Ines, "hain biktima ez den biktima bat"

Nerea Arrien./F.I.
Nerea Arrien. / F.I.

Nerea Arrienen lehen nobelan sare sozialek erabateko presentzia eta garrantzia dute

FELIX IBARGUTXI

Nerea Arrien (Lekeitio, 1976) ez da aurpegi berria euskal letren baratzean, baina oraintxe atera du helduentzako lehenbiziko nobela, 'Hirutter' delakoa. Izenburuak adierazten duen bezala, sare sozialek berebiziko garrantzia dute istorioan, eta baita liburuaren egituraketan ere. Istorioaren ardatza intimitatea da, sare sozialek arriskuan jarri duten altxor hori.

Arrienek badu lehendik liburu bat publikatua: 'Pentsatzeko txokoa' (haurrentzakoa, 2015ean Lizardi saria irabazitakoa). Eta aurten Gabriel Aresti sariko akzesita irabazi du 'Matrioska' narrazioagatik.

Triangelu bat dago istorioan: bi gizon gazte, Martin eta Gari, eta emakume bat, Ines. Kideok sare sozialen bidez elkarri bidaltzen dizkioten mezuak dira nobelaren funtsa.

Hasiera aldera, protagonisten profilak agertzen dira. Martin Lasa kimikari eta poeta da, eta House doktorea bihotzeko kontuetan. Gari Mateo, berriz, mekanikoa eta futbolaria denbora librean; eta kaleko unibertsitatean ikasia. Inesen profilik, aldiz, ez da ageri. Baina hona hemen Arrienek aurkezpenean esandakoa: "Biktima bat da, baina hain biktima ez den biktima bat".

Bideo sexual bat partekatzen dute lagunok sare sozialetan. Badago hiruko 'manada' bat, badago 'manada' birtuala bat ere, egongo dira epaiketa 'egiazkoa' eta birtuala ere.

"Jokalari naizen aldetik, nobelazale ere banaiz. 'Rasque y gane'-ko txarteltxoekin konparatuko nuke liburu hau: lehenbizi hazka egiten duzu parte batean eta gauza batzuk ikusten dituzu, gero segi hazka eta beste parte bat bistaratzen duzu, nobelaren mamiraino iritsi arte...".

Egilearen ustez, halako intimitate-joko bat dago istorioan zehar. "Protagonistek zerbait aitortzen dute, baina beti ari dira zerbait gordetzen ere". Istorio gogorra atera zaio, "nahita, alde amable denak kendu ditut eta".

Iñaki Aldekoa, Erein etxeko editorearen ustez, "zoriontasun gutxi eta frustrazio asko" dute hiru protagonistok, eta nobelak daukan egitura berritzailea azpimarratu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos