Iraganaren arrastoaz eta eraginaz idatzi du Xabier Montoiak

Xabier Montoia, Hendaian egindako argazkian./MIKEL FRAILE
Xabier Montoia, Hendaian egindako argazkian. / MIKEL FRAILE

XX. mendeko azken hamarkadetako gai nagusiei tartea eskainiz, bere belaunaldiaren "erretratu modukoa" egin du 'Hitzontziak' eleberrian

N. AZURMENDI

Ohiko bezeroak dituzten tabernetan, ekosistema propio halako bat sortzen da, non bakoitzak duen bere tokia eta besteekin harremantzen den azaleko loturak finkatuta, gehienetan. Donostiako Parte Zaharreko Iturri tabernako berezoak dira Oihane gaztea eta Gloria, urtetan aurrera egindako alarguna; bertan egiten dute lan Biteri tabernariak eta Goietxe nagusiak.

Elkarrizketa

Lau pertsonaia horien hitzen jarioan oinarrituta eraiki du Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) 'Hitzontziak', bere zortzigarren nobela. Susaren eskutik plazaratu duen seigarrena da, eta Gorka Arrese editorearekin lankidetzan atondutako azkena, Montoiaren liburuaren aurkezpena baliatu baitzuen despeditzeko horrenbeste idazleren bidelagun izan den Arresek.

Beraxek nabarmendu zuen eleberriaren "egitura konpositibo" berezia, aurten aurrenekoz diskoa eta liburua aldi berean ekarri dituen Montoia idazlearengan Montoia musikariaren zantzuak antzemanda-edo. Zuzendari lanetan jarriko bagenu, esan liteke Xabier Montoiak banan-banan ematen diela lau pertsonaiei, eta horien bitartez mintzatzen diren iraganeko oihartzunei, euren ahotsa entzunarazteko sarrera.

Guztien artean, XX. mendeko azken hiru hamarkadetan Euskal Herrian gertatutakoa isla tzen duen mosaiko moduko bat osatzen dute. Denetariko gaiak hartzen ditu barne zatika osatutako irudiak: langile borrokak; borroka armatua; droga, era askotara deklinatua; maitasuna; adiskidetasuna..."Nire belaunaldiaren erretratu moduko bat egin dut", esan zuen Montoiak, nostalgia eta kupidarik gabe margotua.

Ispilu-jokoa

Taberna ez da Oihanek, Gloriak, Biterik eta Goietxek partekatzen duten eremu bakarra. Oinazeak ere batzen ditu lau pertsonaia mindu horiek eta, nahiz eta hasiera batean ez duten euren arteko lotura estuaren berri, jatorri bera du, neurri batean bederen, denen atsekabeak. Badira iraganeko bi itzal mingarri denei eragiten dietenak: 80ko hamarkadan, kausa desberdinak tarteko, modu bortitzean hildako bi pertsonenak.

Bi hildako horiek –testuinguru jakin hari lotutako hildako gehiago ere badira liburuan, jakina– ez dute ahotsik, bizirik daudenen eta iraganaren zama daramatenen hitzen bidez hartzen dute parte istorioaren osaketan. Finean, "iraganaren pisua da benetako gaia", azaldu zuen Montoiak, eta "nola erabili memoria sufrimendua saihesteko".

Txandaka mintzatzen diren pertsonaiek (supituan azaltzen zaizkio irakurleari, aurkibide eta kapitulu izendunik gabeko liburuan) komeni zaien moduan darabilte memoria, interesatzen zaiena argiztatuz eta atal deserosoagoak ilunpean utzita. "Ispilu-joko baten moduan dago antolatuta. Batek era batera gogoratzen duena beste era batean dauka gogoan besteak. Batak bestea ispilatzen du, gezur txikiak ere esaten dituzte...".

Horrenbestez, handik eta hemendik hartuta, bertsioak alderatuta eta hautuak eginda osatu behar du irakurleak historia –egia, nahi bada–, lau pertsonaiak iraganeko zenbait pasartek elkarren arteko loturak finkatzen dituztela deskubritzen doazen bitartean. Gazteegia da Ohiane iragan jada urrun horren bertatik bertarako esperientzia izateko, baina erakusten du oinordetzan ere jasotzen dela iraganaren lasta.

Konposizioaz eta eleberriak dakarren informazio mordoaz gain, aipagarria da nola hezurmamitu dituen idazleak pertsonaiak elkarrizketarik eta horrelako errekurtsorik gabeko eleberrian. Bakoitzari eman dio berariazko ahotsa, baita euskararen aldetik ere. Denek egiten dute batuan, baina ez dute ahots bera Zugarramurdikoak, Urola aldekoa eta Donostiakoek... Bada bat borborka hitz egiten duena, punturik gabe. Poetikoagoa du solasa besteak. Zuka hark, hika honek. Tabernetako solasak ere horrelakoxeak izaten dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos