Karlos Cid, poesiarekin jolasten dakien euskal madrildarra

'Keinu konplizeak' ostegunean aurkeztu zuen Donostian Karlos Cidek./F.I.
'Keinu konplizeak' ostegunean aurkeztu zuen Donostian Karlos Cidek. / F.I.

Batik bat itzultzaile gisa da ezaguna, baina aspaldi hasi zen poemak idazten eta orain lehen bilduma plazaratu du, ludiko eta ironikoa

FELIX IBARGUTXI

Karlos Cid (Madril, 1963) itzultzaile gisa ezagutu dugu orain arte. Batik bat txekierako literatura euskaratu izan du. Mutikotan hasi zen euskara ikasten, bere kabuz lehenbizi, Madrilgo Euskal Etxean gero, eta ondoren euskara-irakasle jardun zuen. Filologiako ikasketak egin eta aspalditik Madrilgo Complutense Unibertsitatean ari da irakasten. Beste batzuek, berriz, Euskadi Irratiko saioagatik ezagutuko dute, badira eta zortzi urte 'Faktoria' irratsaioan XabierAmurizarekin batera hizketa egiten duela honetaz eta hartaz.

Baina Karlos Cidek betidanik idatzi izan ditu poemak, eta oraintxe bere lehenbiziko bilduma plazaratu du: 'Keinu konplizeak' (Susa). Gizon oso bromoso eta alaia da, eta poemak idazterakoan ez zaio aldartea alda-tzen. Liburu honetako ezaugarririk nabarmenena horixe da, hain zuzen ere: umorea.

Esan bezala, aspaldi hasi zen olerkiak idazten. Liburu honetako poema batzuk, 'Lokamutsa' izenburuko lehenengo atalean datozenetako batzuk, alegia, duela 23-24 urte idatzitakoak dira. Ondoren eten bat etorri zen, hogei urtekoa, eta gero berriro heldu zion poemagintzari. Alerik berrienak liburuko azken atalean daude, 'Azken apala' delakoan.

Karlos Cidek aurkezpen ekitaldian adierazi duenez, «bizi izan ditudanak, ikusi ditudanak –filmetan eta– eta irakurri ditudanak agertzen dira liburu nonetan. Irudimena ere erabili dut, hala ere. Eta uste dut nire olerkiok mikroerrelatoak ere izan daitezkeela, narratzaile ere banaiz poemak idaztean».

Aitaren heriotza

Ironia handia omen dago olerkietan. «Badago ironia triste bat ere, baina saiatu naiz ironia irribarretsu batekin idazten. Ironia horrek, adibidez, lagundu zidan aitaren heriotzari buruzko olerkia idazten». Bestalde, uste du liburu egokia izan daitekeela «sekula poesiarik irakurri ez dutenentzat ere. Idaztea ariketa ludikoa izan da eta espero dut irakurleak ere disfrutatzea. Baina hausnarketarako aukera ere ematen du liburuak».

Liburuan badago erlatibozko esaldiei buruzko poema bat, beste bat «historiako musurik luzeenaz», Hitchcocken 'Notorious' filmekoaz; euskaltasun folklorikoa da beste gai bat; 'Pretty Woman'-i buruz ere ida-tzi du...

Leire Lopez Ziluaga, Susa etxeko editorearen iritziz, «jolasa» da liburu hau ongien definitzen duena. Karlos Cidi oso atsegina gertatu omen zaio argitaletxearekiko harremana: «Leire etorri zen Madrila eta Euskal Etxean egin genuen lan. Lehen, poemak flotatu egiten zuten, orain igerian egiten dute. Igerian ikasi ez eta ito egin diren poemak ez ditugu sartu liburuan».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos