«Uste nuen ez nuela irabaziko, liburuak ukitzen duen gaiagatik»

Arantxa Urretabizkaia Euskarazko saiakera

F. I. DONOSTIA.

Oso ibilbide luzeko idazlea da, baina lehenengo aldia da Urretabizkaiak Euskadi literatur saria irabazten duena. «Nik nahi nuen sari hau irabazi, badakit oso gauza dotorea dela esatea sariek ez dutela garrantzirik, baina nahi nuen, bai. Behin baino gehiagotan izan naiz finalista, eta oraingoan uste nuen ez nuela irabaziko, gaiagatik», adierazi du Arantxa Urretabizkaiak saria jakinarazi eta handik gutxira.

Jakina denez, Hondarribiko alardean emakumeen parte-hartzeari buruzko liburua da 'Bertan ikasia'. Donostian jaioa da Urretabizkaia, baina hiru hamarkada badira Hondarribira aldatu zela. Jaizkibel konpainiaren sortzaileetako bat izan zen, duela hogei urte, eta horregatik pertsona seinalatua izan da, hitzaren bi adieretan esanda.

Gatazka handia eta latza egon da Hondarribian alardea dela eta. 'Bertan ikasia'-n, urteetan ikusitakoak eta sufritutakoak kontatu ditu Urretabizkaiak. Liburuak badu kronikatik eta baita fikziotik ere. «Ni kazetari ere banaiz, eta egin nezakeen kaztetari-lana, baina hartara besteek egiten dutena eta esaten dutena baino ezingo nuen paperera ekarri. Besteek zer pentsatzen duten, hori ere islatu nahi nuen, eta horregatik jo dut fikziora».

«Oso gauza dotorea da esatea sariek ez dutela garrantzirik, baina nik irabazi egin nahi nuen»

Sariketako epaimahaiaren aburuz, liburuan ez da gorrotorik agertzen edo sumatzen, eta idazlea bat dator: «Nik es dut inoiz gorrotorik sentitu eta nigandik ez da horrelakorik aterako».

Literatura egiten jarraitzen du. «Normalean, liburu bat bukatu orduko argi izaten dut hurrengoa nondik nora joango den, baina oraingoan ez dakit zer esani. Hori bai, fikzioa izango da, erabateko fik-zioa».

Fotos

Vídeos