"Munstroak eta jende normala elkarrekin bizi gara"

Eider Rodriguez, artxiboko argazkian, iazko Kultur Hiriburutzari atxikitako ekitaldi batean /LUSA
Eider Rodriguez, artxiboko argazkian, iazko Kultur Hiriburutzari atxikitako ekitaldi batean / LUSA

'Bihotz handiegia' eman du argitara Eider Rodriguezek, denetariko mugen arteko gune labainkorrean bizi diren pertsonaiak nagusi diren narrazio liburua

N. AZURMENDI

"Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila", idatzi zuen 2004an Joseba Sarrionandiak Eider Rodriguezen (Errenteria, 1977) ‘Eta handik gutxira gaur’ libururako prestatutako hitzaurrean. Susa argitaletxearen web gunean irakur daiteke osorik. Merezi du. Ez da batere zahartu.

16 narrazio biltzen zituen liburu harekin irten zen plazara narraziogintzari eusten dion idazlea, Susaren eskutik. Bigarrenean, 'Haragia' izenburukoan (Susa, 2007), 12 ekarri zituen. 7 zeuzkan 2008ko Igartza Beka irabazita, 2010ean Elkarrek argitaratu zuen 'Katu jendea' bildunaj. Donostian aurkeztu duen 'Bihotz handiegia', berriz, 6 kontakizunek osatzen dute.

Kopurua murriztuz joa da, eta narrazioak hazten. Idazlea ere bai, liburuaren osaketan bezala aurkezpenean ere alboan izan duen Gorka Arrese editorearen hitzetan. "Eiderren ipuin eta esateko moduek gorpuzkera berri eta sakonago bat hartu dute", adierazi du, "atmosferak islatzeko eta bizitza zatiak eskaintzeko" duen gaitasuna nabarmenduz. Eta hori "istorio ingenioso bat asmatzea" baino askoz ere zailagoa da...

Denetariko mugak

Eider Rodriguez, baina, ez da asko aldendu pausoz pauso eraikitzen ari den bidetik. Zabaldu du, urrats berria egin du, baina jarraitzen du, mamu ikusezin bat balitz bezala, bere narrazioetan bizi den jendearen etxeetan sartzen, ospitaletako geletan, medikuen kontsultetan, urtebetze festetan... Jendez beteta dagoen 'Bihotz handiegia' honetara eguneroko kontu, hitz eta pertsonaiak –emakumeak asko, eta horietako asko ama diren emakumeak– ekarri ditu. Egunerokoak dira, ez arruntak. Azalerako erabili duten Lander Garroren argazki adierazgarriko urak bezain bare itxuraz, baina azpian mamuak eta ezustekoak borborka dituztenak.

Liburuan muga oso presente dagoela esan du idazleak. Ez gai bezala, baizik eta zeharka, paisaia gisa. Muga-usaineko eremuan kokatuta daude kontakizunak, Hendaiatik Donostiara bitartean, baina bistako "muga geografiko, kultural eta linguistikoaz" gain, beste muga asko daude, denak baitauka zerbait mugante: "Bizitza eta heriotza. Sentimenduak eta emozioak. Emozioak eta arrazoia. Eromena eta ez eromena. Izan nahiko genukeena eta garena...".

Mugek balio dute bereizteko, "juntzatzeko ere bai". "Arroztasunaren eta eguneroko kotidianoaren arteko talka" ere bada muga. Eremu labainkor horretan mugitzen dira hain zuzen pertsonaia gehienak, hor bizi dira, mugen eraginpean, zalantza eta kontraesanei ahal duten moduan aurre egiten. Batzuetan munstro, batzuetan jende normal, batzuetan mamu; segun noiz, nola eta norekin. "Munstroak eta jende normala elkarrekin bizi gara", gogoratu du Eider Rodriguezek, eta ez zirudien liburuaz ari zenik soilik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos