako palku gehienek kudeaketa pribatua dutenez, horrelako sarrera gutxi heltzen dira publiko orokorrarengana. 'Arrunten' artean garestienak 53 libera esterlinatan (60 euro inguru) eskura daitezke, kudeaketa gastuak barne. Butaken prezioa, berriz, 44,8 liberakoa da (50 bat euro). Sarrera askoz ere merkeagoak badaude, noski, eta merkeenak dira kontzertuaren egun berean eskura daitezkeenak. Kontzertu guztiak edo gehienak barne hartzen dituzten paseak ere badaude, asteburukoak ere bai.

'Promming' deituriko tradizioa da ohitura bixietan bitxiena, munduko orkestra, zuzendari, bakarlari eta abeslari onenak 6 liberaren truke (7 bat euro) entzuteko aukera eskaintzen duena. Prezio horretako sarrerek Arena eta Galeria guneetan egoteko eskubidea ematen dute. Gutxi batzuk internet bidez jartzen dituzte salgai kontzertuaren egun berean, goizeko 9:00etatik 12:00etara. Gelditzen direnak atean saltzen dituzte. Horrenbestez, egunero, goizean goiz hasita, jende-ilara luzeak egiten dira aretoaren kanpoaldean, azken orduko sarrera merke horien zain.

Sarrera bakarra eros daiteke pertsonako, eta ilara aretora iritsi ahala saltzen dituzte, kontzertua hasi baino 75 minutu lehenago. Ilaran orduak eta orduak igarotzen dituzten askok hasieratik dakite oso zaila izango dutela sarrera bat eskuratzea, baina Albert Hallen inguruan sortzen den giroa bera da esperientzia interesgarria, nahiz eta azkenean kontzertua irrati bidez entzun. Horrelakoxeak dira 'prommer'-ak, alegia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos