Liburuko akats teknikoa -idazlearentzat tortura- eta José de Artecheren errieta

Badirudi Diputazioko liburuzainak Santa Bernardetteren antza hartu ziola portadan ageri zen neskari

F. I. DONOSTIA.

Benetan merezi du irakurtzea Ramon Saizarbitoriak bere 'Egunero hasten delako' obraren 2007ko bosgarren edizio hari egin zion hitzaurrea. Besteak beste, idazleak kontatzen du urteetan iraun dion trauma: obraren bukaera aldera, Gisèleren aborto-ebakuntza deskribatzen delarik, halako batean medikuak forzeps bat eskatzen dio laguntzaileari. «Garaian, nik ez nekien fitsik abortatzeko teknikei buruz, ez haurdunaldiaren fisiologiari buruz, eta, ondorioz, ezta protagonistaren gestazio denborari zegokion enbrioiaren neurriari buruz ere, eta pentsa-tzen dut filmen batean ikusitako irudiak hala iradokita, efektu dramatiko bat lortzeko edo -besterik ezean ere bai- azaltzen nuela bestalde hain izen bortitz eta zirraragarria duen tresna kirurgikoa. Baina, noski, agerikoa denez, erabat lekuz kanpo gertatzen da zentimetro bat baino gehiago izan beharko ez lukeen enbrioia askatzeko aipatzea, hain zuzen ere, umeak erditze kanaletik irteteko arazoak dituenean, handiegia delako sarritan, erabiltzen den tresna baita», dio orain dela hamaika urteko hitzaurre horretan.

Halaber, kontatzen du José de Artecherekin izandako iskanbila. Gizon hura 'El abrazo de los muertos' eguneroko famatua idatzitakoa zen eta Diputazioko Bibliotekan egiten zuen lan, Gipuzkoa Plazako jauregian. Behin, Saizarbitoria han zegoela, liburu baten fitxa bilatzen, liburuzainak, hatz erakuslearekin seinalatuz, zera galdetu zion: «Zu Saizarbitoria zera, ezta?» Idazleak baietz erantzun, eta orduan Artechek, bere ahots burrunbatsuaz: «Barkamena eskatu behar diozu Euskal Herriari belauniko!». Gero, ez daki nola, Saizarbitoriak jakin zuen gizon haren haserrearen motiboa portada izan zela. «Lehendabiziko argitalpenaren azala orain mundu zabalean ezaguna den Alberto Corazón diseinatzailearen lana da, eta bertan neska baten aurpegia azaltzen da. Artechek Santa Bernardetteren antza hartu zion, nonbait, eta pentsatu bide zuen asmo txarrez aukeratu genuela abortatu egiten duen protagonista irudikatzeko».

Galdetu zion Corazóni, «eta ezetz esan zidan, hain zuzen ere, berarentzat familia bezalakoa zen Donostiako Castells-Artetxetarretako neska bat zela».

Pasadizo hori oso jakingarri eta argigarria da Ramon Saizarbitoriaren iritziz: «Uste dut egungo giroan nekez imajina daitekeen eszena honek balio duela nire garaiko hura ulertzen laguntzeko eta, batez ere, orduko urratzaile modernook zenbateraino ginen gizajo erakusteko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos