Goldsmith polemikoa nobela batera ekarri du Joxean Agirrek

Azal adierazgarria du Joxean Agirreren eleberriak./DV
Azal adierazgarria du Joxean Agirreren eleberriak. / DV

'Goldsmithen ikaslea' eleberriko gai nagusiak giza-harremanak eta literatur sorkuntza bera dira

FELIX IBARGUTXI

Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) bederatzigarren nobela plazaratu du: 'Goldsmithen ikaslea'. Pertsonaia nagusia liburuzain bat da, izen ematen duena Estatu Batuetan bizi den Kenneth Goldsmith polemikoaren literatura ikastaro birtualean.

Kazetaritzan hainbat urte eman eta gero, Agirre 80ko hamarkadan hasi zen nobelak idazten. Azkenak 'Adiskide bat nuen' (2013) eta 'Gizajoen katalogoa' (2016) ditu.

Kenneth Goldsmith benetan bizi den poeta oso mediatikoa da. Telebista guztietan agertu ohi da eta tesi harrigarria defendatzen du: sorkuntzarako bide onena interneten nabigatzea da. "Idazketa ez-sortzailea" deitu izan dio bere proposamenari.

"Goldsmithek esaten du absurdoa dela gaur egun originaltasuna bilatzea, eta ikasi behar dugula pirateatzen, aurrekoen lanak birziklatzen. Pensilvaniako Unibertsitatean gela birtual bat antolatu zuen literatur lanak egiteko, internet bidezko beste ikastaro batzuk ere eman zituen eta neure artean esan nuen: joño, zer polita izango litzateke euskaldun bat hor sartzea, Golsmithen aginduetara lanean. Halaxe hasi nintzen istorioa taxutzen. Gela birtualari kafetegi bat erantsi nion".

Maisuaren aholkuei jarraituz, originaltasuna bilatu ordez, iraganeko pasadizo bat oroitu eta hura idaztera jartzen da liburuzaina: nola gaztetan, metafora literarioei buruzko hitzaldia egin ostean, etxera uste baino lehenago itzuli eta orduko neska-laguna aurkitu zuen ohean, morroi batzuekin abiadura handiko jardunean.

Txapuza eta guzti

Eszena horren bertsio ezberdinak egiten hasiko da liburuzaina. Hasieran, neska hori gizon batzuekin harremanetan ipintzen du; gero, bera neska batzuekin, halako simetria bat osatuz.

Idatzi ahala, protagonistak zati horiek bidaltzen dizkio Goldsmtithi, eta honek komentarioak egiten dizkio. Liburuzainak ordenagailua ixten duenean, errealitatera itzultzen da eta hor emaztea dauka. "Honek dohain eder bat dauka: ametsetan hasten denean oso gauza interesgarriak kontatzen ditu", esan du Agirrek.

"Beraz, nobelak plano diferente horiek ditu eta, alde horretatik bitxia da; ez dut esango originala. Eta hor bukatu izan banu, nire nobela tipikoa izango zen, baina gero hasi nintzen harreman horien kontaketa egiten neskaren ikuspegitik", gaineratu du idazleak.

Eta istorioa garatzeko, sukaldaritza ere tartekatu du: "Irakurri nuen Goldsmith Kasselgo Dokumentan egon zela orain hiru bat urte, eta badakizue hori arte plastikoen olinpiadak bezalakoa dela. Gonbidatu zuten Adria sukaldaria, baina ez zen joan, eta orduan Aduriz eta Arzak joan ziren. Ez zuten kointziditu, baina okurritu zitzaidan egin behar nuela buruz buruko bat tipoaren eta Adurizen artean".

Bestalde, liburuzainak autobus-bidaia antolatzen du ikastaro birtual horretan ari diren lagunentzako. Bilbon Joseba Zulaika dute gidari – "'Vieja luna de Bilbao' liburu ikaragarria iruditzen zait"–, Arantzazura ere badoaz, eta Urbira, eta bukatzen dute Zapiain sagardotegian, Xabi Payak ingelesezko bertsoa kantatzen duelarik. "Azken parte hau lotsagarria iruditzen zait, kronika txar bat bezala, baina idazleok zergatik ezin dugu txapuzaren bat sartu nobelan?. Hain fina izatetik, periodistiko zentzu txarrean izatera pasatzen da nobela, baina seguru nago anaiak esango didala: gehiena, azken zati hori gustatu zaidak!"

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos