Kalean da 'Arraroa', Etxepare saria irabazitako albuma

Paula Estévez eta Ainara Azpiazu, 'Axpi'. /
Paula Estévez eta Ainara Azpiazu, 'Axpi'.

Pamielak argitaratu du Ainara Azpiazu 'Axpi' eta Paula Estévezen lana, haurrentzako albumak sortzeko lehiaketan parte hartu zuten 26 proposamenen artean nagusitu zena

Haurrentzako albumen sorrera sustatzeko sortu zituzten Etxepare Sariak Nafarroako zenbait udal eta mankomunitaterako euskara zerbitzuek, nabarmena iruditzen zitzaien hutsun bat bete nahirik. 2004 urtea sortu zenez geroztik, aldaketak izan ditu. Aurreneko edizioetan adin guztietako irakurleentzako lanak onartzen ziren, 2006tik 2009ra haurrentzako albumak sortzeko beka bilakatu zen, eta orduz geroztik sari izaera du; hau da, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu behar dituzte lehiakideek.

2017ko edizioko irabazlea joan den ekainean iragarri zen. Orduan jakin zen alegia Yolanda Arrieta idazleak, Asun Agiriano album ilustratuan adituak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak osatutako epaimahaiaren aburuz Ainara Azpiazu 'Axpi' eta Paula Estévezen 'Ararroa' lanak izan behar zuela irabazle lehiaketan parte hartu zuten 26 lanen artean. Orain, bikotearen lana biltzen duen liburua argitaratu du ekimenaren hasierako bidelagun den 'Pamiela' etxeak.

Albumak badu berezitasun bat: 'Axpi' ilustratzaileak rola aldatu eta testuak egin ditu, aurreneko aldiz, marrazkiak Paula Estévezen esku utzirik. Etxebizitza bakar baten baitan ematen den istorioa da 'Arraroa'. Marrazkiek, etxebizitza horretako bizilagunak azaltzen dituzte, leihoak abiapuntutzat hartuz eta hauen kanpoaldean eta barnealdean gertatzen direnak azalduz. Epaimahaiaren ustez, "'Arraroa' lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio: testua irudiaren bidez osatzen da, eta baita alderantziz ere. Tonua album guztian mantentzea lortzen du, liburu orekatua lortuz". Horrez gain, "estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten".

Egileei dagokienez, Hernanin jaio zen, 1980ean. Soziologia lehenengo eta gero Arte Ederrak ikasi zituen EHUn. Ondoren, Italian Ars In Fabula, Master in illustrazione per l’Editoria ilustrazio Masterra burutu zuen. 2007tik aurrera ilustraziogintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Ilustratzaile gisa hainbat liburu eta argitalpen plazaratu ditu dagoeneko. Azkenen artean daude Nahla (Ibaizabal), Printzesa Pixontzia (Elkar), Hartz izozkijalea (Minis) edo Mozoloaren bidea (Dobera).

Komikigintzan berriz, besteak beste, Hernaniko Kronika, Irrien lagunak eta Gararen Zazpika gehigarrian kaleratzen ditu binetak gaur egun, beti berak egindako gidoiekin. Horma-irudi ugari egin ditu, Donostialdean bereziki. Umore grafikoa eta komikigintza gai modura hartuta tailerrak burutzen ditu ume eta gazteekin, Hernaniko Andre Kalean duen tailerrean. 'Arraroa', esan bezala, da idazle gisara argitaratu duen lehen liburua.

Paula Estévez Del Diego Donostian jaiotako komiki marrazkilari eta ilustratzailea da. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako Arte Eder ikasketak amaitu ondoren, Berlinera joan zen bizitzera, non marrazketa berreskuratu zuen, txikitako grina. Ordutik bere lana komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du, autoedizioan indar berezia ipiniz. Donostiara itzultzean, Mikel Larraioz eta Maite Caballero marrazkilariekin batera, Guillotina sortu zuen, Donostiako lehen autoedizio topaketa. Lau edizio egin dira jada. 2011tik hona autoeditatutako sei argitalpen egin ditu eta hainbat aldizkari eta fanzinetan ikus daiteke bere lana.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos