Borrar
Anjel Lertxundik "izotzezko tonua" bilatu du eleberri honetarako. PEDRO MARTÍNEZ
«Memoria galtzen duen pertsona biluzik gelditzen da»

«Memoria galtzen duen pertsona biluzik gelditzen da»

Gai nagusien artean inkomunikazioa, alzheimerra eta memoria dituen 'Horma' eleberria argitaratu du Anjel Lertxundik

FELIX IBARGUTXI

Viernes, 1 de diciembre 2017, 09:57

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Anjel Lertxundik 'Horma' nobela kaleratu du. Protagonista nagusia itzultzaile bat da, bere buruari, ironiaz, Fidel goitizena jarri diona. Ama alzheimerrak jota daukanez, harekin erlazionatzeko zailtasunak ditu; gainera, paperen arteko kodeetan trebe dena ezgauza izan daiteke amarekin edo neska-lagunarekin tratatzean, hor beste kode batzuk behar dira eta. Fidelek jakin nahi luke bere ama den hori zergatik konpontzen zen horren gaizki aspaldi hildako senarrarekin, eta badaki familian sekretu handi bat dagoela. "Inkomunikazioa muturrera ailegatzen denean, pareta eta izotza daude", esan zuen atzo Lertxundik liburua aurkeztean. Hortik izenburua, ‘Horma', bi esanahi ezberdin dituen hitza. "Bi adiera edukita, guretzat abantaila du hitz horrek, baina ez nuen pentsatu itzultzaileari, Jorge Gimenezi, zer-nolako arazoa ekarriko nion".

Hona hemen Inazio Mujika Iraola, Erein etxeko editorearen aurkezpen-hitzak: "Liburu honek Mikel Laboaren harako kanta gogoangarri haren izenburua dakarkit gora: 'Komunikazioa-Inkomunikazioa'. Harremanez ari da Lertxundi, bikote harremanez, gurasoen eta semearen arteko harremanez. Itzultzaile den narratzaile bat hautatu du; hitzak eta egiturak interpretatzen espezialista den gizona. Aitarekin harreman ekaiztsua izan zuen eta orain hasi da Marta izeneko emakume batekin harremanetan".

Urte asko dira Lertxundi narrazioren bat egin nahian zebilela itzulpenaz eta itzultzaileez. "Asko kezkatu nauen gaia da hau, eta idatziak nituen testu batzuk itzulpenaren garrantziaz eta gizarteak itzulpenaren aurrean daukan arreta faltaz. Aspalditik nerabilen buruan itzultzaile bat protagonista izango zuen nobela bat idaztea. Literarioki polita egiten zitzaidan".

«Alzheimerra etortzean hizkuntz kodea galtzen dugu; orduan zer kode klase dago?»

«Emadazue tonua eta ia badaukat lan gehiena egina. Tonu guztiz izotzezkoa bilatu dut»

«Sozialki ere, talde bat, herri bat, memoria galtzean, biluzik gelditzen da»

Protagonista eta narratzailearen artean halako joko bat egiten Orioko idazleak. Liburuan honela mintzo da narratzailea: "Ni eta nire doblea, ni eta Fidel ari gara narratzailearen ahotik: ahots bat bitan banatua modu aleatorioan, kontakizunari bizitasuna ematea beste helbururik gabe".

Gizarteak ez du itzultzailearen oso irudi distiratsurik, Lertxundiren iritziz. "Idazlearen irudiaren konparatuta, irudi grisa da". Liburuaren erdi aldera hau dio narratzaileak: "Hala ere, Fidelen lanbideak bazuen Marta asetzen ez zuen zerbait: itzultzaile hutsa izatearekin konformatzen omen zen Fidel –sarritan erabiltzen zuen Martak 'itzultzaile huts' espresioa, itzultzaile huts izatea bidearen erdian edo inoren eremu batean gelditzea balitz bezala (...)–, eta horrekin Martak salatzen zuena zen Fidelek ez zuela anbiziorik pauso bat eman eta literatura egiten hasteko".

'Txiki' eta 'Nornai'

Egun batean, Nornahi Plazatik pasatzen ari direla, Martak esaten dio itzultzaileari: "Nobela bat daukazu hor!". Izan ere, Txiki marrazkilariaen arreba Ignazia ere marrazkilari zen, baina anaiaren itzalean bizi izan zen beti, eta 'Nornai' ezizenez sinatzen zituen lanak". Itzultzaileak, azkenean, ekin egiten dio nobela horren idazketari.

Lertxundik garbi omen zituen liburuaren hasiera eta bukaera: "Hasiera, hauxe: alzheimerra etortzean hizkuntz kodea galtzen dugu; orduan zer kode klase dago? Eta bukaera ere garbi neukan, baina orain ez dut spoilerrik egingo. Titulua ere nahiko laster etorri zitzaidan. Oso berandu arte ez zaizkit etortzen, normalean. Gutxitan ez bezala, lau elementurekin hasi nintzen idazten, eta ez nekien nondik nora joango zen nobela. Deskubritzen joan nintzen. Beste lan askoren aldean, hau ezberdina izan da idazkuntzaren prozedurari dagokionez. Honek bide ematen du hausnartzeko zenbat prozedura dauden. Nobela baten idazkuntza nobela bat izan daiteke".

Liburuak pieza solte asko ditu, besteak beste itzultzaileak amari irakurtzen dizkion testuak, "eta zati horiek ondo lotzea izan da gehien kostatu zaidan lana".

Segituan aukeratu omen zuen tonua. "Halako gai bat nola trata daiteke, ez bada tonu hotz baten bidez? Batzuetan, tonu guztiz izotzezkoa bilatu dut, baina badira ternurazko momentuak ere ama-semeen artean". Narrazio baten koxka, Lertxundiren iritziz, tonuan dago. Eta esaldi famatua parafraseatuz, hau gaineratu zuen aurkezpen ekitaldian: "Emadazue tonua eta ia badaukat lan gehiena egina. Arrakastaren parte handi bat horretantxe datza,eta irakurlearengan gertatzen den arrakastaz ari naiz, ez bestelakoaz".

"Memoria galtzearena oso kontu literarioa da –jarraitu zuen–. Halako pertsona biluzik gelditzen da, arropa galtzea baino gehiago da. Eskerrak ondoan jendea duen. Sozialki ere,talde bat, herri bat, memoria galtzean, biluzik gelditzen da".

Liburuan protagonista bakar batek du izena: Martak. Fidel, berriz, goitizena da. Ez amaren ez aitaren izenik ageri dira. "Izen bat ipintzen diozunean pertsonaia bati, oso markatua gelditzen da, batzuetan markatuegia. Horixe izan da oraingoan izenik ez erabiltzeko arrazoia. Carlos Cid Abasolok badu lan bat egina, Complutensen, nik narrazioetan erabili ditudan izenei buruzkoa".

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios