Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Xabier Mendiguren Elizegi. USOZ
Ipuinez osatutako triptiko «iluna» plazaratu du Xabier Mendigurenek

Ipuinez osatutako triptiko «iluna» plazaratu du Xabier Mendigurenek

Idazle beasaindarrak zaintza eta sakrifizioa lantzen dituen liburua aurkeztu du, eta emakumeak egin ditu haren protagonista

idoia dávila uzkudun

Viernes, 13 de abril 2018, 11:31

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Xabier Mendiguren Elizegik 'Zu entzuteko gaude' argitaratu berri du, hiru ipuin dakartzan liburua, Elkar etxearekin. Egileak dioenez, «bi gai nagusi» izan ditu orain arte bere idatzietan: politika edo gatazka eta bikote harremanak.

Liburu honetan, ordea, «hirugarren edo laugarren mailan daude gai horiek», eta bakardadean, sakrifizioan eta suizidioan jartzen du narrazioen ardatz nagusia. Zaintza ere «oso presente» dagoen gaia da, «baina ez da zaintzari buruzko liburua», azpimarratu du egileak.

Hiru istorioak «ilunak dira, nahiko tristeak», Mendigurenen hitzetan, eta «komediatik baino dramatik dute gehiago, musika izanez gero bluesa izango lirateke». Hala ere, kontatzen dena desberdina da denetan. Lehen istorioan, guztietan luzeena, Irati, bere seme elbarria hartuta, garai batean bertan behera utzitako Jean Marc-engana joango da. Edurnek, aldiz, bikotea eta lana galtzean, kaosari ordena bat emanez bilatzen dio zentzua bere bizitzari. Azkenik, Berta dago, desesperatutako jendearen telefono-deiak erantzuten lan egiten duen, baina bere minak nori kontatu ez duen emakumea.

Hor dago, egilearen ustez, bere aurreko lanekiko beste berrikuntza bat: istorio guztietako protagonistak emakumeak dira. Gainera, «ez dira emakume soilak mundu maskulino batean», beste emakume batzuekin izaten baitituzte solasaldi gehienak. Mendigurenek azaltzen duenez, beste aldaketa bat ere badago. Oraingoan, Donostian kokatu ditu kontakizunak, eta ez «izenik gabeko herri industrialetan».

Honela, editore lanetan ere ibiltzen den idazleak triptiko bat osatu du, azken lau urtetan zehar idatzitako ipuinen batasuna lortzeko estiloaz eta tematikaz baliatuta. Istorioak ordena kronologikoan aurkezten dira, eta bizpahiru orri hartzen dituzten kapituluetan daude banatuta, «erritmo bat markatzeko».

Apirilaren 19an, osteguna, Ernest Lluch Kultur Etxean egingo du Mendigurenek bere lan berriaren irakurketa, 19:30ean. Andoni Tolosa 'Morau' musikaria ere bertan izango da idazlearekin solasean, eta ondoren 'Egunsentiak alperrentzat' diskoko kantak joko ditu zuzenean.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios