Liburutegiek eta liburuzainek ere badute tokia tapiz gorrian

Film ezagun askotako irudiak eskegi dituzte hormetan./
Film ezagun askotako irudiak eskegi dituzte hormetan.

Liburuaren mundua zineman nola azaldu den islatzen duen erakusketa ireki du Artiumek

Liburuak, liburuzainak, liburutegiak eta erakusketak gogoko dituztenek, Gasteizen dute hitzordua, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak 'Liburutegiak tapiz gorriaren gainean' erakusketa dokumentala paratu baitu Mintegi aretoan, 2018ko apirilaren 7ra arte. Zinemaren historian zehar liburutegiek eta haietan lan egiten duten profesionalek izan duten islaren berrikuspena da erakusketa, bere arduradunek adierazi dutenez.

Horrela, liburuzainak protagonista diren eszena batzuk berreskuratu dira erakusketarako, asko eta asko estereotipoz beteak, eta Artiumen Liburutegiko kontsulta liburuak eta pelikulak bildu dira. Elena Roseras komisario duen erakusketak webgune bat dauka, gaiari eta hautatutako pelikulen artean esanguratsuenei buruzko informazio gehigarriarekin.

Harold Shaw zinemagileak Mary Fuller protagonista zela 1912an zuzendutako 'The librarian' da liburuzain baten pertsonaia aurkezten duen lehen pelikula, protagonistaren rolean, gainera. Melodrama mutu horren irudirik ez da gorde -agiri dokumentalak bai-, baina haren ondoren, era guztietako generotako pelikula ugaritan agertu dira profesional hauek garrantzi handiagoko edo txikiagoko roletan, hasi marrazki bizidunetatik eta akzio pelikuletaraino.

Artiumen Dokumentazio Zentroak egindako 'Liburutegiak tapiz gorriaren gainean' erakusketak film horien artean garrantzitsuenetako batzuk berreskuratu eta aurkeztuko dizkie bisitariei. Alde batetik, pelikula ezagun batzuen fotogramak eta elkarrizketak jarri dira ikusgai, batzuk klasikoak, esate baterako, 'No man of her own', Clark Gable eta Carole Lombard protagonista dituen melodrama, edota zientzia fikziozkoak, esaterako, 'Star Wars, Episode III: Attack of the clones', George Lucas zuzendariaren sail ezagunekoa.

Bestalde, zinemaren historiari buruzko 30 bat liburu ere jarri dira erakusketan, Artiumen Liburutegiaren funtsetakoak. Batzuk, Dario D'Alessandroren 'Silenzio in sala! La biblioteca nel cinema' esaterako, erakusketaren gaiari buruzkoak dira. Erakusketan aipatzen diren pelikula batzuen kartelak ere berregin dira, hormetan jartzeko.

Azkenik, 50 pelikula baino gehiago hautatu dira Liburutegiaren funtsen artean, eta ohiko lekutik atera eta erakusketako apaletan jarri dira. Gainera, pantaila batean, liburutegiak eta liburuzainak agertzen diren film horietako eszenak ikusteko aukera ere dago.

'Liburutegiak tapiz gorriaren gainean' erakusketak webgune dokumental bat du Artiumen DokuArt atarian. Bertan, erabiltzaileak informazio osoa jaso dezake zinemak liburutegiei eta liburuzainei eman dien tratamenduari buruz eta erakusketarako hautatutako pelikulen inguruko hainbat daturi buruz. Erakusketaren bisitariek bertan kontsulta dezakete web orria, aretoan kokatutako ukimen pantaila baten bidez.0

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos