Josep Pla eta Amélie Nothomb, Igela argitaletxearen gonbidatuak

Jexux Mari Zalakain eta Igela argitaletxeko Xabier Olarra, astelehen honetan Donostian egin den aurkezpenean./F.I.
Jexux Mari Zalakain eta Igela argitaletxeko Xabier Olarra, astelehen honetan Donostian egin den aurkezpenean. / F.I.

Bataren 'Kale estua' eta bestearen 'Hodien metafisika' publikatu ditu

FELIX IBARGUTXI

Igela etxeak kaleratu ditu jadanik Durangoko Azokara eramango dituen bi berritasun: Josep Plaren ‘Kale estua' eta Amélie Nothomben 'Hodien metafisika'. Literatura saileko 56 eta 57. aleak dira.

Josep Plak (1897-1981) katalanez eta gaztelaniaz idatzi zuen. 'El quadern gris' dietarioa du lanik aipatuena, eta 1951n publikatu zuen 'El carrer estret' eleberria, orain Igelak euskaraz plazaratu duena, Jexux Mari Zalakainek itzulita.

Ez da ohiko itzulpen lana izan. Zalakainek adierazi duenez, kartzelan egin zuen, papera eta boligrafoa erabilita, besterik uzten ez ziotelako. 18/98 auzian jaso zuen kartzela-zigorra.

'Kale estua'-rekin nobela guztiz errealista egin nahi izan zuen Josep Plak. "Bizimodua den bezalakoxea agerian uztea" izan omen zuen asmoa. Adituek diotenez, bistan da liburuko Torrelles herrixka horren atzean edo oinarrian idazlearen jaioterria, Palafrugell, dagoela. Protagonista nagusia albaitari bat da, herri horretara ailegatzen dena lan egitera.

"Preso nengoela, kazetari katalan batek liburu sorta handiak pasatzen zizkidan. Liluratuta utzi ninduen Josep Plaren idazkerak. Harritu ninduten, adibidez, bere adjektibazioak eta bere deskripzio luzeek", esan du Zalakainek.

Ez dira asko euskarara ekarritako katalanezko literatur liburuak, helduentzakoak: Mercé Rodoredaren bi eta Albert Sánchez Piñol, Quim Monzó eta Manuel de Pedroloren bana.

Bestalde, 'Hodien metafisika' da Igela etxeak publikatzen duen Amélie Nothomb (Belgika, 1966) idazlearen hirugarren liburua. Oraingo hau Garazi Arrulak euskaratu du.

Idazleak azaldu duenez, bi urte zitueneko bizipenen inguruan eraiki zuen 'Hodien metafisika'. Honela mintzatu zitzaion 'El Mundo'-ko Enric González kazetariari: "Neure burutik pasatzen zena berezi samarra izango zen, zeren neure buruarekin elkarrizketa zeharo megalomanoan aritzen bainintzen. Jainkoa nintzela sinetsita nengoen. Neure buruan, jainkoa jainkoarekin ari zen hizketan".

Garazi Arrulak, berriz, hau adierazi du: "Lehenengo orrialdetik bertatik hasten dira malabarismo filosofikoak, eta testu osoan aurki ditzakegu Bibliari eta beste hainbat testuri egindako erreferentzia sarri inplizituak. Hala, mistikotasun kutsu batek estaltzen du liburua. Nolanahi den, itzultzerakoan, tonua iruditzen zait ematen zailena, larritasun umoretsu hori; Nothomb ezaugarritzen duen exajerazio naturalizatuak eta zinismo zorrotzak blaitzen baitu liburu hau ere".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos