Gerratearen ondorio latzak jasan zituen jende xumea

Maixa Zugastik Liburuaren Egunaren atarian aurkeztu du bere bigarren eleberria./IÑIGO SÁNCHEZ
Maixa Zugastik Liburuaren Egunaren atarian aurkeztu du bere bigarren eleberria. / IÑIGO SÁNCHEZ

Irun Hiria saria eman zion 'L.A.A'-ren ondotik, 'Ahotsak eta itzalak' argitaratu du Maixa Zugastik, 18 urtez landu eta ondu duen eleberria

NEREA AZURMENDI

Nork ez du jaso, nork ez du aditu Gerra Zibileko edo haren ondorengo erbestealdiko kontakizunen bat? Maixa Zugastik (Tolosa, 1973) 18 urtez landu eta ondu du 1936ko udaberri-amaiera euritsu batean abiatu eta zenbait hamarkadaz luzatzen den istorioa, eta eleberri bilakatu du azkenean.

Luze jo du 'Ahotsak eta itzalak' izenburuaz Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen lanaren osaketak. Hernaniko ikastetxe batean literatura irakasle den idazleak Donostian egindako aurkezpenean gogoratu zuenez, orain dela 18 urte bururatu zitzaion eleberriaren sorreran dagoen ideia. Argi ikusi zuen zer kontatu nahi zuen, eta 10 urte eskaini zizkion idazketari, idazlearen eta amaren lanak bereiziz. Gauez joan zen alegia eleberria josten, haurrak oheratu eta gero, nahi zuelako «semeek literatura maitatzea, eta ez ikustea ama lapurtzen zien zerbait bezala».

Berrikuspen eta egokitzapenen garaia etorri zen ondoren. Hiru bider moztu zuen, makina bat buelta eman zizkion, eta azkenean, aurkezpenean biziki eskertu zuen Inazio Mujika Iraola eta Iñaki Aldekoa Ereineko editoreeen laguntzarekin, 240 orrialdeko liburura ekarri du orain dela horrenbeste urte piztu zen istorioa.

Argitaratu duen bigarren eleberria izan arren, plazara irteteko asko itxaron duen Maixa Zugastik idatzitako lehen nobela da 'Ahotsak eta itzalak'. Orain dela hilabete batzuk, Irun Hiria saria irabazitako 'L.A.A.' indarkeria matxistari buruzko eleberriari esker izan zuten irakurleek Zugastiren berri. Hala ere, Inazio Mujikak aurkezpenean esandakoaren arabera, «bere lanetan agertzen den heldutasunean, idazketa landuan, antzematen da idaztearen minak jotako emakumea dela, asko irakurritakoa eta zerbait bizitakoa».

«Ez da eleberri historikoa»

Nobelaren oinarrian ez dago familiako historiarik. Egiazko pasarte historikoak ikertu, berreskuratu, edertu eta partekatzeko asmorik ere ez dago. «Nire helburua ez zen eleberri historiko bat idaztea», dio idazleak.

Fikzioa da kontatzen duena, baina izan zitekeen benetako gertakarietan oinarritutako nobela, gerran hildakoak, gerratik iheska alde egin behar izan zutenak eta gerrak betiko zatitu zituen familiak ez baitira gurean fikzioa, iragan oraindik hurbilaren zati baizik. Orduan gertatutakoa behingoz argitzea ezinbestekoa dela uste duten pertsonak ere ugariak da.

Pertsonaiak, pasarteak eta tokiak –Iparraldearekin erraz identifikatzen den Sarzinan gertatzen da akzioaren zati handi eta garrantzitsu bat– fikziozkoak izan arren, dokumentazio lan handia egin du idazleak nobelarako. Besteak beste, Jose Migel Barandiaranek erbesteratutako jendearengandik jasotako testigantzekin osatu zituen 136 txostenak baliatu ditu «gerratearen ondorio latzak jasan zituen jende xumearen istorio bat» osatzeko.

Bederatzi urteko mutiko baten lekukotasuna irakurtzeak bereziki hunkitu omen zuen Zugasti. Liburuko protagonista nagusietako bat ere mutikoa da hasieran: 1936ko udaberri-amaiera euritsu batean aita Antonio eta Arturo anaiarekin batera, ama eta Maria arrebatxoa atzean utzita, erbesterako bidean jarri zuten Luis.

Hutsuneak bete

Aurreneko geldialdia Sarzinako Dapestegui Baitha izeneko egoitza diplomatikoan egingo dute aita-semeek, baina handik ere alde egin beharko dute. Hortik aurrera, gauza asko gertatuko dira; pertsonaia ugari azalduko dira; urteak igaroko dira... 1936tik 1976ra eta 1998ra egingo du jauzi istorioak, aurrera eta atzera, helburu nagusi batekin betiere: gertatutakoa ikertu, iraganeko ahots eta murmurioei arreta eskaini, eta itzalak argitu.

Luisek jarriko du abian oroimenaren makina. Umetan bizitakoak, ume baten begiekin ikusitakoak, helduaren ikuspegitik ikertu eta argitu nahi ditu, eleberri bat idazteko asmoz. Ez du, ordea, berak amaituko lan hori. Egia ere ez du berak aurkituko.

Muga (geografikoa, gerraren eta bakearen artekoa); erbestea eta horren sinbolo bilakatzen den Sarzina (sarzina, hain zuzen, erromatar soldaduek gainean zeramaten poltsa astunaren izena da; zama); heriotza, maitasuna, adiskidetasuna... Horiek dira, egilearen hitzetan, eleberriaren gai nagusiak.

Eta horien inguruan eleberriak egiten du, Inazio Mujika Iraolak aurkezpenean esandakoaren arabera, literaturak egin ohi duena: memoriaren hutsuneak bete. Azken batean, memoria ariketa da 'Ahotsak eta itzalak'. «Gerrate hartatik urrunduz goazen heinean, gertaera haiek bizi izandakoak ere desagertuz doaz, geroz eta urriagoak dira ikertzaileak... Egunen batean, urteurrenen bat tarteko, berriro norbaiti guztia argitzeko sugarra piztuko zaiolako esperantza gorde behar. Batek daki...», dio nobelaren azkenaurreko paragrafoan pertsonaia nagusietako batek, ahanztura arriskuaz oharraraziz.

Memoria historikoaren garrantzia nabarmendu zuen Maixa Zugastik aurkezpenean, egia ezagutzeak «gizarte guztiarentzat eta, batez ere, gazteentzat» duen inportantzia gogoratuz. Iraganean gertatutakoa ez ahazteak orainaldia ulertzeko eta bizitzeko moduan duen eragina ere azpimarratu zuen. «ACNUR-en datuen arabera, gaur egun, munduan, 65,3 milioi pertsonek utzi dute beren herria horrelako arrazoiak direla medio», esan zuen, erbesteratu eta iheslari horiengandik begirada zein erraz apartatzen dugun gogoratuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos