«Literatura baino gozagarriagoa zait musika»

'Hitzontziak' eleberriarekin batera, 'Gorraizea' diskoa ekarri du Xabier Montoiak. Batera etorri dira, aurrenekoz, idazlea eta musikaria. Liburua aurkeztu baino lehenxeago egindako elkarrizketa honetan, diskoaz eta musikaz mintzo da

JUAN G. ANDRÉS

Xabier Montoia, Hertzainak eta M-ak taldeetako partaide ohia, rocketik aldendutako bideak urratzen dabil aspaldian. Betiko gaiak jorratu ditu lan berriko hitzetan: denboraren iragatea, memoria, (des)amodioa eta adiskidetasuna. Udaberrira arte ez du kontzerturik emango.

– Sei urte pasa dira 'Montoiaren mundu miresgarria' (2011) azken diskoa kaleratu zenuenetik. Badirudi emankorragoa zarela literaturan musikan baino...

– Ez dut uste. Disko honen kantak duela bost urte idatzi nituen, baina pasa den udara arte ezin izan ditugu grabatu. Bitarte horretan idazten aritu naiz –horretarako ezer gutxi behar da eta–, etxean, egunero pixka bat, etenik gabe, orrialdeak pilatuz.

– Eta zer da gozagarriagoa zuretzat, musika ala literatura?

– Gozagarriagoa musika, zalantzarik gabe. Literatura ere gozagarria izan daiteke, noski, baina beste era batean. Musikaren eragina berehalakoa da. Emozioak istantean suspertzen ditu. Edozein. Droga gisako bat da. Seguru aski horrexegatik nahiago dut doinu bat sortzea, doinu hori lagunduko duten hitzak sortzea baino. Gitarran akorde bat jo eta mundu bat zabaltzen da nire parean, aldi bakoitzean ezberdina den mundu bat. Aztikeria hutsa.

– Gitarra ez duzu erabili disko honetan. Zer dela eta aukeratu duzu hari laukotea?

– Batez ere soiltasuna bilatu dugu disko honetan, aurreko diskoan bilatu genuen bezalaxe. Beste modu batez bilatu genuen orduko hartan, baina haren orpotik dator oraingo hau, nire ustez. Betiko rock formatuaz aspertuta, beste bide bat bilatzen ari nintzela, txeloarekin topo egin eta maitemindu egin nintzen. Txelotik soka laukotera pasatzea logikoa zirudien, beraz, bide horretan egin beharreko hurrengo urratsa.

– Ederrak dira oso Ibon RG-ren moldaketak. Bera aritu da produkzio lanetan oraingoan ere...

– Bere lana sekulakoa izan da, luzea, nekagarria, oso ederra. Partiturak idatzi behar izan ditu, horretan eskarmenturik ez izanagatik. Ordu luzeak eman ditu baina merezi izan du, zoragarria baita egin duena.

– Pixkanaka-pixkanaka, gitarretatik eta oro har, rock soinuetatik aldentzen joan zara. Zergatik?

– Ez nago seguru. 'Hemen' (1997) diskoa kaleratu eta gero, rockean eman nezakeen guztia disko hartan eman nuela sentitu nuen, bide hartatik ez nuela jarraitzerik, harago ezin nintzela joan. Zer egin nezakeen, gitarra gehiago sartu, zikinago eta azkarrago jo? Ez nuen disko bera errepikatzeko gogorik eta horrek beste bide bat bilatzera eraman ninduen. Soiltzearen bidera, hain zuzen ere.

– Promozioko orrian honakoa dio Fermin Etxegoienek: "Xabier Montoia punk artista bat izan da, arimaren bila urteak, hamarkadak, eman dituena". Aurkitu al duzu arima?

– Fermin Etxegoienen hitzak eskertzen ditut, nola ez, baina egia esan, sekula ez naiz arimaren bila ibili. Ez dut halako kontuetan sinisten. Garuna, bihotza, badakit non dauden, izan, badirela, arima ez ordea. Fermin soul musikaz ari da, noski, eta, oso zalea banaiz ere, ezin esan disko honetan hori egiten saiatu naizenik. Baina, jakina, saiatu gabe ere, norberaren eragin musikalak edonondik ager daitezke.

– Eta punk ikusten al duzu zeure burua?

– Halakorik! Gero eta zaharrago ikusten dut neure burua.

– Agian, zure ibilbideko sortzaile batentzat, minimalismora jotzea izan daiteke punkena...

– Punkena zer izan daitekeen jakin gabe ere, minimalismoa eta punka soka berekoak iruditzen zaizkit. Askatasunaren sokakoak dira biak, sokarik onartzen ez duen soka berekoak, beraz. Biek beste modu batez entzutera behartzen gaituzte, edo noizbait behartu izan gaituzte, behintzat.

– Disko batean gitarra eta ahotsa bakarrik erabiltzea izan liteke hurrengo pausoa?

– Izan liteke, bai. Batek daki. Bakarka hala hasi nintzen eta taberna eta gaztetxe pilo batean ibili nintzen gitarrarekin garai batean.

– Kanta berriei dagokienez, oso polita da sortzen den kontrastea: letrak ilunak versus doinu malenkoniatsu baina askotan argitsua.

– Hala suertatu da, nolabait. Hitzetara musikaren bitartez heltzen naiz. Lehendabizi musika, doinua sortu eta horrek iradokitzen didan giroko hitzak idaztera eramaten nau. Giro hori malenkoniatsua bada, halakoak izango dira kantuaren hitzak ere. Eta alaia baldin bada, alaiak. Musikak agindutakoa beti, edozein kasutan.

– Pop, soul, chanson… Nola definituko zenuke soinua?

– Aukeran, ez definitzea nahiago. Batez ere ez dakidalako zer den zehazki egin duguna. Niretzat herri musika da; pop, alegia, handik eta hemendik hartutako zatitxoz osatua eta gure erara atondua.

– 'Behin' eta 'Errautsak haizetan' kantetan argi eta garbi kantatu diozu denboraren iragateari…

– Kontu horrek beti kezkatu nau, gai hori nire gaztetako poemetan ere askotan ageri baita. Zerbait bada, beraz, nahiz eta nire eguneroko bizitzan horretaz ez pentsatu. Jakina, zahartzea ez da inoren gustukoa.

– 'Izan ginen gazteak / Ez dira itzuliko. /Gure orduko ametsak: errautsak haizetan'. Nola moldatzen zara zure iraganarekin?

– Iraganarekin, nirearekin, ahal moduan moldatzen naiz. Amets asko geratu da bidean, nahi baino gehiago. Seguru aski ezin zitekeen bestela izan. Mingarrienak? Zaila da esaten. Garaian garaikoak, esango nuke. Denborak, memoriak izugarri leuntzen ditu aspaldiko min eta saminak.

– Ba al zenekien M-ak taldearen kantak jo behar dituela Rukula taldeko Martxel Arkarazok, Kakiren semeak? Zer iruditzen zaizu?

– Ez nekien, baina bejondeiela. Ez naiz nostalgiari batere emana, eta gutxitan oroitzen zaizkit rock garai haiek, egia esanda. Orduko lagun ba-tzuk faltan ditut, ordea.

– 'Eskuragaitza' letania modukoa da, otoitza kasik, eta Avilako Teresari eginiko keinuarekin bukatu duzu... Zergatik?

– Erlijioaren bideak, Jainkoarenak bezalaxe, ezin asmatuzkoak dira, eta gutxien espero denean ager daitezke. Nire kanta batean ere bai, ni guztiz ateoa izan arren. Kanta, maitasun kanta bat da funtsean, eta jakina da Avilako Teresa hark maitasunaz asko zekiela. 'Muero porque no muero' bertsoa oso ezaguna da eta ongi zetorkidan kanta burutzeko, bai neurriz, bai eta esanahiaz ere. Horregatik erabili nuen. Erdaraz izatea onetsi nion, behingoz, neure buruari.

– Desamodioa, insomnioa eta adiskidetasunaz idatzi duzu: Frantzian preso dagoen Mikel 'Antza' lagunari eskaini diozu 'Réau' kanta...

– Bai, horiek denak ageri dira hainbat kantutan. Guztiak gai nagusiak iruditzen zaizkit edonoren bizitzan. Zenbat kantu idatzi ote da horien gainean? Milaka, milioika agian. Eta hala izango da aurrerantzean ere.

– Zer dela eta 'Gorraizea'? Gortasunarekin zerikusia du hitzak...

– Gorraizearena irudi egokia iruditzen zait, disko honen asmorako. Nik ere izaten dut batzuetan, eta harrigarria zait halakoetan entzuten dudana. Diskoa ere harrigarria gertatzea nahi nuke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos