Senarraren ausentziak eragindako poemak

Zazpigarren olerki-bilduma du Ines Goikoetxeak 'Lanbroaren malkoa'. /SARA SANTOS
Zazpigarren olerki-bilduma du Ines Goikoetxeak 'Lanbroaren malkoa'. / SARA SANTOS

Ines Goikoetxeak 'Lanboraren malkoa' plazaratu du, hau ere naturan zentratua

FELIX IBARGUTXI

Ines Goikoetxeak (Donostia, 1939) 'Lanbroaren malkoa' olerki-liburua kaleratu du, Beta argitaletxearen bidez. Bertako testuetan nabaria da alargundu izana, senarraren heriotza. Eta, aurreko liburuetan bezala, naturak presentzia handia du.

Idazle honen zazpigarren olerki-bilduma da. "Ausartuko naiz esatera liburu hau dela Inesen autobiografikoena. Beti esperientziaren poesia egin izan du eta oraingo liburua ere halakoxea da", adierazi zuen Eli Tolaretxipi poetak –eta liburuaren egilearen adiskideak– obra berria aurkeztean, lehengo ostiralean Donostiako Fnac-en. "Senarraren galerak eragin handia izan du Inesengan, eta poetak naturan proiektatzen du galera hori, atsekabe hori".

Argi-ilunak daude poemetan zehar, gehiego ilunaldiak argi-uneak baino. "Naturaren mugimenduak eta bihotzarenak irakur daitezke hemen. Badaude otoi tankerako aleak ere. Edna O'Brien irlandar idazlea ekarri dit gogora batzuetan", gaineratu zuen Tolaretxipik.

Ines Goioketxea, berriz, honela mintzatu zen aurkezpen-ekitaldian: "Natura oso garrantzitsua da nire liburuetan. Beti da ezberdina. Naturatik gertu nagoelarik, bozetoa egiten dut eta hura etxean lantzen dut gero, margolariak egiten duen bezala. Mendiak mugitzen, hunkitzen nau, batez ere Araitz bailarak eta Arantzazuk. Itsasoak, berriz, ez hainbeste. Gizona itsasokoa nuen eta hura galdu ezkeroztik, beharbada orain gehiago maite dut itsasoa ere".

Etxean Chopin eta Bachen piano-soinuak entzunez idatzi ohi du. "Oraintxe gustura egingo nuke piano-karrera". Ez darabil ordenagailurik, beti paper eta boligrafoarekin eraikitzen ditu testuak, batzuetan hasierako lerroak bukaeran errepikatuz. "Iruditzen zait era horretara poemak borobilago geratzen direla".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos