«Denok kezkatzen gaituzten gaiei buruz idazten dut»

Maddi Etxeberria, bere aurreneko liburua eskuan duela./SARA SANTOS
Maddi Etxeberria, bere aurreneko liburua eskuan duela. / SARA SANTOS

Hogei urterekin argitaratu du aurreneko eleberria Maddi Etxeberria Otaegi andoaindarrak. 'Zein usain dute oroitzapenek?' du izenburua

N. AZURMENDI

Ez da ohikoa nerabezaroaren eta heldutasunaren artean dauden gazteei berariaz zuzenduta dauden liburuak argitaratzea, ezta horiei bilduma oso bat eskaintzea ere; are gutxiago da ohikoa horietako liburu bat idatzi duen idazlea argitaletxeak begiz jota dituen irakurleen adin berekoa izatea.

Ohikoa ez bada ere, batzuetan gertatzen da. Astelehen honetan, bere lehen eleberria aurkeztu du Maddi Etxeberria Otaegik (Andoain, 1988). Erein etxeak argitaratu du, «17-24 tarte horretan» dauden gazteentzako lanak biltzen dituen 'Bioleta' sailean. 'Zein usain dute oroitzapenek?' du izenburua, eta aurkezpenean Iñaki Aldekoa editoreak esan duenez, Etxeberriaren lanaren «sinesgarritasunak» konbentzituta erabaki zuen argitaletxeak idazle hasiberriari toki bat egitea Saizarbitoria, Landa edo Linazasororen lanak barne hartzen dituen bilduman.

Umetatik da literaturazale eta liburujale Etxeberria, etxeko giroak bultzatuta aurrena. Idazten ere, «gero eta potoloagoak ziren koadernoak» betetzen, oso gazterik hasi zen. Koaderno horiei kontatzen zizkien alegia «lagunei ere kontatzen ez zizkienak», eta segituan izan zuen «literatura babesleku». Urruzunotarrak Gehituz eta beste literatura-lehiaketa batzuk irabazita, «literaturazale isolatua izan beharrean zaletasunak partekatzeko» aukera izan zuen, idazteko grina indarberrituz.

Halako batean, hasi zen Gaia izeneko neska batek Helen lagunari igortzen zizkion eskutitzak idazten, «formatu horretan eroso» sentitzen zelako. «Idazketak harrapatu egin ninduen, idazten jarraitzeko beharra sentitzen nuen, eta batere planifikaziorik gabe egin nuen aurrera», azaldu du. Ikusi zuen eleberri bat zeukala, eta bi aukera: «Ordenagailuan gorde edo argitaratzen saiatu». Bigarren bidetik jo zuen, eta gehiegi kostatu gabe lortu du liburua kalean ikustea.

2017ko abuztuaren 21etik 2018ko ekainaren 27ra idatzitako eskutitz sorta batek osatzen Erresuma Batuaren eta Euskal Herriaren artean kokatzen den eleberria. Lehen pertsonan idatzita daude. Guztien igorlea Gaia da, Colchester hirian lanean hasi den 25 urteko neska euskalduna. Hartzailea, beti, Helen laguna da. Noranzko bakarra duen harreman epistolarrean, bakarrik hegan egiten hasi den neska gazte baten gorabeherak dira nagusi, ezustekoak eteten dituen arte.

Adin jakin baten kutsua du eleberriak, baina Maddi Etxeberriak ez du bere belaunaldiko irakurleentzat idatzi: «Bestela idatzi dut, ez publiko jakin batengan pentsatuz. Maitasuna, adiskidetasuna, heriotza... Guztiok kezkatzen gaituzten gaiak dira, eta horiei buruz idatzi dut. Idatzi dudanak iristeko gaitasuna badu, adin guztietako irakurleengana iritsiko da».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos