Iraganaren zamatik askatu nahi duen emakumearen istorioa

Iraganaren zamatik askatu nahi duen emakumearen istorioa
USOZ

Ugaitz Agirrek bere lehenbiziko liburua plazaratu du, 'Tximeletak bizkarrean' eleberria

FELIX IBARGUTXI

Ugaitz Agirrek (Usurbil, 1992) bere lehenbiziko liburua plazaratu du, 'Tximeletak bizkarrean' eleberria, batik bat gai hauek ukitzen dituena: iraganaren zama, identitatea, historiari buruzko gogoetak, genero desberdintasuna eta buruko gaixotasuna.

Protagonista nagusia Sara da, 35 urtekoa, Katalunian jaio eta Florentziako unibertsitate batean ari dena lanean, Historiako irakasle. Ikasturteko lehenengo egunean istripu txiki bat gertatzen zaio, iraganeko ezbehar bat gogora ekarriko diona. Egun berean ahizpak deitzen dio, aita gaixo dagoela esanez, eta bisitan joan behako lukeela. Kataluniara bueltatzen da, eta iritsi orduko gaztaroko mamu batzuekin egingo du topo. Sarak urteetan gorde du Kataluniatik ihes egiteko erabakiaren arrazoia. Jendeak emakume indartsutzat dauka, baina egia beste bat da. Berriro Katalunian dagoelarik, Sarak erabakitzen du iraganari eta orainari aurre egitea eta nobela autobiografiko bat idazten hastea. Halaxe, idatzi ahala bere bizitzaren puzzlea osatzen hasiko da pixkanaka.

Ugaitz Agirrek Historiako ikasketak egin zituen, Florentzian eman zuen Eramus ikasturtea, eta handik itzulitakoan ekin zion nobela hau idazteari, izan ere txikitatik gustatu baitzaio idaztea. Bost urte pasa ditu eta idazketa ez da lan lasaia izan: «Amodio-gorroto harremanak izan ditut eleberri honekin. Batzuetan, baita paper guztiak leihotik botatzeko gogoa ere», adierazi du liburuaren aurkezpenean. Orain doktorego tesia prestatzen ari da, euskal kontrakultura musikalari buruzkoa.

Hasieran beste ardatz bat eman nahi omen zion nobelari, hain zuzen ere, «politikariek nola erabiltzen duten Historia». Baina segituan konturatu omen zen bide horretatik joanda «tostoi bat» aterako litzaiokeela.

Ez du argitu nahi izan izenburuaren nondik norakoa, hartara istorioko gauza gehiegi transmitituko lukeelako. Portadako irudian Paul Klee-ren 'Angelus novus' margolana ageri da, Walter Benjamin filosofoak erositako artelana. Irudi horrek, eta berorren gainean Benjaminek esandakoak, lotura zuzena omen du liburu barruko istorioarekin.

Susa etxeko editore Leire Lopez Ziluagak adierazi duenez, «xehetasun eta erreferentzia ugaritasuna» da liburuaren beste ezaugarri bat. «Bai, serieak, pelikulak, liburuak, jendeak esandako esaldiak txertatu ditut liburuan», gaineratu du Agirrek. Pertsonaiak ere asko dira, eta etengabe daude denborazko jauziak, istorioan zehar iragana eta oraina gurutzatzen direlarik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos