San Frantziskotik Basaurira eraman du Arretxek istorio beltz berria

Momentuz, ez dirudi liburu hau bilduma berri baten abiapuntua denik./F.I.
Momentuz, ez dirudi liburu hau bilduma berri baten abiapuntua denik. / F.I.

Toure "aparkatuta", droga trafikatzaile bat, udaltzain ustel bat eta kartzelatik atera berria den gizajo bat dira 'Arrutiren banda' liburuko protagonistetako batzuk

FELIX IBARGUTXI

Ustegabeko txiribuelta egin digu Jon Arretxek . Urte asko zeraman Toure protagonistadun istorioak idazten, batzuk Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuak, besteak Afrikan bertan, eta orain 'aparkatu' egin du lan-ildo hori eta 'Arrutiren banda' publikatu, Erein argitaletxearen eskutik (159 orrialde, 15 euro). Hala ere, ez da erabateko aldaketa, liburu berria ere genero beltzekoa baita. Lau laguneko gaizkile taldea da Arrutiren banda hori, eta Arruti bera Hego Uribeko droga trafikatzailerik handienetakoa da

Submundu transgresore bateko jendeak osatzen du Arrutiren banda: Urrutxurtu, Delgado eta Ereño, Arruti beraz gain. Laurak Basauriko institutuan elkarrekin ikasitakoak, Arrutiren itzalean ibilitakoak aspalditik, "gaztetan, jolas moduan elkar ostiatzen jardundakoak", Arretxek atzoko aurkezpenean esan zuenez.

"Ereño gizajo hutsa da, beti bera harrapatzen du Poliziak, eta orain ere kartzelatik atera berria da. Urrutxurtuk, berriz, udaltzain bukatu du, oso udaltzain ustela, jakina.Saiatu zen guardia zibilerako ikasten, baina ez zuten onartu", jarraitu zuen idazleak.

Panorama osatzen dute neska mulata dominikar batek –Karibera bueltatu nahi duena– eta eskultore intrigazale batek, arrazoi ezberdinengatik bandakoen xede bihurtu direnak nahita edo nahi gabe. Eskultorea Lizaso dugu, pisu handia du istorioan eta azkenean gaizkileek egurtu egiten dute.

"Bada egiazko eskultore bat, Jesus Lizaso izena duena, Basaurikoa eta txikitako nire laguna. Obra publikoa dauka Basaurin bertan eta Loiuko aireportutik gertu. Abisatu nion, eta esan zidan ilusioa egiten ziola. Bidali berri diot liburua, irakurri du eta orain badaki liburuko Lizaso horrek egurra jasotzen duela", jarraitu zuen idazleak.

Laukote horrek aspaldiko altxor bat berreskuratu nahi du; alegia, badakite Basauri ondoko urmael edo aintzira batean dagoela ezkutatuta aspaldiko lapurreta bateko fruitua: bitxi batzuk. Horregatik liburuaren azalean ageri den perlazko lepokoa.

"Azpijokoz, intrigaz, gezurrez betetako trama honetan, ezer ez da ematen duena", adierazi zuen Arretxek atzoko aurkezpenean. Zinema giroko sekuentziazioa erabili du, erritmo lasterrean garatzen da haria.

"Nire egia da, eta maite dut"

"Jendeak esaten du munduko herririk itsusiena dela Basauri, baina nire herria da eta maite dut". Badira ia 30 urte Jonek gurasoen herria utzi zuela, lehenbizi Gasteizen bizi izan zelarik –Heziketa Fisikoan lizentziatu zen– eta gero Arbizun. Hamahiru urte dira Nafarroako herri horretara aldatu zela. "Amak esaten dit bera txikia zenean behiak paseatzen zirela Basauriko erdigunean. Gero badakigu zer gertatu zen: jende uholdeak etorri ziren, etxe asko eraiki ziren modu kaotikoan...". Han dago kartzela ere, "eta aprobetxatu egin dut nire istorio honetarako".

Basauriko festa alternatiboak ere ageri dira liburuan. "Festak, berez, sanfaustoak dira, urrian. 1983an San Faustin izeneko lagun taldea sortu zen, goizeko 3retan sanferminetako entzierroaren parodia antolatzen duena. Pasa den urtean Georgie Dann agertu zen sanfaustoetara eta esan nuen: nik idatzi egin behar zer edo zer honetaz".

Galdetu zaionean bilduma baten hasiera ote den 'Arrutiren banda', azkar erantzun du: "Ez, obra soltea da hau". Orain, hurrengo lana, Toure ikertzailearen ingurukoa izango da, seguru asko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos