Oskarbiren mende erdiko ibilbidea, liburu batean

Oskarbiko zenbait kide, kantari, ‘Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi 1966-2017)’ liburuaren aurkezpenean. /MIKEL FRAILE
Oskarbiko zenbait kide, kantari, ‘Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi 1966-2017)’ liburuaren aurkezpenean. / MIKEL FRAILE

Euskal kantagintza berriaren parte izandako taldearen nondik norako nagusiak biltzen dituen lana Joxelu Treku abeslariak osatu du

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

1966. urteko azaroan, Don Bosco abesbatzan ibilitako hainbat gazte Oskarbi izendatuko zuten musika talde batean bildu ziren, eta baita euskalgintzaren erreferente bilakatu ere, ospe handia irabazita. 51 urte geroago, horretan jarraitzen dute, "ez betiko martxan", Joxelu Trekuk dioenez, "baina bai betiko estiloan". Treku da, hain zuzen, hasieratik taldean egon den kideetako bat, eta 'Doinu zaharren haritik, euskal kantu berriaren bidean (Oskarbi 1966-2017)' liburuaren egilea.

Liburuak 'Oskarbiren bizitza bezain luzea' du izenburu, eta hori da, preseski, bertan kontatzen dena. Trekuk 50 urteko ibilbidea eta haren parte diren 580 kantaldi, 11 disko, milaka entsegu, ehunka afari kantatu, Ez Dok Amairu, Jorge Oteiza eta 24 Ordu Euskaraz jaialdia bildu ditu, besteak beste, argitalpenaren 400 orrialdeetan. Kontaketa hori guztia kronologikoki egin du Oskarbiko kideak, bestela egiteak ez omen du-eta zentzurik: "Gertakizunak bere garaian kokatu behar dira".

Taldearen historia kontatzeko, testu, argazki eta dokumentuez gain, liburuak zuzeneko disko bat dakar bere orrien artean. Bertan, Oskarbik eta Landarbaso abesbatzak Musikasten elkarrekin eskainitako kontzertua entzun daiteke.

Kultuzko musika

Musikaz lagunduta egin zuten ere liburuaren beraren aurkezpena atzo, Koldo Mitxelena Kulturunean, taldearen hainbat kidek. Joxelu Trekuk, Iñaki Maritxalarrek, Carlos Ruizek, Maite Lopez de Arbinak, Maite Aizkorretak eta Beronik Ondikolak abestu zituzten nostalgiaz beteriko bi kantu, 'Barberak esperantza' eta 'Bai, bai, bainan gero ez', eta oraindik jendaurrean aurkezteke duten beste bat, 'Kanta kantu kantore'.

Izan ere, Oskarbik nostalgia eta iragana gogora ekartzen dituen arren, gaur egun herririk heri abesten ari den taldea ere bada. Maite Lopez de Arbina taldeko kide gazteetako bat da eta "oso harro" dago taldearen parte izateaz, Oskarbik euskararen sustapenean izan duen esku-hartzeagatik, bereziki.

Euskal kantagintza berriaren parte izan zen Oskarbi, Ez Dok Amairu mugimendu kulturalean murgilduta, eta Iñaki Maritxalarrek berak taldean bertan ikasi zuen euskaraz hizketan: "Egiten genuena osoki maitatzea lortu nuen". Carlos Ruizek ere musikari esker hobetu zuen hizkuntza.

Biak ala biak zorionak eta eskerrak eman dizkiote Trekuri taldearen ibilbidea liburu honetan jasotzeagatik, "50 urte laburtzea lana baita", Maritxalarren arabera. Ruizek, gainera, Treku "Oskarbiren motorra" dela adierazi du, eta taldeak gaur egun "kultuzko" musika egiten duela aldarrikatu du.

Liburu berria laster erosi ahal izango da dendetan 25 euroren truke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos