Idazle eta ilustratzaile gogokoenak aukeratu dituzte ikastoletako ikasleek

Seriotasun handiz antolatu dituzte /N.I.E.
Seriotasun handiz antolatu dituzte / N.I.E.

JUUL literatur hauteskundeen 20. edizioan 54 ikastolatako ikasleek hartu dute parte

Hogeigarren urtez jarraian, literatur hauteskundeak burutu ditu Ikastolen Elkarteak, ikasleek aukeratu ditzaten gogokoen dituzten idazle eta ilustratzaileak. Bozketa asteartean, apirilak 17, egin zen Euskal Herri osoko 54 ikastolatan. Ikasleek bi aukera izan zituzten boza emateko: ohiko boto-txartela eta kanpainari atxikitako web gunearen bitartez gauzatu ahal izan den bozketa elektronikoa.

JUUL kanpaina ikasturtean zehar «gelan, etxean, ikastola, herrian eta Euskal Herrian irakurketaren zaletasuna bultzatzeko lantzen diren jarduerez osatuta dago», antolatzaileek diotenez. Hauteskundeak, beraz, azken ekintzetariko bat da, ikastola bakoitzak duen irakurzaletasuna bultzatzeko planaren barruan egiten dena betiere. Aurtengo edizioan, 15.832 boto eman dira liburuen atalean, eta 7.339 ilustratzaileenean. Izan ere, boto-emaile askok bi aukeretan parte hartzen dute, hau da, liburu gustukoena zein ilustratzaile gustukoena aukeratzeko botoa ematen dute.

Liburuei dagokien bozketa zikloka sailkatutako sei kategoriatan egiten da, eta kategoria bakoitzean hautatzen dira hiru liburu bozkatuenak. Aurten, Haur Hezkuntzako (3-6 urte) umeek gehien bozkatu duten liburua Tttarttalok argitaratutako 'Otsoaren ipuina' izan da, Veronique Caplainena. Steve Smallmanen 'Afaltzera etorri zen arkumetxoa' (Denonartean) eta Olga de Diosen 'Munstro arrosa' (Denonartean) sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan.

LH1 eta LH2ko ikasleek (6-8 urte) Joana Zigandak autoeditatutako 'Ni neu galtzeta' aukeratu dute, Nuria Figuerasen 'Oilo txikia' (Ibaizabal) eta Paddy Rekalderen 'Kartoizko kaja'-ren (Elkar) aurretik.

Castillo Suarezen 'Agur, Agur!' (Erein) izan da, berriz, LH3 eta LH4ko (8-10 urte) ikasleen artean bozka gehien jaso duena. Bigarren eta hirugarren postuetan gelditu dira, hurrenez hurren, Ana Jaka Ixon Elkar eta Roberto Santiago Futboleroak 1 - Lokartutako arbitroen misterioa Ikasmina.

LH5 eta LH6 mailetan dabiltzan 10-12 urteko irakurle gazteek lehen postua eman diote Estibaliz Vivancoren 'Argixorgin' liburuari (Elkar), bigarrena Toti Martínez de Lezearen 'Nur eta Irlandarako bidaia'-ri (Erein) eta hirugarrena Lur Gallastegiren 'Uda bat Senegalen' lanari (Elkar). Bozka kopuru handiena, hain zuzen, kategoria honetan jaso da: 3.617.

DBH osoa 12-16 urte bitarteko nerabeen bozak jasotzen dituen kategoria bakarrean dago sartuta. Eta irakurle gazte horiei gehien gustatu zaien liburua Jasone Osororen 'Eskularru beltzak' Elkar izan da. Bigarren gelditu da Jon Arretxeren '19 kamera' (Erein) eta hirugarren, berriz, Igor Elortzaren 'Margolanak' (Begiko).

Ilustratzaileei dagokienez, Juan Luis eta Iván Landa anaiek jaso dute boto gehien, eta sailkapena osatu dute, hurrenkera horretan, Iosu Mitxelenak, Joseba Larralde 'Josevisky'-k, Eider Eibarrek eta Jokin Mitxelenak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos