«Gazte belaunaldiak badaude euskara eta feminismoaren klabeetan»

Ezkerretik eskuinera, Eskafandrak euskarara ekarri dituen Silvia Federici, Virginie Despentes eta Angela Davisen liburuak./MICHELENA
Ezkerretik eskuinera, Eskafandrak euskarara ekarri dituen Silvia Federici, Virginie Despentes eta Angela Davisen liburuak. / MICHELENA

Eskafandra proiektuak pentsamendu feminista garaikidearen oinarriak jartzen lagundu duten beste bi lan ekarriko ditu hurrengo hilabeteetan. Ekimena bultzatzen eta sustazen duen taldeko kide da Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria

NEREA AZURMENDI

Hiru libururen eta emakume talde zabal baten izenean mintzo da Lorea Agirre. Pentsamendu feministari emandako Eskafandra bildumako lehen hiru aleen izenean, eta horiek plazara iristen hasi baino lehenago biltzen, kezkak partekatzen eta Eskafandraren laguntzaz hobeto arnasten hasi ziren taldekideenean.

–Eskafandra (Jakin/Elkar) eta Lisipe (Susa) bildumak; Iruñeko Katakrakek argitaratzen dituen liburuak... Osagarritzat jo ohi dituzuen proposamen denak bilduta, inoiz ez bezalako liburutegi feminista osa daiteke euskaraz. Zuen proiektuak ba al du ezaugarri berezirik?

–Gu abiatu ginen gure kezka pertsonal eta kolektiboetatik. Inportantea iruditzen zitzaigun gu elikatzea eta, gu elikatzen garen heinean, elikadura hori zabaltzea, jendearen esku jartzea. Badago gainera taldea osatzen dugun guztiok konpartitzen dugun oinarrizko kezka bat, pentsatzen baitugu euskara eta feminismoa lotu daitezkeela, lotuta daudela. Bata hizkuntza minoritarioa da, eta emakumearen figura ere ez da hegemonikoa. Gauza asko konpartitzen dituzte: menderakuntza; diskurtso mota jakin bat; nola emakume jaio zarelako edo hizkuntza hegemonikoa ez zarelako ezaugarri batzuk ezartzen dizkizuten, eta horiei eutsi behar diezun betiko... Gauza batzuetan oso erdian gaude –zuri bezala, esaterako–, baina emakume eta euskaldun gisa ez gaude erdian, bazterrean baizik. Lotura horietatik abiatu ginen.

–Euskalgintza feminismoari bizkar emanda bizi izan da, hortaz.

–Alderantziz ere gauza bera gertatu da. Euskararen barruan ez zen kontenplatzen feminismoa, eta feminismoaren barruan ez zen kontenplatzen euskara. Gurean berez daudenez lotuta, bi galdera egin genituen: izan zaitezke euskaltzale feminista izan gabe? Euskal Herrian, izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?

–Argi dago posible izan dela.

–Bai, baina guri inkoherentea iruditzen zaigu. Menderakuntza baten borrokan ari bazara, ondoan dituzun beste menderakuntza batzuk ere hartu behar dituzu kontuan. Euskalgintzari berdina esan diezaiokezu: berdintasunera iristeko borrokan ari bazara, beste desberdintasunekiko itsu egon behar duzu, edo hor sortu daitezke aliantzak? Emakume izatea eta euskaldun izatea elkarbizitzarekin zerikusia duten bi auzi dira. Azkenean, elkarbizitza-, demokrazia- eta eskubide-talka bat sortzen da, eta ona da hori esplizitatzea, horren gainean denok gogoeta egitea, oinarri batzuk jartzea eta konpartitzea, ikustea zer esaten duen feminismoak baliagarri izango zaiguna gizarte ahalik eta justuena izateko.

«Euskarak eta emakumeok gauza asko konpartitzen ditugu: menderakuntza, diskurtso mota jakin bat...»

«Intuizioak esaten zigun bazegoela gose bat, baina ohartu gara uste baino orokorragoa dela»

–Euskalgintzaren baitan sortu diren zenbait diskurtso hasi dira ikuspegi hori barneratzen.

–Agortze sentsaziotik abiatuta edo, diskurtso diferenteak ari dira plazaratzen azken urteetan, eta ari da planteatzen nola elikatu daitekeen euskaraz bizi ahal izateko behar den bulkada hori. Gurea da feminismotik egiten dugun ekarpena, guretik eskaintzen dugun elikadura. Feminismo intersekzionala-edo esaten denak badu tradizio bat jakin duena gizon eta emakumeen arteko berdintasun horretan generotik pasatzen diren beste borroka batzuk sartzen: arrazarena, klasearena... Feminismo eta emakume mota asko dago, eta guk esaten duguna da hizkuntzaren lerro bat ireki behar dela, hor ere badagoelako feminismoak kontuan hartu behar duen menderakuntza bat. Gizateriaren hiru laurdenak pobreak dira; pobreen artean pobreenak emakumeak dira, eta horien artean ia gehienak hizkuntza minorizatuetako hiztunak. Hori ez da kasualitatea.

–Angela Davisen 'Emakumea, arraza eta klasea', Danele Sarriugartek euskaratua, izan zen bidea ireki zuen liburua. Baduzue ildo argi bat bilduma osatzen joateko?

–Kostatzen zaigu erabakitzea, ez pentsa. Esan daiteke bilatzen ditugula guri afektatzen dizkiguten auziak edo gurera ekar ditzakegunak lantzen dituzten liburuak. Angela Davisen feminismo beltzarena, esaterako, interesgarria da hizkuntzaren adar hori sartzeko. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli zuen Virginie Despentesen 'King Kong teoria'-n eta oraingoz azkena dugun Silvia Federiciren 'Caliban eta sorgina' [Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik euskaratu dute] liburuan ere gaien eta ikuspegien hurbiltasun hori bilatu dugu.

–Liburuak argitaratzeaz gain, hedapen-lana ere egiten duzue.

–Lan egiteko modu berezi samarra daukagu. Editore lana taldean egiten dugu. Guk erabakitzen dugu zer itzuli, nork itzuli, nolakoa izango den diseinua... Argitaletxeari dagozkion lanak, berriz, Jakinen eta Elkarren esku d aude. Gero saiatzen gara dibulgazio lana egiten eta eztabaida pizten, garrantzi handia ematen diogu horri. Liburua aurkezteaz gain, hitzaldiak egiten ditugu, mahai-inguruak. 'Baltza nazela dineure' errezitaldia ere prestatu genuen, liburuan esaten dena gurera ekartzeko, gorputzetik pasatzeko.

–Zer moduz dauzkazue agendak?

–Hitzaldi mordo bat eman ditugu, eta asko eskatzen dizkigute, bai euskalgintzatik eta bai emakume taldeetatik ere. Azkenaldian, askotan elkarrekin antolatzen dituzte saioak herri bateko feministek eta euskara taldeak. Badirudi gauzak ari direla zertxobait aldatzen.

–Hainbati urruti gelditzen zaion feminismo akademiko jasoaren eta 'kalearen' arteko zubia izan daiteke zuen proposamena?

– Dudarik gabe, hori elikatzera eta zubi horiek eraikitzen laguntzera ere etorri da bilduma. Une honetan mundu mailan indarra hartzen ari da feminismoa. Bere aldarriak entzunaraztea lortu du, baina maila batean bederen eduki lezake fenomeno kosmetikoa izatearen arriskua. Poz handia ematen du gertatzen ari dena ikusteak, jakina, baina ez bada sakontzen, ez bada elikatzen eta ez bada esparru guztietatik eraldaketa bultzatzen, moda batean gera liteke.

–Aurrera zoazte, eta beste bi liburu dituzue bidean, Judith Butler-en 'Genero nahasmendua' eta Carole Pateman-en 'Kontratu sexuala'. Ari zarete betetzen aurreneko bilera haietako aurreikuspenak?

–Espero genuena baino gehiago ari gara lortzen. Harrituta ere bagaude liburuek duten harrerarekin. Intuizioak esaten zigun bazegoela gose bat, baina ohartu gara uste baino orokorragoa dela gose hori, gazte belaunaldiak badaudela euskararen eta feminismoaren klabe hauetan. Nik uste dut hau guztia etorri dela geratzeko, azkenean ez delako bakarrik teoria edo diskurtsoa, norberari eragiten dion zerbait baizik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos