'Literaldia': Euskal kulturak bere lekua izango du Bartzelonan

'Literaldia': Euskal kulturak bere lekua izango du Bartzelonan

Euskal etxeak antolatzen duen jaialdiak Koldo Izagirre, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Suso de Toro, Jordi Borràs, Lauaxeta, Luisa Etxeberria eta baita Joseba Sarrionandia ere eramango ditu Kataluniara

DV

Euskal literatura Bartzelonara bueltatuko da beste behin, hilabete oso batez. Literaldia, euskal etxeak antolatzen duen jaialdia, proposamen berriekin helduko da gainera aurten: asko literaturarekin lotutakoak, baina baita musika edota diziplina askotariko sorkuntzekin loturiko ekitaldiez osatuta egongo da egitaraua. Liburu ginkana bat ere egongo da aurtengoan. Gaur hasi eta hilaren 27 bitartean luzatuko da egitasmoa.

Jaialdiak hamalau urte beteko ditu eta Katalunian jada izen ezagunak direnak eta aurkikuntza bilakatuko diren beste izen batzuk ere aurkeztuko dizkiete hiritarrei: Koldo Izagirre, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Suso de Toro, Jordi Borràs, Lauaxeta, Luisa Etxeberria eta baita Joseba Sarrionandia ere.

Hain zuzen ere, bihar, kantu afaria egingo dute Hizkuntza Eskolan euskara ikasi daitekenetik 25 urte igaro direla ospatzeko. Hilaren 13an, Izaro gazte mallabiarrak kontzertua izango da, 20:00etan, Ateneu l'Armonia-n ere bai.

18an Kirmen Uribe idazlearen eta Mikel Urdangarin musikariaren lankidetzaren txanda izango da. Ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia, 'Bar Puerto' edota New Yorken aurkeztu zuten 'Zaharregia, txikiegia agian' izeneko CD-liburuan ibili dira elkarlanean jada. Bob Holmanek eta Margaret Snyderek 2004ko poesia-grabaketa onenetarikoen artean kokatu zuten lan hura. Eta besteak beste, Espainia, Frantzia, Irlanda, Alemania eta Estatu Batuetan eskaini zuten segidan ikuskizuna. 2006ko Donostiako Zinemaldian, gainera, Arkaitz Basterra zinegileak 'Agian' izeneko dokumentala aurkeztu zuen, talde horren esperientzietan oinarrituta.

2013an, 'Jainko Txiki eta Jostalari hura' eraman zuten taula gainera. New Yorken aurkeztu zuten hura ere, Bowery Arts & Science aretoan, eta hainbat emanaldi eskaini Europan eta Estatu Batuetan. Orain berriz elkartuko dira zuzeneko berezi bat egiteko. Zaldiak eta beren itzalak izenburupean, abestiak, poesia eta musika uztartuko dituzte; ahotsaz eta gitarraz soilik lagundurik, emozioa, gogoeta, memoria eta hurbiltasuna izango dituzte xede.

Egitarau osoa ikusgai dute webgunean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos