Liburu elektronikoaren hazkundea moteldu egin da

2016an 9,5 eurokokoa izan zen liburu elektronikoek batez besteko salneurria. / DV

Iaz aurreko urtean baino e-book gutxiago saldu ziren Espainiar estatuan, eta fakturazio orokorraren %5 baino ez zieten ekarri argitaletxeei

M. IMAZDonostia

Espainiako Editoreen Gremioen Federazioko presidente Daniel Fernándezek sektoreak 2016an izan zuen martxaren berri ematen duen txostenaren aurrerapena aurkeztu du, azalduz apurka-apurka ari dela suspertzen, nahiz eta urruti egon oraindik krisialdiaren aurreko marketatik. "2014az geroztik urtez urteko hazkunde txiki baina jarraituei eutsi zaienez, goranzko joera egonkortu egin dela esan daiteke", adierazi du, nahiz eta 2016an fakturatu ziren 2.317 milioi euroak -aurreko urtearekin alderatuta %2,7ko igoera ekarri zutenak-, urruti samar egon oraindik 2008ko 3.014 milioietatik.

Guztira 81.496 izenburu argitaratu ziren 2016an Espainiar Estatuan, % 22,8 haurren, gazteen eta didaktikaren arlokoak izan zirelarik. Batez besteko tirada 2.749 alekoa izan zen, eta prezioa 14,74 eurokoa. Iaz kaleratutako izenburu berri horiek 620.316ra eraman zuten Espainiar estatuko argitaletxe denen funts bizien artean osatutako katalogoa. Hizkuntza nagusia, jakina, gaztelania izan zen. Euskaraz, iturri horren arabera, 1.790 izenburu argitaratu ziren, guztizkoaren %2,2.

Iazko ekoizpena hizkuntzaren arabera. / Datuak: Espainiako Editoreen Gremioen Federazioa

2016ko ekoizpenari buruzko datuak, ISBN (Liburuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatuaren) agentzian erregistratutako izenburuen datuen araberakoak, ezagunak ziren otsailaz geroztik, baina oraingo honetan zabaldu dituztenak sektorearen emaitza ekonomikoei dagozkie, salmentei batik bat. Genero desberdinek salmentak modu gero eta orekatuagoan partekatzen badituzte ere, fakturazioaren %37 unibertsitateaz ez besteko testuliburuak eman zion sektoreari iaz, %3,1eko igoeraz. Helduentzako literaturaren ekarpena izan zen fakturazioaren %19,3koa (+%1,4) eta haur eta gazte literaturarena berriz %12koa (+%7,1). Esan beharra dago apurka-apurka presentzia erlatiboa galtzen doala helduentzako literatura, fakturazioaren %21,5 izatera iritsi baitzen 2013an, sektorearen kontuek hondoa jo zuten urtean.

Helduentzako literaturaren arloan, bestalde, bada aldaketa deigarri bat. Hain zuzen ere, nobela mota guztien salmentek egin zuten gora iaz, batez ere nobela erromantikoarenek (+%16). Salbuespena izan ziren azken urteetan oso modan egon diren nobela erotikoa (-%39,5) eta nobela poliziakoa (-%5) izan ezik. Haur eta gazte literatura ere ondo portatu zen fakturazioaren aldetik, %7,1 hobetu baitzuen 2015ekoa. Hazkunde nagusiak, edonola ere, liburu zientifiko-teknikoaren (%8) eta giza eta gizarte zientzietakoen arloan (%9,6) eman ziren.

Fakturazioaren bilakaera 2006tik 2016ra. / Iturria: Espainiako Editoreen Gremioen Federazioa

Beste bi joera berretsi dituzte datuok: poltsikoko liburuaren atzeraldia eta liburu elektronikoaren hazkundearen moteltzea. 2016an poltsikoko formatuan argitaratutako liburuen salmentek behera egiten jarraitu zuten. Batez beste 7,89 euroko prezioa izan zuten liburu horien salmentek 90,79 milio euroko fakturazioa eragin zuten, aurreko urtean baino %4 gutxiago. Formatu horretan argitaratutako tituluen kopurua handitu bazen ere (4.471 izenburu, %6,2 gehiago), gutxiago saldu ziren (11,5 milioi, %5,6 gutxiago).

Izenburu gehiago, salmenta gutxiago

Poltsikoko libururaren borrerotzat hartua izan den liburu digitalari ere uste baino gehiago ari zaio kostatzen abiadura hartzea Espainiar estatuan. Sektoreko ordezkariek azpimarratu dute berriro ere behingoz pirateriari aurre egingo balitzaio hobeak izango liratekela datuak, baina ez dirudi alde horretatik gauzak asko aldatu direnik.

2016an liburu digitaleren fakturazioa puntu eta erdian hazi zen, 117,19 milioi eurotara iritsiz. Hala eta guztiz ere, fakturazio osoaren %5 baino ez da hori, kopuru oso txikia ikusirik nola ari den handitzen eskaintza. Iaz formatu horretan argitaratutako izenburuen kopurua %3,3 handitu zen, 45.658raino. Une honetan, 175.000 inguru izenburu ditu Espainiar estatuko argitaletxeen katalogo digitalak.

Fakturazioak zertxobait gora egin bazuen ere, gehiago bultzatu zuten hazkundea prezioek (9,5 eurokoa da batez bestekoa) salmentek baino: 12,3 milioi liburu digital saldu ziren, 2015ean baino %2,8 gutxiago.

"Zenbait urtez hazkunde esanguratsuak izan ondoren, liburu digitalaren fakturazioa moteldu egin da. Joera hori ez da bakarrik Espainian igarri, beste merkatu batzuetan ere gertatu den fenomenoa baita; esate baterako, amerikarrean edo britainiarrean. Eskaintza legalak etengabe jarraitzen du handitzen, baina salmentak ez dira ari hazten neurri berean. Hala ere, azpimarratzekoa da zenbaki absolutuetan hazkunde handiena literaturaren arloan eman dela. Mota horretako liburuen salmentak fakturazioaren %20 izatera heldu dira", gogoratu du Federazioko lehendakariorde Rosalina Díazek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos