Sentimenduez eta bakardadeaz

Sentimenduez eta bakardadeaz

Idazlanaren ardatz argumentala Asierrek eta Josebak osatzen duten bikotearen harremanean antolatuta dago

JAVIER ROJO

Juanjo Olasagarrek aurten bere hirugarren nobela eman du argitara, 'Poz aldrebesa'. Idazlanaren ardatz argumentala Asierrek eta Josebak osatzen duten bikotearen harremanean antolatuta dago. Harreman hori 90eko hamarkadaren hasieratik hogei urtean zehar bilakatzen ikusiko dugu, paraleloan antolatuta dauden bi hariri jarraituta. Alde batetik, 90eko urte haietatik abiatzen den haria kontatzen zaigu, harremanaren hasiera eta bilakaera zelan gauzatzen den aurkeztuz.

Bestalde, bigarren harian, bikotea hogei urte pasa eta gero aurkezten zaigu, bikotearen 'oraina' azalduz. Bigarren hari honetan erdigunean kokatzen dira Axiri ematen dion bihotzekoa eta honen ondoriozko ezintasuna. Bi hari hauek txandaka plazaratzen dira liburuan, eta irakurlea adi egon behar da batean agertzen diren erreferentziak bestean dituen azalpenekin lotzeko, batzuetan zenbait xehetasunen garrantzia oharkabean pasa daiteke-eta.

Bikote homosexuala den aldetik, ematen du ezaugarri zehatz honek pertsonaien beste edozein ezaugarri ezkutatzen duela. Pertsonaien kezka nagusia, pertsonaien hitzetan agertzen diren erreferen-tzia eta aipamen gehienak haien homosexualitatearen ingurukoak dira. Honek munduaren gaineko ikuskera determinatzen du, mundua pertsonaien 'gaytasunetik' begiratzen da. Aipagarria da Josebaren ikuspuntua da. Pertsonaia honek homosexualitatea identitatea zehazten duen militantzia moduan sentitzen du, planteamendu etikoa izango balitz bezala. Baina Axiren bihotzekoaren ondoren, jarrera hau motelduz doala ematen du.

Narrazio diskurtsoaren aldetik, eleberria hirugarren pertsonan kontatuta dago orojakilea dirudien narratzaile baten bidez. Narratzaile honek berebiziko kezka erakusten du pertsonaiek pentsatzen eta sentitzen dutena azaltzeko. Izan ere, pertsonaiek egiten dutena baino garrantzitsuagoa baita beraien buruetatik pasatzen dena azaltzea, haien hausnarketak-eta erakustea, askotan zehaztasun handiz. Istorio honetan azken finean pertsonen arteko harremanez hitz egiten da, sentimenduez eta bakardadeaz.

Poz Aldrebesa

Egilea:
Juanjo Olasagarre
Generoa:
Eleberria
Argitaletxea:
Susa. Zaratuz, 2017
Páginas:
334
Prezioa:
23 euro

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos