Klarisa Lupabitx, detektibea: kasurik ilunenen argibidea

Arrate Egaña idazlea eta Marimar Agirre ilustratzailea, bigarrenak egin dituen marrazki ederrak eta liburua aurrean dituztela. /I.T.
Arrate Egaña idazlea eta Marimar Agirre ilustratzailea, bigarrenak egin dituen marrazki ederrak eta liburua aurrean dituztela. / I.T.

Sail berri bati eman dio hasiera Arrate Egañak, Ereinen eskutik eta Marimar Agirre ilustratzailea lagun duela

N. AZURMENDI

Bere burua nola aurkezten duen ikusita -"Klarisa Lupabitx, detektibea: kasurik ilunenen argibidea"-, Lupabitx andrea baino errimatzaile finagorik bada. Detektibe finagorik, ordea, gutxi, bere karrera luzean behin bakarrik egin baitu kale desagertutako pertsonak aurkitzen eskarmentu handia duen Klarisak.

Horixe da hain zuzen haur literaturan eskarmentu handia duen Arrate Egañak sortu duen pertsonaia berriaren espezialitatea: desagertuta daudenak agerraraztea. Marimar Agirreren kutsu klasikoko ilustrazioek osatu dute Errenterian jaioa baina aspaldi Bermeon finkatua den idazleak sortutako pertsonaiaren izaera, eta Erein argitaletxeak ireki dio bidea urrats gehiago egiteko asmoz sortu den sail berriari. Adin-tarteak zedarritzea ez da erraza, baina 9-12 urte bitarteko irakurleak izan dituzte gogoan bilduma abiaraztekoan. Esan beharra dago idazkeran ez zaiela kontzesiorik egin umekeriei. Zaindua da, landua. "Istorio entretenigarriak idatzi nahi ditut, baina ahaztu gabe literatura egiten ari naizela", azaldu zuen Arrate Egañak liburuaren aurkezpenean.

Ume desagertua

'Klarisa' saileko lehen liburua, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean argitaratu dena, 'Ume desagertuaren kasua' da. 'El caso del niño desaparecido', gaztelaniaz. Orrialde kopuru bera dute (120 orrialde), prezioa ere iguala (12 euro), eta azal hori bizi-bizi berdina. Azal horretan, bere izaerari buruzko pista nahasgarriak ematen dituen adineko emakume bat. Ilea du bilduta japoniar erara; errusiar oihartzuna du abizenean; edelweiss edo elur-lore bat dauka (kondekorazio bat, akaso?), militar itxurako txaketaren papar-hegalean... Eta katu bat besoetan.

Hor daude, baina, elkarrekin lan egitera ohituta dauden Egaña eta Agirreren proposamenaren gako nagusiak. Klarisa Lupabitx, alegia, ez dator bat detektibeen inguruan eraikitako estereotipoekin. Arrate Egañak liburuaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, "adineko emakume bat da, adinari dagozkion atxakeak ahalik eta ondoen daramatzana". Baina, adi, ez da gaitzik egiten ez duen amonatxo maitagarri bat, ikertzaile zorrotza baizik. Berrikuntza teknikoek ez dute beldurtzen. Tresna asko erabiltzen ditu bere lanerako, atzerrira egiten dituen bidaia ugarietan edo Espioien Etxean erosiak. Aurrez aurreko borrokan ere trebea da, borroka-teknika desberdinak ikasitakoa baita.

Kultura handiko emakumea da Lupabitx andrea, asko bidaiatutakoa. Frantziar jatorrikoa izatez, Bilbon bizi da, San Frantzisko auzoan zehazki, Parisko aldirietan larunbat batean aurkitu zuen Samedi katuarekin. Katuak ere badu berea... Esan dezagun, besterik gabe, animaliak ere badituela detektibe lanerako dohainak.

Aurreneko kasuan, Bilbon jazotako desagerpen bat argitu behar dute. Bertol mutikoa desagertu da, bere urtebetetze egunean. Hasiera batean Bertol ez ikusteak ez du inor harritzen, ezkutatzen eta kamuflatzen oso trebea baita. Une batetik aurrera, baina, ohikotik urruntzen da Bertolten ausentzia eta, inguruan pertsonaia mordoxka duela, Klarisa Lupabitxek argitu beharko du zer gertatu den mutikoarekin.

Intriga, suspentsea, misterioa, emozioak, umore puntua... Irakurle gazteak harrapatzeko eta entretenitzeko behar diren elementu guztiak aurki daitezke eleberrian, baina "arazo sakonagoak" ere baditu Arrate Egañak sortutako istorioak, eta hurrengoetan ere eutsiko dio arin itxurako azalaren azpian mamia jartzeari. Oraingo honetan, Bertolek dituen arazoak ezagunak egingo zaizkie, tamalez, bere adineko neska eta mutil askori. Hurrengoan, auskalo...

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos