Generoaz eta sexuaz irakatsi digutena hankaz gora jartzen duen liburua

Elkarreko Antxiñe Mendizabal, Ana Isabel Morales eta Jakineko Lorea Agirre, Eskafand /MICHELENA
Elkarreko Antxiñe Mendizabal, Ana Isabel Morales eta Jakineko Lorea Agirre, Eskafand / MICHELENA

Judith Butlerren 'Genero nahasmendua' argitaratu dute Eskafandra bilduma feministan, Ana Isabel Moralesek euskaratua

N. AZURMENDI

«Teoria feministaren suposizio heterosexual bat kritikatzeko» idatzi zuen 1989an Judith Butler (Cleveland, 1956) filosofo eta irakasleak hurrengo urtean argitaratu zen 'Gender Trouble. Feminism and Subversion of Identity' liburua, «mugimenduaren bizitza demokratikoagoa eta integratzaileagoa segurtatzen duen» kritika moldea erabilita betiere. 1999ko bigarren ediziorako idatzi zuen hitzaurrean gogoratu zuen «feminismoak saiatu behar duela generoaren zenbait adierazpen ez idealizatzen, zeren eta horiek, aldi berean, hierarkia eta bazterketa molde berriak sortzen baitituzte».

'Emakume' kategoria esentzial eta fundazionala ukatzeko idatzi zuen liburua, generoaren esanaia «maskulinotasun eta femeninotasun» kontzeptuetara mugatzen dituzten ikuspegiei aurre egiteko. Eta aurreikusten ez zuen oihartzuna izan zuen gehiengoak generoari eta sexuari buruz zituen usteak kolokan jarri zituen lanak. «Ez nekien testuak hainbeste irakurle izango zituenik, ez teoria feministan 'esku-hartze' probokatzaile bat izanen zenik, ez queer teoriaren oinarrizko testutzat hartuko zenik», idatzi zuen aipatu hitzaurrean. Butler hobeto ezagutzeko lagungarria da oso 2012 urtean elearazi.eizie.eus-erako Garazi Arrulak euskaratu zuen testua.

Butlerrek aipatzen duen hori eta gehiago izan da estilo akademiko jasoan idatzia izan arren eremu akademikotik at ere bide luzea egin duen, eta egiten jarraitzen duen, liburua. Oraintxe iritsi da euskarara, aurretik Angela Davis, Virginie Despentes eta Silvia Federici ekarri dituen Eskafandra bilduma feministan, Ana Isabel Moralesek itzulia.

Jakinek eta Elkarrek partekatutako proiektua zuzentzen duen Lorea Agirrek 'Genero nahasmendua. Feminismoa eta identitatearen subertsioa'-ren aurkezpenean azaldu duenez, Eskafandrako taldea dudatan ibili zen «liburu giltzarria» den hau argitaratzeko orduan, ez delako «trenean irakurtzeko liburu erraza», baizik eta «lasai eseri eta irakurri ahala markatzen joateko liburu mardula, konplexua eta sakona».

Azkenean erabaki zuten aurrera jarraitzea, «bizi ditugun garai hauetan itxuraz feminismoa inoiz baino beharrezkoagoa» den honetan, «liburuak eskatzen duen marko teorikoa barneratuta duen belaunaldia badagoelako, eta euskalduna delako». «Zor genien liburu hau», esan du Agirrek, aurrekoak bezala Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzaren eta Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren laguntzaz plazaratu duten lanaz. Ikuspegi askotatik konplexua den liburua itzultzeko egokiena Ana Isabel Morales iruditu zitzaien, eta esan daiteke haren lan eskergak xamurtu egin duela, gaztelaniaz eskuratu daitekeen itzulpenaren aldean, Butlerren lanaren irakurketa.

Itzulpen lanaz mintzatzerakoan, zailtasunak bi mailatakoak izan dituela adierazi du Moralesek. Batetik, Filosofia departamentu batean sortutako filosofia liburua da, gero bestelako bidea egin badu ere ez zuen dibulgaziorako idatzi. Ataletako batean, esate baterako, azken mendeetako hainbat filosoforen lanak aztertzen ditu, haiek erabilitateko kontzeptuak eta terminologia baliatuz. Lehendabiziko zailtasuna, hortaz, teknikoa izan da. Bigarrena Butlerren estiloaren «zailtasun legendarioari» dagokio. «Hizkera berri bat behar zuen proposamen berri bat egin zuelako, eta gainera asko xehatzen du, menpeko esaldi erabiltzen ditu.

Itzultzaileak ulergarritasuna lehenetsi du, eta horretarako bi itzulpen-edo egin ditu: «Egin nuen orpoz orpoko lehen bertsio bat, utzi nuen hilabete hozten eta gero berridatzu egin nuen, irakurgarritasuna hobetsis», gogoratu du.

Liburuaren mamia bete-betean islatzen du definitzen ez den gorputz bat erakusten duen Nagore Legarretaren argazkiak

Liburuaren mamia bete-betean islatzen du definitzen ez den gorputz bat erakusten duen Nagore Legarretaren argazkiak

Ofizioari dagozkion nekeen berri emateaz gain, liburuaren aurkezpen bikaina egin du Ana Isabel Moralesek. Butlerren lanik ezagunena itzultzea «bizitza modu erradikalean» aldatu ziola esan du Moralesek. Liburua bera ere «oso erradikala» dela nabarmendu du, «kolokan jartzen baititu ziurtzat jotzen ditugun gauza asko».

Nagusiki, generoaren eta sexuaren izaera 'naturala'-ri buruz ditugun usteak jartzen ditu kolokan, hori ukatzen baitu. «Esaten du kultura baino ez dagoela, ez garela kultura baino, dena eraikitzen dela eta, horrenbestez, dena deseraiki daitekeela beste zerbait eraikitzeko. Proposamen horrek zorabioa eragiten du, baina oso askatzailea da«, esan du.

Hortaz, «ez dago emakume kategoria unibertsalik, patriarkatu unibertsalik ez dagoen bezala». Zer dago? Antzezpen kultural bat. Eta generoa eta sexua izango balira boterearen eraikuntza soziopolitikoak? Eta ustez naturala den bitasun hori izango balitz horretara egokitzen ez direnak bazterrean uzteko modua? Butlerren ustez, azaldu du Ana Isabel Moralesek, «generoa egin egiten da, ekintza errepikakorren ondorio da, eta sexua ere irekia da alde horretatik. Biak dira performatiboak«. Hortaz, beste ekintza batzuk errepikatuz «desegin ere egin daiteke egindakoa». Uste zabalduenei aurre eginez, «subertsiora deitzen du, gauzak nahastu egin behar direla» aldarrikatzen du Butlerrek.

Izan ere, ezer ez denez sortzezkoa, «orainean esku hartuz aldatu daitekeenez» naturala izango balitz bezala eman zaiguna, badago bitasuna gainditzea eta, horrenbestez, «emakume/gizonezko dikotomia faltsuari barre egin eta bi genero baino gehiago egon daitezkeela onartzea». Eta horrek asko esan nahi du, batez ere, filosofo feminista ez ezik aktibista ere baden Butlerrek beti presente duen ikuspegi etikotik, bazterrean utziak eta zapalduak izan direnentzat, ukatzen duen 'bitasun natural' horretan kabitzen ez direnentzat.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos