"Gazteak harrapatu nahi badituzu, haiek bizi dutena islatu behar duzu"

Jasone Osoro eta 'Josevisky' marrazkilaria, Donostian egin den aurkezpenean,/SARA SANTOS
Jasone Osoro eta 'Josevisky' marrazkilaria, Donostian egin den aurkezpenean, / SARA SANTOS

'Eskularru beltzak' saileko bigarren liburua argitaratu du Jasone Osorok, 'Casting-a', Joseba Larratxe 'Josevisky'-ren ilustrazioak lagun

N. AZURMENDI

Ikasketei edo lanari lotutako testuak alde batera utzita, plazer hutsagatik 15-29 urte bitarteko gazteen %54k irakurtzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori diote Gazteen Euskal Behatokiko Estatistikek. 2016koa datua eta, zehazki, islatzen du baiezkoa eman zutenek inkesta egin aurreko hilabetean ireki zutela libururen bat aisialdian. Ehunekoa zertxobait handiagoa da (%58), 19 urtetik beherakoetan, baina hala ere ez du erakusten irakurzaletasun handirik. Bestalde, irakurtzeak gazteen aisialdian zein toki duen argitzea ezinezkoa da, jarduera zehatz hori ez baita azaltzen eskaintzen zaizkien hamasei aukerek artean.

Hori horrela izanik, argi dago ez dela erraza haur literaturatik irten eta helduei-edo zuzendutakoak sartzear diren horiengana iristea. Jasone Osorok (Elgoibar, 1971) behin baino gehiagotan egin du saioa; lortu ere bai. Jararekin, Ezekielekin eta, orain, 'Eskularru beltzak' bildumako protagonistekin: ringaren alde batean, Beire, Lete eta Kar. Bestean, Baba, Linda eta Beyonce. Bala izeneko txakur bat ere bada tartean. "Bakoitzak bere testuingurua du" dio Jasone Osorok, eta Joseba Larratxe 'Josevisky'-k egindako irudiek erakusten dute izaera eta ezaugarriak ere berariazkoak dituztela gazteok.

Joan den ekainean idazleak eta Elkar etxeak aurkeztu zuten nerabeentzako sailak lau ale izango ditu printzipioz, aurtengo biak eta datorren urtean kaleratuko diren beste bi. Aurrenekoaren izenburua hartu du bildumak baina, lehenengo hark izan ezik, izenburu propioa dute gainerakoek. Bigarren honena 'Casting-a' da, telesail baterako probek jartzen baitiote oraingoan abentura puntua Osorok lau zutaberen gainean eraiki nahi duen bildumari. "Pertsonaiak, emozioa, boxeoa eta abentura" dira zutabe horiek. Ia ezustean bilduma bilakatu ziren Jara eta Ezekielen kasuetan ez bezala, oraingo proiektu hau bilduma izateko sortua da.

Paperean, eta eskuz

'Boxeoan bezala, kolpeak jasotzean zutitzea da bizitza' irakur zitekeen aurkezpenerako prestatutako pankarta moduko batean. Izan liteke, baliteke izatea, Muhammad Ali edo Rocky Balboaren esaldi biribil eta inspiratzaile haietako bat. Jasone Osorok aurreneko liburuaren aurkezpenean erabili zuen, eta bigarren hau aurkezteko prestatutakoan ere azpimarratu du boxeoak duen garrantzia "gai eta metafora" moduan. Protagonisten adinean, hain zuzen, (16-17 urte dituzte, eta hurrengo liburuetan ere adin horri eutsiko diote, ez dira zahartuko), borroka hutsa da bizitza, are gehiago elkar ezin ikusita dabiltzan bi talderen arteko elkarbizitzan baita istorioen ardatz nagusietako bat.

"Badirudi fama modu errazean lortu daitekeela, baina kontatu behar zaie ez dela beti horrela" jasone osoro

Argitaletxearen aurreneko inpresioen arabera, protagonistak baino zertxobait gazteagoak diren DBHko nerabeak dira nagusiki bildumaren irakurleak. "Beraien historia eraikitzen ari diren" nerabe eta gazte horiei Jasone Osorok erakutsi nahi die zein atsegina, ederra eta pentsamenduak bideratzeko egokia den "mundu digitalaren aurrean paperean eta eskuz idaztea". Horrelaxe hasten da hain zuzen liburua, "pertsonaia izatetik pertsona izatera" igaro eta ordenagailuan eseri orduko idazleari hizketan hasi zitzaion Beire amorrua paperean, eskuz, isurtzen ari dela.

Seikoteko kideek eta haien lagunek badituzte momentu 'analogikoak', baina mundu digitalean bizi dira. Argazki bat instagramera igotzea edo ez igotzea hil edo biziko kontua izan daiteke; watxapik gabe ezin bizi, emotikonorik gabe ere ez... Hala ere, idazteko bere garaiko erreferentziak "Grease, Fama, West Side Story..." baliatu dituen Osororen ustez, "gauzak ez dira horrenbeste aldatu", eta istorioak oso antzekoak dira belaunaldi batetik bestera. Bere liburuetara eraman duen belaunaldi jakin honek, teknologiarekiko harremanaz gain, badu ordea zerbait berezia: famarekiko lilura. "Badirudi modu errazean lortu daitekeela, baina kontatu behar zaie ez dela beti horrela", esan du Osorok aurkezpenean. Hori guztia bideratzen du, besteak beste, bi kuadrillen arteko harreman liskartsuaren, casting-aren inguruko komerien, boxeo-borrokaldi baten eta "amaiera aldera dagoen tragediatxo" baten bidez.

Badira uste dutenak gaurko nerabe eta gazteak murgilduta dauden mundu birtuala liburuaren eta literaturaren etsai dela. Jasone Osorok, aldiz, beste askok egin bezala, mundu horretantxe murgildu da gazteengana iristeko: "Bizi dutena kontatu behar zaie. Gazteak harrapatu nahi badituzu, bizi dutena islatu behar duzu", adierazi du.

Joseba Larratxe ‘Josevisky’- ren (Irun, 1985) ilustrazioek ere jartzen diote puntu berezia liburuari. Ugariak dira, orrialde osokoak, bikoak ere bai kasuren batean. Azal eta kontrazalekoak izan ezik, zuri-beltzean eginak, eskuz, "protagonistak teknologietatik zintzilik" bizi badira ere tintara itzuli baita marrazkilaria.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos