Mendia, onenaren eta txarrenaren gertalekua

Mendiak jotako horietakoa da Aingeru Epaltza bera./SARA SANTOS
Mendiak jotako horietakoa da Aingeru Epaltza bera. / SARA SANTOS

N. AZURMENDI

Elkarrek bi denda ditu Donostiako Fermin Calbeton kalearen alde banatan. Batean dauzkate batik bat mendi-, bidaia- eta abentura-liburuak. Literaturari emana da, nagusiki, bestea. Bitzuetako erakusleihoetan dago ikusgai Aingeru Epaltzaren (Iruñea, 1960) 'Mendi-joak' liburua, Elkarrek berak argitaratua. Inon ez dago soberan liburu bat, jakina, baina literatur lanek osatutako eremuan txertatzen da ondoen Epaltzaren narrazio bilduma, "beste edozein tokitan" gerta litezkeen kontuentzako paisaia baita mendia astearte honetan Donostian aurkeztu duen liburuan. 2005 urtean 'Lasto sua' (Alberdania) argitaratu zuenetik, ekarri duen lehen ipuin liburua da.

Harrezkero egin dituen lanak daude hutsune horren zein iritsi berri den liburu honen oinarrian, 'Erresuma eta fedea' trilogian murgilduta ibili baita idazle iruindarra 2006tik 2013ra bitartean. 'Mailuaren odola' (2006), 'Izan bainintzen Nafarroako errege' (2009) eta 'Gure Jerusalem galdua' (2013) eleberriek osatutako lan erraldoi eta neketsua bukatuta, "desintoxikazio beharra" igarri zuen. "1.000 orrialde inguruko trilogia batetik nentorren. XVI-XVII. mendeetan Joanes Mailu pertsonaiaren atzetik ibiltzetik. Garai haietako euskarara hurbildu nahi zuen hizkeratik...". Bestelako zerbait behar zuen, dedikazio ia bakarreko horrenbeste urtetan pilatutako nekearen aringarri, eta mendira jo zuen aire fresko bila. Asteburuero milaka lagunek egiten duten bezala, bestalde, "Euskal Herriak, beste herri txiki askok bezala, badu mendirako joera izugarria. Mendiaren inguruko fikzioaren batzuk badira, baina ez asko gure mendizaletasunaren zabaltasuna kontuan izanda", gogoratu du Epaltzak.

Inguru ezaguna du mendia Aingeru Epaltzak. Euskal Herriko biztanle asko bezala, mendizalea da, mendiak jotako 'adiktu' horietakoa, bertako gailurretan ez ezik urrutiko mendietan ere ibilia. Etxean jokatu du hortaz oraingoan eta, estiloaren aldetik, albait gehien urrundu da aurreko ariketa lantsutik.. "XXI. mendean ibili naiz, ikuspegi askotatik kontatu ditut istorioak, eta hizkera ere guztiz desberdina da". Trilogiako liburuetara hurbildu eta harrigarria izan arren erraz-erraza ere ez idazkerak beldurtu dituen irakurle horiek, ez izan kuidadurik oraingo honekin. Euskara zaindu, landu eta jasoa erabili du Aingeru Epaltzak, ematen duena baino landuagoa seguruenik, baina ez du irakurleak aparteko maldarik igo beharko alde horretatik; laua eta atsegina da bidea.

Heroiak eta zitalak

Izenburutarako izen arrunt bana -'Ertza', 'Atea', 'Sugea'...- duten hamar ipuinak lotzen dituen haria mendia bada ere, protagonistak horietan azaltzen diren denetariko pertsonaiak dira. Euskal herritar askorekin eta idazlearekin berarekin mendizaletasuna partekatzen dutenak batetik, eta horien aldizkako konpainiak bestetik. Aralar da paisaiarik ohikoena, baina badaude ere Marokon, Kaukason, Pirinioetan edota Kilimanjaron kokatuak. Hedapen geografiko horrek ez du garrantzi handirik, toki jakin batean eman daitekeen jarrera zehatzen bat islatzeko ez bada. Azken batean, "giza harremanak ispilatzeko balio izan duen gertalekua" da mendia ipuinotan.

Mendira ezinbestean joan denik bada ipuinetan; aurreneko kontakizuneko Castillo foruzainen kaboa, kasu. Gehienak, ordea, mendi-joak dira, "ariketa fisikoa eta psikikoa" egitera eta abentura bila joaten direnak mendira. "Ia ez gara Ternuara joaten, mendira joaten gara. Ez gara ateratzen Euskal Herria tiroka askatzera, baina 4.000 metroko desnibel pilatua duten lasterketak egiten ditugu. Ez da gauza bera, baina bada zerbait", esan du idazleak.

Epaltzaren mendietan badabil mendiko jendea, baina gehiago dira kaleumeen abentura-egarri modernoak bultzatutako pertsonaiak. Eta horiei "ez zaizkie beti gauza onak gertatzen". Beraiek ere ez dituzte beti gauza onak egiten. Ez da asko agertzen mendiak gurean duen "epika polit hori". Epaltzaren mendietan "gauzak gertatzen dira". Gauza onak, txarrak ere bai, beste edozein toki bezala, onenerako eta txarrenerako gertalekua baita mendia.

Mendian badaude heroiak, ausartak, bihotz handiko aingeru guardakoak... Badaude ere "nagusikeria, enpatia falta, matxismoa, eskuzabaltasun falta... Mendiak erakusten du mundua ez dagoela behar bezala". Julio Pardok azalerako egin duen marrazki ederreko elur zurian orban zikin bat azalduko balitz, liburuaren isla izango litzateke hori ere. Xabier Mendiguren editoreak adierazi du "besteetan baino goxoago" ibili dela Aingeru Epaltza, "ez horren gaizto". Luma eta pioleta ondo zorroztuta egin ditu, nolanahi ere, liburuan jaso dituen hamar txango literario horiek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos