'Txoriak dira bederatzi', gogoeta laburrez osatutako liburua

Tere Irastortza eta liburuko marrazkiak egin dituen Iñaki Bastarrika./F. IBARGUTXI
Tere Irastortza eta liburuko marrazkiak egin dituen Iñaki Bastarrika. / F. IBARGUTXI

Saiakeratik gertu dagoen liburuan era askotako materialak jaso ditu Tere Irastortzak: aforismo tankerakoak, hausnarketa etimologikoak, beste idazle batzuen esanak...

FELIX IBARGUTXI

'Txoriak dira bederatzi' liburua plazaratu du Tere Irastortzak Pamiela etxearen bidez. Gogoeta laburrez osatutako liburu fragmentarioa da. Era askotako materialak dakartza. Badaude aforismo luzeen tankerako aleak eta, tarteka, beste idazle batzuen esanak topatuko ditu irakurleak. Gainera, Tere Irastortzaren hausnarketa etimologikoak aurkituko ditu. Ahalegin berezia egiten du Zaldibiako idazleak hitzen alde 'zaharra' gogorarazteko, argitara ekartzeko azken batean, baina ez ikuspegi filologikoaz, poetikoaz baizik. Liburuaren aurkezpenean aitortu duenez, makina bat aldiz ibili da jolasean Resurreccion Maria Azkueren hiztegiarekin eta oso jolas emankorra gertatu omen zaio. Arkatza hartuta irakurri beharreko liburua omen da.

Ibilbide luzeko idazlea da Tere Irastortza (Zaldibia, 1961). 1980an plazaratu zuen lehen liburua, 'Gabeziak' poesia-bilduma, eta harrezkero olerkia eta saiakera landu ditu batik bat. Beasaingo Andramendi ikastolako zuzendaria da eta Bergarako Idazle Eskolako sortzaile eta irakaslea ere bai.

Sei urteren buruan sortutako materiala

2010-2016 epean sortu eta bildutako materialak ekarri ditu oraingo liburu honetara. "Hirulau urte izan ziren idazten hasi eta poesia besterik ateratzen ez zitzaidanak. Eten bat egin nahian, iaz liburu honen prestaketari ekin nion, zenbait urtetan zehar osatutako koadernoak hartuta", adierazi du.

Badira urteak, adibidez, 'on' hitzaren inguruan gogoetaka dabilela. "Orain ez daude modan pertsona onak. Onaren zentzu peioratiboa ari da garatzen. Ematen du antipatiko izan behar duzula. Ni konklusio honetara iritsi naiz: ona hobea dela", esan du. Hona hemen liburuko aleetako bat: "Ona, bere baitan bukatzen ez dena: On eta ondo, eta ondorengo. Horregatik dira 'onak' aitona eta amona, amaren ama (amama) izen direlako edo aitaren aita (aitaita), herri bat edo baserri bat edo etxea sortu dutenez, amandre eta etxejaun direlako".

"Hainbat emakumek lagundu didate, itzala balira bezala, adibidez Virginia Woolf, Hannah Arendt, Lou Andreas Salomé eta Marina Tsvietaieva", aitortu du Zaldibiako idazleak. Haien aipamenak ugariak dira liburuan zehar, baina ekarri ditu beste batzuen aleak ere, hala nola Rainer MªRilke, Wislawa Szymbroska, Karmele Igartua, René Char, Jorge Semprún, Arnaut Oihenart eta Orixe.

Izenburuari dagokionez, Mikel Azurmendiren 'Euskal nortasunaren animaliak' liburuan ikusitako enumerazio batean oinarritu da Tere. Portadako marrazkian, hala ere, ez dira bederatzi txori ageri, baizik eta zortzi. Bestea zazpigarren orrialdeko argazki batean ageri da: Remigio Mendibururen 'Txoria' eskultura, alegia.

Hainbat marrazkiz osatutako liburua da, eta alderdi grafiko horretaz Iñaki Bastarrika arduratu da. Aspaldiko lagunak dira Tere eta Iñaki, eta benetako elkarlana izan omen da; hau da, testuak irakurri ahala egin ditu irudiak Zumarragakoak, eta gero, zegokion testuaren ondoan ipini dute delako marrazkia. Bastarrikari, gehien, Iratortzaren esaldi hau gustatu zaio: "Urari oraina dario".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos