Luis Garderen olerki-bilduma batekin estreinatuko da Balea Zuria argitaletxea

Luis Garde, Euskadi Literatura Sarietako iazko edizioan / Arizmendi

Nafar idazlearen 'Barbaroak baratzean' emango du argitara

DV

Luis Garde nafar idazlearen ‘Barbaroak baratzean’ poema-liburuarekin estreinatuko da Balea Zuria argitaletxe berria. Urri amaieran edo azaro aldera kaleratuko da lehen emaitza hau.

Ariz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxotekok jarri dute martxan Balea Zuria, urtean bi edo gehienez hiru olerki-bilduma publikatzeko asmotan. Eta argitaletxearekin batera DK Poesia Lehiaketa ere jarri dute abian, autore gazteei begira eta Donostia Kulturarekin elkarlanean.

Luis Gardek (Iruñea 1961) olerkien arloa landu du batik bat, baina 2015ean narratibako liburu bat plazaratu zuen, ‘Ehiztariaren isilaldia’, hurrengo urtean Euskadi Saria irabazi zuena. Donezteben bizi da eta idazle emankorra izan da orain arte.

Olerkigintzari dagokionez, oso idazle saritua izan da Garde. 2014an, Gipuzkoako Diputazioaren Xabier Lete Poesia saria jaso zuen, ‘Eremuen birkalifikatzea’ lanari esker.

Aurretik sari hauek zituen eskuratuak: Blas de Otero Fundazioaren Blas de Otero-Bilbo Uria poesia saria (‘Maizter arrotza’), Irun Hiria (‘Unplugged’), Elkarlanean Fundazioaren Joseba Jaka Beka (‘Gertakarien urtzea’) eta Felipe Arrese Beitia poesia saria ( ‘Oihan nabarra’).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos