Testuliburuak eta haur eta gazte literaturakoak nagusi euskarazko liburugintzan

Liburuan eta erosleak 2016ko Durangoko Azokan./MORQUECHO
Liburuan eta erosleak 2016ko Durangoko Azokan. / MORQUECHO

2016an EAEn argitaratu ziren liburuen %28 baino ez ziren euskaraz kaleratu, eta horien ia %65 ikasliburuak eta haur literaturakoak izan ziren

INE Espainiako estatistika institutuak zabaldu berri duen 2016ko ekoizpen editorialari buruzko informazioaren arabera, EAEn eta Nafarroan batez bestekoaren oso gainetik egon zen argitaratutako tituluen kopuruaren beherakada. Estatu mailan, 2016an 59.567 titulu argitaratu ziren, aurreko urtean baino %2,4 gutxiago. Madril (21.240) eta Katalunia (16.895) erraldoien oso atzetik ibili arren, titulu gehien ekoitzi ziren bosgarren erkidegoa izan zen EAE, 1.569 izenbururekin. 2015eko datuekin alderatuta, %9,6koa izan zen erorketa. Estatuko murrizketa handiena, ordea, Nafarroan gertatu zen, non 927 titulu argitaratu ziren, aurreko urtean baino %24,3 gutxiago.

Hizkuntzei dagokienez, gaztelania izan zen jaun eta jabe, guztizkoaren %75,3arekin. Katalanez titulu guztien %9,7 argitaratu ziren, galegoz %1,6, euskaraz %1,2 eta valentzieraz 1,1%. Hizkuntza propioa duten erkidegoetan ere gaztelania izan zen nagusi, Balear Uharteetan izan ezik. Horixe izan zen hain zuzen bertako hizkuntzan gaztelaniaz baino liburu gehiago argitaratu ziren erkidego bakarra: %48,5 katalanez, eta %38,1 gaztelaniaz.

EAEn merkaturatutako liburuen erdiak (%49,7) gaztelaniaz argitaratu ziren, eta %28,1 euskaraz. Katalan eta galegozko apurren batzuk ere argitaratu ziren, eta kontuan hartzeko moduko kopurura (%17,4ra) heldu ziren hizkuntza batean baino gehiagotan argitaratutakoak. Nafarroan, berriz, euskaraz argitaratutako liburuak ez ziren %9ra iritsi. Bertako hizkuntzan argitaratutako liburuen ehunekoa EAEn baino altuagoa izan zen Galizian (%37,7) eta baxuagoa Katalunian (%26,5) eta Valentzian (%17,1). Edonola ere, euskarazko titulu guztiak ez ziren Hego Euskal Herrian argitaratu: %18 Madrilen argitaratu ziren eta %7 Katalunian.

Euskarazko ekoizpen editorialak baditu bi berezitasun deigarri gainerako erkidego eta hizkuntzekin alderatzen bada: testuliburuen eta haur eta gazte literaturakoen pisu handia. Estatu osoko datuak hartuta, guztizko ekoizpenaren %8,6 izan ziren testuliburuak. Euskarazkoetara mugatuta, ordea, %29,9ra heldu zen horien presentzia. Haur eta gazte literaturako liburuei dagokienez, Estatuko batez bestekoan tituluen %11,6 izan ziren 2016an. Testuliburuen kasuan bezala, haur eta gazte literaturako liburuak presentzia handiagoa dute hizkuntza propioa duten erkidegoetan, baina ez dira iristen euskarazko ekoizpenean duen pisura, guztizkoaren %34,7koa izan baitzen 2016an. Valentzieraren kasuan %27,4koa izan zen, katalanarenean %24koa, eta %19,9koa galegoaren kasuan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos