Taberna-zulo giroko sei ipuin, eta denetariko beste sei

Gotzon Hermosilla, liburuaren aurkezpenean./
Gotzon Hermosilla, liburuaren aurkezpenean.

'Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk' liburuarekin egin du Gotzon Hermosillak lehen bakarkako sarraldia fikzioan, han eta hemen sariak irabazitako ipuinak eta orain arte argitaratu gabekoak bilduz

N. AZURMENDI

Gotzon Hermosillak (Barakaldo, 1966) ia egunero idazten du. Kazetari gisa, 'Berria' egunkarian. Bestela, esperimentatzea gustuko duelako, gogoko dituen gaiei buruz aritzeko... Zenbait lehiaketatara ere bidali izan ditu ipuinak, eta horietako dezente irabazi. Gainera, baditu argitaratuta bizpahiru liburu, baina 'Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk' da fikzioaren eremuan egiten duen bakarkako lehen sarraldia.

Hamabi ipuin bildu ditu. Sei gehi sei. Lehen seiak dira liburua irekitzen duen 'Gaur galtzea tokatzen da'-ren estilokoak; Iñigo Basaguren-Duarte eta Igor Mercadorekin partekatu zuen 'Idoloak akatu genituenekoa' (Barnezomorro, 2016) bildumaren tankerakoak. Orduko hartan, 18 talderen kanta bana aukeratu eta horietan oinarritutako beste horrenbeste kontakizun sortu zituzten. Punk literatura. Sexua, droga eta rock and rolla. «Gau giroa, kale estuak, droga, musika, taberna-zuloak...».

Bilduma honetan garrantzi izugarria dute liburuaren erdia bereganatzen duen giro eta garai haiek. Azaletik hasita. Zakarrontziei erreparatzen bazaie, ikusiko da La Polla Records-en 'No somos nada'-ren azalaren erreprodukzio bat, zaborretara botatakoa itxuraz. Horrexen bertsioa eraman dute liburuaren azalera, eta horrexek islatzen duen giroak blaitzen ditu aurreneko sei ipuinak.

Unai Aranaren azala, La Polla Records-en 'No somos nada' azalean oinarritua.
Unai Aranaren azala, La Polla Records-en 'No somos nada' azalean oinarritua.

Beste sei ipuinetan, 'beste istorio' horietan, denetarik aurki daiteke, bai denboran, bai espazioan, bai gaietan. Aniztasun horretan, hala ere, badaude bildumari batasun nabarmena ematen dioten osagaiak: Xabier Mendiguren editoreak esan zuen bezala, «Gotzon Hermosillak oso ondo idazten du» eta, bat edo beste pixka bat luzatzen bada ere, laburrak dira ipuin gehienak.

Zaharrena, 2001ekoa

Norbaitek argitu ezean, jakinaren gainean ez dagoen irakurleak nekez igarriko duen beste ezaugarri bat du bildumak: ipuinik gehienak sarituak izan dira hango eta hemengo lehiaketetan. «Horrelakoetan, normalean, hedapen urria izaten dute argitalpenek, eta gogoa nuen, ilusioa egiten zidan, barreiatuta zeuden hainbat ipuin biltzea», azaldu du idazleak Unai Aranaren azal eder eta adierazgarria duen liburuaren aurkezpenean. Ez dituzte bildumara batu idatzita dauzkan ipuin denak baina, kanpoan gelditu diren horien faltan, liburuak erakusten du nola egin duen aurrera ipuingintzan Gotzon Hermosillak azken urteotan, 2001ekoa baita lanik zaharrena, eta iazkoak berrienak.

Giro jakin bat ez ezik, bere mundua ere islatu du ipuin askotan Hermosillak, umetatik ezagutu duena; euskal literaturan presentzia eskasa duten –eta daukatenean, topikoen menpekoa– Ezkerraldea, Meatzaldea, inmigrazioa... «Euskal Herriaren imajinarioan gure eremuak ere behar du toki bat», adierazi du. «Zikina eta itsusia izan zen gure umetako ametsak moldatu zituen paisaia. Baina gurea zen. Geure-geurea», idatzi zuen 'Lapurreten inbentarioa' ipuinean.

Gotzon Hermosillak aurreratu du aspalditik dabilela euskal literaturak 'periferia' horrekin duen harremana aztertzen. Asko irakurtzen du, eta libururen batean aurkitzen duenean Barakaldo, edo Sestao, edo Ezkerraldeko eta Meatzaldeko paraje, pertsonaia edo pasarteren bat, apuntatu egiten omen du. Eta apunte horiek erakusten diote nekez astinduko dutela toki eta jende horiek topikoen zama. Hori eta beste zenbait 'esperimentu' gordeta dauzka. Ez omen da planak egiten dituen idazle horietakoa baina, behin bidea irekita, iritsiko dira akaso horiek ere irakurleengana.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos