Poetaz gainezka dator 'Hegats' aldizkaria

Jasone Osoro EIEko lehendakaria eta Felipe Juaristi, aldizkariaren editorea./F.I.
Jasone Osoro EIEko lehendakaria eta Felipe Juaristi, aldizkariaren editorea. / F.I.

Aro berriko hirugarren urte honetan Felipe Juaristi jardun da editore

FELIX IBARGUTXI

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) 'Hegats' aldizkariaren 55. alea plazaratu du. Garai batean liburuxka itxura zeukanak magazine itxura hartu zuen 2016an, eta urtean ale bat kaleratu izan da aspalditik. Oraingoan, editore moduan, Felipe Juaristi jardun da, eta lehentasuna poesiari eman dio. Besteak beste, Luis Garde, Patxi Ezkiaga, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta beste bi poeta oso gazteri –Beatriz Chivite eta Garazi Ugalde– egindako elkarrizketak dakartza aldizkariak. Orain bi urte eta iaz, berriz, Lander Garro eta Alaine Agirre, hurrenez hurren, aritu ziren editore.

Gaixotu zenez geroztik, Patxi Ezkiaga erretiraturik bizi da lasalletarrek Irunen daukaten erresidentzian. Hantxe egin dio elkarrizketa Felipe Juaristik berak. Halako batean, galdetzen dio: "Beraz, poesiak aldatu dezake gizakia?". Eta Ezkiagak erantzuten: "Bai, noski. Poesiak eta musikak. Nik uste dut elkarrekin doazela biak. Eta azkenean pentsatu behar da, guztia bizi ondoren, sirenak oraindik deika dauzkagula itsasotik, eta kasu egin beharra dagoela, kasu egiten badiezu azkenean joan eta akabatu egiten zaituzte, eta aurretik hildakoen islara eramaten, eta prozesu hori onartu behar da, heriotzaren prozesua".

Felipe Juaristiren iritziz, "loraldi batean dago euskal poesia, eta horren froga dira Garazi Ugalde, Beatriz Chivite eta Jule Goikoetxea". Neurri handi batean, interneti esker garatu omen da literatur genero hau. Hau idatzi du EIEko lehendakari Jasone Osorok 'Hegats' deskribatzean: "Bitxia da irakurtzea gizakiak gaur egun ez zukeela poesia asmatuko eta, aldi berean, poeta gazte batek esatea Interneti esker, Instagram, Facebook eta Twitterri esker, badaudela poeta 'superstar' modukoak, eta poesia bigarrenez jaiotzen ari dela. Ederra".

Bestalde, zenbait urteurren aintzat hartu ditu editoreak, hala nola 1917ko iraultza sobietarrarena eta 1937ko Gernikako bonbardaketarena. Leire Retolazak artikulua idatzi du Gernikako triskantzak euskal literaturan izandako oihartzunez, eta sobietar iraultzaz Joxe Iriarte 'Bikila' eta Hedoi Etxarte jardun dira.

Aurreko bi zenbakiak bezala, estetika landua dauka oraingoak. Diseinua, orain ere, Sardina Gráfica enpresak egin du, eta argazkilari Iñigo Ibañezek jardun du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos